Artur Mas

2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Artur Mas 2008an ezagutu nuen. Euskal Herria utzi, Kataluniara etorri eta hilabete gutxira. Ordurako, FundaciĆ³ Ramon Trias Fargaseko ikerketa arduraduna nintzen, eta berak sortutako Casa Gran del Catalanisme ideia azaltzera etorri zen fundaziora. Harremana noizbehinkakoa zen garai hartan, baita gero hauteskundeak irabazi eta President hautatu zutenean ere. 2015ean, hauteskundeen ondorioz, CUPen esku geratzearen ondorioz, kargua utzi zuenean hasi zen gure arteko elkarlan estuagoa. Ordutik, denbora pixka bat pasatu da, eta apur bat ezagutzeko parada izan dut.

Mas Katalunian gertatutakoaren isla baino ez da. Pujolismotik independentziarako ibilbidea egin duen pertsona bat da Mas. Hainbat eta hainbat kataluniar bezalaxe. Pujolismoak ituna eta aurrerabidea zituen ardatz. Itunaren bidez, Espainiak eta Kataluniak aurrerabidea bermatzen zuten, batarena zein bestearena. Baten hobekuntza bestearenak zekarren halabeharrez. Horregatik, pujolismoak ez zuen arazorik Espainiako edozein gobernurekin kolaboratzeko, baldin eta horrek Espainiaren eta, zeharka, Kataluniaren onura bazekarren. 2001ean Jordi Pujolek bere ordezko izendatu zuen, eta 2003ko hauteskundeak galdu zituen, Pasqual Maragallen PSCk bozka gehiago lortu zituenean CiUk baino. Pujolen ordezko izateak zuen zailtasuna gainditu eta inkestek aurreratzen zioten emaitza eskasa gaindituta, eserleku gehien lortzen zituen alderdia CiU izatea lortu zuen Masek. Halere, gobernua galdu egin zuen, eta ez ziren gutxi (Duran i Lleida bereziki) izan Masen erretiroa jada eskatzen zutenak.

Estatutuaren prozesuak dena aldatu zuen. 2006ko urtarrilaren 21ean Rodriguez Zapaterok eta Artur Masek estatutaren azken edukia (ustez azkena izango zena, alajaina!) hitzartu zuten. Oposizioko kidea izanik, pujolismoari ohore egin, eta berriz, itun politikoa lortzen zuen Kataluniaren nazio aldarrikapenak neurri batean leunduz. Lidergo politikoa berak egikaritu bazuen ere, urte berean egindako hauteskundeen emaitzek hirukoari eman zioten berriz ere Generalitatea. Montilla sozialistak, ordea, kudeaketa zaila izan zuen, ERCrekin banaketa politikoa izateaz gain, eta Madrileko PSOErekin interlokuzioa erabat higaturik, ezin izan baitzion aurre egin krisi ekonomikoari. Hirukoaren porrotak eta PSCren galerak bidea libre utzi zioten Masi hurrengo hauteskundeak, 2010ekoak, erraz irabazteko.

Mas pujolista zen oraindik garai hartan. Bere aldarrikapena, garaipena eman ziona, ez zen independentzia. Ezta gutxiagorik ere. Itun fiskala zen. Euskaldunok gozatzen duzuenaren antzeko sistemaren bat, hain zuzen ere. Itun fiskala izan zen, bada, pujolismoarekin bukatu zuen bigarren elementua. Masek, ordurako Espainiako presidentea zen Rajoyrekin bildu eta gero, ezin zuen konprenitu hainbesteko sostengu sozial eta politikoa zuen aldarrikapenak Madrilen jasotzen zuen ezetz borobila. Berak ez zuen jotzen alderdi baten planteamendua zenik, ezta gobernu batena ere. Adostasun zabaleko oinarrizko herri aldarrikapena zen bere aburuz, eta eztabaidatzeko aukera bera ere ez emateak pujolismoaren azken kutsuak leherrarazi zituen Masengan. Ez zegoen elkarlanerako eta elkar ulermenerako marjenik. Beraz, PP izan bazen bigarren arrazoia, zein izan zen, bada, lehenengoa? PSOE. Masek PSOErekin lotu zuen estatutuaren edukia, bere alderdiko eta Kataluniako sektore abertzaleenen haserrea sortuz. Horretaz gain, Zapaterori Madrileko Kongresuan krisiaren kontrako neurriak aplikatzeko neurriei sostengua eman zion alderdi bakarra izan zen CiU. Katalunian oposizioan egonda, bi erabaki hauek ez ziren boto andana lortzeko estrategia onena. Aitzitik, politikan askotan erantzukizunak ez du saririk bermatzen. Ordainean, PSOEk ere, estatut-a errotik aldatu zuen, eta PPren estrategia antikatalanaren kide mutua izan zen. PSOEk erabaki harekin ez zuen CiU galtzen soilik, pujolismoaren amaieraren lehenengo urratsa egin zuen. PSOE eta PP ez baitira bi alderdi politiko bakarrik. Estatuaren oinarri asko dira, ekonomikoak eta judizialak barne. Eta bi alderdi horien partetik egiaztaturiko erantzunak argi utzi zion Masi Espainiaren markoan, bi alderdi horien markoan, Kataluniak ez duela inoiz erosotasun politiko zein sozialik lortuko. Masek, horregatik, beti dio bera ez zela independentista, independentista bihurtuarazi zutela.

Konbentzimendu politiko pertsonal hori bere alderdira, eta Kataluniako hainbat sektoretara eraman zuen. Argudiatuz, paktismoaren ezintasuna ekintza bidez frogatuz. Masek ez zuen bakarrik CDC independentziara eraman, baina aldaketa prozesu sakon horri ezinbesteko laguntza eman zion bere prestigioa eta lidergoa erabilita. Zalantzan egon zitezkeen hainbat eta hainbatentzat Masen erabakiek logika bat zuten, ulergarria eta zentzuzkoa, eta, beraz, ordura arte askorentzat kontenpla ezina zen independentziaren aukera bide arrazional eta egingarria bihurtu zuen Masek.

Jakina da 2015eko hauteskundeek gobernabilitatearen giltza CUPi eman ziotela. Horren ondorioz, Masek kargua utzi eta Puigdemont president izan zen izendatua. Gauden egoeran egonda, erraza da orain lehenaldiko akatsak ikustea, baina Kataluniaren historia desberdina izango zen, nire ustez, Artur Mas gobernuaren lidergoan mantendu izan balitz. Urriak 1eko erreferendumaren ondoren, berak independentzia deklaratu, eta deklarazio hori onartu edo ukatuko zuten hauteskundeak deitzea zen bere iritzia. Urratsak bestelakoak izan ziren, eta ondorioak, denak dakizkizue. Egunero jasotzen ditu hedabideak eta bisitak. Nazioartekoak gehienak. Aurrerantzean izango duen zeresan politikoa idazteke dago oraindik, baina epe motzean jopuntuan jarri duen estatu baten indarrari aurre egin behar dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.