Haizea Barcenilla
EHUko irakaslea

Artea eta natura

2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren gobernu berriak ez du denborarik galdu argi uzteko: Urdaibain Guggenheim museoa eraikiko da. Berdin dio herritarrek zer uste duten, ez du garrantzirik haien artean ezinegona handia bada; erabakia hartua dago eta zuzen esan digute.

Hori adierazteko modua aipagarria izan da. Lehendakariorde berriak, Kultura kontseilari ere baden horrek, azaldu du Busturialdearen oinarriak bi zirela lehen, industria eta natura; eta orain beste paradigma batera pasatu nahi dutela, artea eta naturarena.

Esaldi gisa polit geratzen da, baina zentzuari kasu eginez gero, kontraesan, absentzia eta zehaztasun falta nabari dira. Alegia, industria eta natura zirenean hitz gakoak, biek markatzen zuten zonaren identitatea, baina funtzio desberdinekin. Industria sostengu ekonomikoa zen, herritarren kopuru handiari jana eta etxea ordaintzen ziena. Natura, aldiz, zaindu beharreko zerbait zen, udatiar batzuk erakar zitzakeena, eta horrekin diru iturri txiki batzuk; baina, batez ere, bertakoen identitatea eta ongizatea bermatzea zen bere ezaugarri nagusia.

Orain, arteak industriari lekua hartuko omen dion bikote berrian, hitz bakoitzaren funtzioa ez da hain argi geratzen. Arteak ba al du zona oso bat bultzatzeko ahalmen ekonomikoa? Museo baten forman, argi dago ezetz. Lanpostu batzuk sortuko ditu, baina ez Busturialdearen ekonomia aldatzeko modukoak. Ekarpen ekonomikoa ez al da beste elementu baten eskutik iritsiko, turismotik alegia?

Industria arteak ordezkatuko duela esan beharrean, turismoa da ahoskatu beharko zuten hitza. Eta agian gogorarazi beharko genuke maitekor gisa aurkeztutako bikote horien arteko harremana maiz izan dela gatazkatsua. Natura izan ohi da tirabiran galtzaile atera dena. Ezin dugu ahaztu industriak ekarritako kontaminazioa (Muruetako ontziolako zorua deskontaminatzeko daude oraindik); baina, ezer ikasi izan ez bagenu bezala, ez dira aipatu ere egiten turismoak oreka ekologikoari egin diezazkiokeen kalteak.

Beraz, hitz egin dezagun garbi. Artea eta natura bikote eder horren atzean turismo proiektu ez hain ederra ezkutatzen da. Beste bikote bat aproposagoa litzateke plan hori deskribatzeko: ostalaritza eta etxebizitzaren espekulazioa. Ostalaritza, bera delako turismoaren munduan jaun eta jabe (Donostiako edo Bilboko Alde Zaharrak adibide); erabat normalizatu da lehengaien denda bat ixtea prezio puztuak dituen pintxo taberna bat irekitzeko, edo okerrago, Starbucks bat. Aldi berean, zenbakiek diote gero eta jende gutxiagok egin nahi duela lan ostalaritzan, ordutegi txar eta ordainsari baxuen ondorioz. Hori da Busturialdeak espero dezakeen etorkizunerako plan ekonomiko zoragarria?

Eta turismoak etxebizitzaren espekulazioarekin duen loturaz zer esan: etxeen jabeek onura handiagoa ateratzen dute sasoian pisuak prezio handitan alokatuz urte osoan familia, zahar edo gazte bati prezio jasangarrian utziz baino (ikusi al dituzue Balear eta Kanariar uharteetako azken manifak? Eta Malagakoak, Guggenheim efektuaren kopiarik «arrakastatsuena» kontsideratu dena? Atera kontuak, Gernika). Bestalde, turismoarentzat ostatu gutxi duen zona batean, eskariari aurre egiteko bi aukera daude soilik: eraikitzea edo Airbnb motako alokairuei askatasun osoa ematea. Penintsula iparraldeko espekulatzaileak oso aktibo dauden unean iristen da proiektua, gainera: aldaketa klimatikoak areagotutako beroak madrildarrak iparraldera bideratu ditu. Asturiasen jada ari dira ondorioak ikusten, eta bertakoentzat ez dira bereziki pozgarriak izaten ari.

Jaurlaritza berriak Busturialdearentzat duen planik onena museo pribatu baten eraikuntzan diru publiko ikaragarria uztea bada, horrekin espekulazioa eta ostalaritza sustatzeko, esan dezatela behintzat argi, eta utz diezaiotela artea eta natura hitz ederren atzean ezkutatzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.