EH Baiko diputatua Parisen

Asanbleako hari mehearen gainean

2025eko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Zazpi hilabete dira ene diputatu bizitza Euskal Herriaren eta Parisen artean iragaten dudala. Frantses parlamentuko saioak, herrirako itzulerak, aitzinamendu konkretuak lortzeko itxaropena eta blokeaturiko Asanblea baten errealitatea uztartu ditut zazpi hilabetez. Denbora hori daramagu ezohiko egoera bati aurre egiten: hauteskunde emaitzen ukapenean tematzen den presidente bat eta gehiengorik eza. Haatik, mahukak bildu eta arduraz, gure ahaleginak biderkatu ditugu gero hobe baterantz aitzinatzeko. 

Dugun ardurak egoeraren konplexutasuna onartzera behartzen gaitu: ez dago irtenbide errazik. Sen onari jarraikiz, egungo konfigurazioan, gure programa nahi genukeen bezala aplikatzerik ez dugula onartu behar dugu. Adostasunak bilatzera beharturik gaude, gureari uko egin gabe, gure lurraldearentzako aitzinamendu zehatzak lortzeko helburuarekin. Era berean, larrialdi sozial eta klimatikoak engaiamendu sendoak atxikitzera behartzen gaitu, ez ikuspegi ideologikoagatik, behar bitalengatik baizik. Hortxe dago Mixel Berhokoirigoinek jadanik aipatzen zuen hari mehea, zeina zentsura mozioen bozketen garaian agerian gelditzen den. 

Lehenik, Barnierren aurrekontuaren sekuentziarekin. Eztabaida bizien eta ezkerraren mobilizazio irmoaren ondotik, aitzinamenduak erdietsi genituen: zerbitzu publikoendako baliabide gehiago, higiezinen espekulazioaren aurkako neurriak eta zenbait injustizia fiskalen deuseztapena. Baina hori guztia ezabatu da 49-3 artikuluaren bidez inposaturiko azken testuan, zeinarekin Batasun Nazionalarekin aliatu eta eskuin muturraren bahitua bilakatzea hautatu duen gobernuak. Hortaz, konbentzimenduz eman nuen gobernua erorarazi zuen zentsura mozioaren aldeko boza abenduaren 4an. Ondorio handiko erabakia izan zen, baina beharrezkoa zena injustizia errefusatu eta gure oinarrizko balioak defendatzeko.

Ondotik, lehen ministro gisa izendatu eta, François Bayrouren politika orokorreko diskurtsoak ez zuen norabide aldaketa baten neholako arrastorik utzi, eta ezkerreko alderdiak ez dira errespetuz tratatuak izan. Urtarrilaren 16ko zentsura mozioa abisu bat zen: indarraren bidez ez, ekintzekin konbentzitzea dagokio gobernuari. 49-3aren bidez inposaturiko aurrekontuak ez die erronka sozial eta klimatikoei erantzuten eta gehienendako austeritatearen logika lehenesten du, aberatsenen ahalegin fiskalaren ekarpenari uko egiten dion bitartean. Gaur egun, ez dago elkartasuna sakrifikatzerik. 

Azkenik, Gizarte Segurantzaren aurrekontuari dagokionez (PLFSS), ezkerraren ekimenez erdietsitako hainbat lorpen kontuan hartuz, ez dut haren lehen zatia zentsuratu. Aldiz, tentsiopean dagoen osasun sistemari funtsezko baliabideak ukatu eta defizitetan sakontzen duen testuaren bigarren zatia zentsuratu dut.

Lerro hauek idazten ari naizen momentuan, gobernuak 49-3aren bidez onarrarazi nahi duen testuaren hirugarren zatia ez dugu oraino eskuratu. Zentsura mozioaren bozkaren aitzineko 48 orenetan, ene erabakia finkatu ahal izateko, aipaturiko testua kolektiboki eta zorroztasunez aztertuko dugu. Lan nekeza bezain beharrezkoa izan da PLFSSaren zati bakoitzari buruzko iritzia ematea.

Jakin badakigu: ziurgabetasunak ziurgabetasun, kolektiboki egiazko aitzinamenduak egiteko, indar harremanaren arabera egokitzen jakin behar da. Izpiritu horrekin dugu aurrekontuaren inguruko borroka eraman, bereziki kolektibitate, enpresa eta elkarteentzat izanen diren zailtasun eta ondorioen jakitun, baina ezinbesteko politika eta egiturendako beharrezko baliabideak eskuratzeko determinazioarekin. 

Karrika itsu batean barneratzen ari da Frantziako V. Errepublika: lokazturiko Asanblea, legegileen bozken emaitzak kontuan hartzen ez dituen exekutiboa eta Euskal Herriaren gisako lurraldeak emantzipatzea oztopatzen duen neurriz gaineko zentralismoa. Testuak inposatzeko tresna sistematikoa bilakatu da 49-3a; hala, ñabardura oro desagertu da eta eztabaida konplexuak hautu binario batera murrizturik daude: zentsuraren alde boza eman ala ez.

Konfigurazio politikoa edozein izanik ere, aitzina goaz. Horren erakusgarri da, muga alderdikoien gainetik, Euskal Herriko laborantza lurrak babesteko gure lege proposamena Asanblean eztabaidatuko dela heldu den hilabetean. 

Garai hits hauetan gure balioak lausotu ditzagun nahi lukete batzuek, baina historiak erakutsi digu, hain zuzen ere, halako momentuetan direla borrokarik funtsezkoenak trenkatzen. Antonio Gramscik idatzi zuen gisan: «Mundu zaharra hiltzen ari da, berria ez da jaio, eta argi-ilun honetan, munstroak sortzen dira». Ziurgabetasunaren aitzinean, goiari eutsi behar diogu, inozokeriarik eta etsipenik gabe, gure urrats bakoitzak biharko mundu hobea eraikitzen duen konbentzimenduarekin. 

Horri begira, otsailaren 15ean, larunbatarekin, bilkura ireki bat eginen dugu 09:30ean, Donibane Lohizuneko pilota plazan. Bertan, lurraldeko eta Asanbleako gaiak aztertuko eta eztabaidatuko ditugu bertaratuko direnekin.

Hemen bai, badakigu Euskal Herrian bestelako bide bat posible dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.