Ikastolako ikaslea nintzen 2000ko hamarkadan, eta lizeoan, askok ideia politikoak argiak zituzten eta nire ikaskide anitz talde ideologikoetan inplikatuak ziren. Ni ez. Inoiz ez. Alta, ikuspuntu bat banuen, baina ez nintzen ausartzen. Banekien jendarte gaiak ez nituela menperatzen, eta ez nuen, beti bezala, besteekiko zozo batentzat pasa nahi. Orduan, pentsatzen nuen hobe nuela isilik egotea Karl Marx irakurri arte.
2024an gara eta Karl Marx irakurri dut. Aitortu behar dut ez dudala dena ulertu. Hala ere, nire gogoeta partekatzeko garaia etorri da. Zergatik? Beldur dudalako. Gauean lokartzeko oztopatzen nauen sentsazio samin eta maltzur horren kontra joateko animatzen naiz.
Nire amak eta aitak kalte asko zituztela argi dut baina ikuspegi argia zuten jende antolakuntzari buruz: opresioen totalitarismoaren aurka ziren eta haien eskubideak babesteko edo eskuratzeko oldartzeko eta borrokatzeko prest ziren.
Amamak, haren amak, aitak, nebak eta ahizpek frankismoa eta haren eraginak pairatu zituzten: deportazioak, espetxeak, ihesak, heriotza, desagertzeak, gosea, izua, amorrua… Nire aitaren familiak milaka aldiz kontatu dit nola xanpaina ireki zuten Franco hil ondotik bizi aske baten esperantzarekin.
Txikitan, amak maiz esplikatzen zidan Le Pen aita arrazista zela zehaztuz hori onartezina zela. Hura eta beste faxistak gorrotatzen irakatsi zidaten nire burasoek. Beraz, urte hasieran Errepublikaren deabrua hil zelarik, aitaren familiak egin zuen bezala, nire garagardoa ireki nuen lur gainean arrazista bat gutxiago ospatzeko.
Alta, errealitatea ikusten dut. Ohartzen naiz nire jarrera, garaian epela bezala ikusten zena, gaur erradikala kontsideratua dela. Nahiz eta ez zaidan iruditzen anitz aldatu denik. Horri pentsatuz, beldurra berriz heldu zait.
Gaur, adierazten dugularik Palestinan genozidio bat dagoela edo gure lurra erretzen ari dela, estremista batzuentzat pasatzen gara. Subertsiboak gara.
Nola nire nerabezaroan arrunta bezala kontsideratua zen diskurtso bat orain estremista bezala identifikatua ote da? Suposatzen dut askok Overtonen leihoaren kontzeptua ezagutzen dutela: garai zehatz batean jendarteak onargarriak bezala estimatzen dituen diskurtsoak dira. Baina leiho hori mugitzen ahal da testuinguruen arabera. Horrek erran nahi du momentu batean pentsaezinak ziren ikuspuntu batzuk pixkanaka onargarriak bilakatzen direla, ondotik popularrak bilakatzeko.
Nork pentsatuko zukeen duela hamar urte komunikabide nagusiek Elon Musken agur nazia ez zutela kondenatuko eta jendartea ez zela oldartuko? Nork pentsatuko zukeen faxistek antifaxistei erasotzen dietelarik politikariek ez zutela jarrera kondenatuko eta iritzi publikoa ez zela asaldatuko?
Hamar urtez, frantses lurraldean, miliardun kontserbadoreek komunikabide pribatu nagusiak erosi dituzte beren balioak inposatzeko eta zabaltzeko, Overtonen leihoa pixkanaka eskuinera mugiaraziz. Desinformazioa eta berri faltsuak erabiltzen dituzte mesfidantza, paranoia sustatzeko eta ez dezagun manera arrazionalean gogoetatu. Hedabide nagusietan eskuin muturraren diskurtsoak zabaltzen dira adierazpen askatasunaren aitzakiarekin. Le Pen alaba humanizatzen dute. Ondorioz, gaizkia normalizatuz, desmartxak helburu argia badu: neutralitate faltsuaren aitzakiarekin, estremismoa arrunt bilakarazten dute. Beldurtzen nau.
Baina gehienik beldurtzen nauena gure inertzia da. Ohartzen naiz nire inguruko pertsonekin bi hitzez sare sozialetan ikusi dugun azken injustizia aipatzen dugula besterik egin gabe. Oldartzeko eta asaldatzeko etsituegiak ote gara? Gizabanakoa ukitua ez deno ez ote gara xutituko? Besteen arazoa gelditzen den bitartean, ez ote ditugu begiak irekiko?
Jakin nahiko nuke zer erranen dugun gure alabei ezingo dutelarik gehiago kontrazepziorik ukan eta abortatu. Jakin nahiko nuke zer erranen dugun gure burasoei ezingo diegularik bizi bukaera duin bat eskaini. Jakin nahiko nuke zer erranen dugun gure lagunei haien jatorrizko lurraldera masiboki botako dituztelarik. Jakin nahiko nuke zer erranen dugun gure senideei ezingo direlarik gehiago sendatu. Hori guztia jadanik gertatzen ari da. Zer erranen diegu orokortua izango delarik? Ez dugula ezer ikusi etortzen eta ez genekiela? Edo gu ere pixkanaka-pixkanaka geroz eta faxistago bilakatu garela?
Ez dugu horrelako gidoirik irudikatzekorik. Indarrak batzeko, izuaren kontra eskubide kolektiboak aldarrikatzeko, batzeko eta borrokatzeko garaia etorri da. Gure ardura da.
Ezin gara ezaxolatasunaren pozoian behaztopatu, asaldatzearen pindarra piztu behar dugu sute handi bat sortzeko. Irakurtzeko, gogoetatzeko, entzuteko, antolatzeko, mobilizatzeko garaia etorri dela uste dut.
Nire burasoak, beharrik, ez dira gehiago hor sistema sutan eta xahutua ikusteko. Baina nik, behintzat, ez diet esplikatu nahiko etorriko diren helduei gure inertziarengatik, asaldatu ordez, planeta usteldu bat eskaini diegula.
Einsteinek zioen mundua ez dela gaizkia egiten duenengatik suntsitzen, baina ezer egiten ez dutenengatik.