'Asier ETA biok' = eskuzabaltasuna, ausardia, adiskidetzea, bakea

2014ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Joan den ostegunean, plazer ezinago handia izan nuen Asier ETA biok dokumentalaren Iruñeko estreinaldira joanda, pribilegio handia izan baita Aitor eta Amaia Merino zuzendariek berek ni berariaz gonbidatzea hara. Izenburuak, euskaraz badakitenentzat, hitz-joko bat darabil, eta hitzaren adiera biak uztartuta: eta lokailua, eta ETA sigla, herrialde honetan —jar beza edonork nahi duena— min handia eragin duen erakunde horrena.

Aitortzen dut errezelo apur batekin joan nintzela, «besteren jokalekuan» bainenbilen, politikan izan dudan eskarmentu luzeak erakutsia badit ere sekula ez dagoela oso ondo jakiterik zein den norberaren «jokalekua». Inguruan neukan jendea, gehientsuena behintzat, nireaz bestaldeko lubakian ibilia zen borrokan, baina orain errespetua ageri zion elkarri, are estimua, halako abaguneetan behintzat gauza baikara elkarrekin hitz egiteko eta elkar ulertzeko.

Aukera izan nuen neurez ezagutzeko Aitor Merino, sarreran adeitsuki etorri baitzitzaidan agurtzera, eta gaztetasun fresko, bizi, ausart, solidario eta borrokalaria sumatu nuen harengan, aktore handia ez ezik zuzendari ere bai baita orain, eta areago oraindik: pertsona aparta, apur bat ahalkea, zinez balio dutenak izan ohi diren bezalakoa.

Dokumentalean, hasieran, beltza gailendu zen, iluna, baina irudipena izan nuen aurrera egin ahala kolorez betez zihoala, are usain freskagarriz, esaterako, pagadi batean Asier aitari harri bat zizelkatzen ari zaioneko eszena horretan. Aita-harria-pagoa, sinbolismorik gorena. Irudipena izan nuen hasierako irudietatik azkenekoetaraino ezarian-ezarian helaraziz zihoala gizarteak berak zer aldaketa izan duen indarkeriaren inguruan. Indarkeria horrexek inbaditu izan baititu 40 urte hauetan hainbat harreman pertsonal, adiskidetasunezko eta are amodio istorio, hasieran samin, amorru eta gorroto zena ilusio, elkarrizketa eta topaleku bihurtzeraino eskolako patio horren barrenean lausoki bakea sumatzen dutenen artean.

Baina ez da hori tentuz eta are mimoz egina den dokumental horren meriturik handiena, baizik eta ezeinen alde jarri gabe erakustea bi errealitate kontrajarriak. Modu objektiboan erakutsi ere hainbeste subjektibotasunen artean, modu justuan hainbesteko injustizia absurdoren artean, bare hainbeste asalduraren aldean, zentzuz lubaki bietan oraindik gailen den eromen alderdikoiaz zeharo bestela. Ispilatzen du, bai, bi lagunen alde gizatiarra, elkar maite duten, elkarrekin bat ez datozen, elkarri kontrajartzen zaizkion baina elkarri errespetua ere badiotenena, hemen hain zaila den errespetu horrek zipriztintzeraino plano bakoitza, eszena bakoitza. Baina ez du saihesten auzigaia, euskal gatazka deritzona, indarkeria erabiltzea —are muturrekoa—, indarkeria helburu politikoetarako erabiltzearen inguruko eztabaida, protagonistetako baten arrazoibideak —erradikalak izan edo ez izan—, kontrajarriak bestearenarekin, Aitorrenarekin, zeina halakorik erabiltzearen kontrakoa baita Madrilgo kultura, bizipenaren eraginpean.

Eta ez du saihesten, hain zuzen ere, gatazkaren inguruko ikuspegi berea ematea, iritzi benetakoa, ez eta galderak ere, batzuk erantzunik gabekoak, adiskide bihotzekoak egiten dizkionak, eta hura mugarik gabe maitatzearen eta harekin inondik inora bat ez etortzearen kontraesanak.

Dokumental, pelikula ausart bat da, benetakoa, zintzoa, eskuzabala, ikusi eta eztabaidatu beharrekoa, 70eko hamarkadan egiten genituen zineforum haietakoen tankerakoa; are, nahitaez ikusi beharrekoa eta eztabaidatzekoa izan beharko luke estatuko ikasgela guztietan, horixe baita Aitorren Madrilgo bizipenak dakartzan gakoetako bat, ezjakintasun erabatekoa, urruntasun metafisikoa dutela hangoek hemen gertatzen denaz.

Harekin identifikatua sentitu nintzen, samurtasun eta ulermen betez identifikatua, nik, hark ez bezala, Madrilen jaioa izaki, han egin bainuen haurtzaroa eta gaztaroa, eta hemen, gatazkaren erdian, helduaroa eta zahartzaroa. Adiskideak, sentsazioak, sentimenduak alde banatan. Identifikatua sentitu nintzen haren «zubi» jarrerarekin ere ur zurrunbilotsuko ibai horretan. Jarrera korapilatsu eta zaila da, gatazka horretan gehiegi baitira ertzak, gehiegi ezin ulertuak, tentsioak, gehiegizkoa baita inkomunikazioa eta «bestearekiko» ezjakintasuna, gehiegizkoa indarkeria, eta gutxiegi elkarrizketa, elkar ulertzea.

Beharbada, osagairik krudelena izan da protagonistetako bat, Asier Aranguren, atxilotu egin dutela ETAren munduaren kontrako azken operazio, berriro ere, dorpean. Mundu horretan, burugabe askoren ustez, dena sartzen baita, eta hori ezin hobeto adierazia dago Polizia Asierren etxean sartzen deneko eszenaren antzezpenean; ni neu ere kolaboratzaile izateaz akusatu izan naute jendaurrean, sozialismo espainolarekiko nire jarreragatik. Horregatik, lekukotasun ikaragarri horrek eragozpen asko izango ditu, modu injustuan, estatuko gainerako tokietan ikusi ahal izateko. Ez dakit egitate horren noranzkoa aldaraz dezakeen inork irakurriko dituen lerro hauek, baina, irakurriz gero, egin dezala hori galarazteko zerbait, ezinago didaktikoa baita dokumentala, eta sekulako ekarpena BAKEARENTZAT, letra larriz.

Askorako ematen du Amaia (ez daukat ahazteko) eta Aitor Merinoren dokumentalak, askotariko sentimenduetarako, askotariko sentsazioetarako, askotariko gogoetetarako; merezi du ikustea, eta biziki gomendatzen dizuet, nahiz eta digeritzeko zaila den gai bait jorratzen duen.

Iruditu zitzaidan gutxixeago bakartua zegoela bakearen aldeko borroka, batzuetan, antzu hau. Pilak berriz kargatu nituen, indarrak berritu nituen oraindik ibilkizun dugun bide zati luze eta bihurgunetsurako. Eskerrik asko, Amaia eta Aitor, eskerrik asko beste aldetik.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.