Arruntari oda

Idoia Rodriguez Mondragon
2025eko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

Halaxe erran zidan behin nire amak karrikan gurutzatu genuen emazte ezezagun bati buruz: «Begira ezazu neska hori! Zein arrunta den bere ezpainetako gorriarekin eta begi tindatuekin! Gainera ikusi ote duzu gona laburregia duela? Bere ileen kolorea ez da naturala eta azkazalak askoz luzeegiak ditu!». Amak hori adierazi zuen edo beharbada lagun batek? Edo mutil lagunak? Lankide batek? Ez naiz oroitzen. 

Badirudi humanitatea bitan zatitzen dela: alde batetik, eleganteak diren pertsonak eta bestalde… besteak, pertsona arruntak, ohikoak, xeheak.

Zintzoki, ez dakit jendartearen ikuspegi honen arabera neure burua non kokatu behar dudan. Kolegio eta lizeoko ikaskideen oharrak kontuan hartzen baldin baditut, nerabezaro garaian, nire janzkera ez zen norman sartzen. Berantago, arte ikasketak egin nituen eta itxurari lotutako aginduetatik askatzeko aukera ukan nuen. Gaur, batzuek nire jantziak maite dituzte, besteek zarpaila atzematen naute eta nik nire bidea segitzen dut. 

Eta orain, irakurle, pentsatzen ahalko zenuke: «Baina zertan ezezagun baten janzteko ibilbideak interesatzen ahal nau? Gai horiek azalekoak dira!». Horrela baldin bada, partez ulertzen zaitut, baina nire helburua ez da trapu istorioak aipatzea bakarrik. Otoi, ihes egin aitzin, pixka bat itxoin ezazu. 

Behar bada zuk ez duzula jadanik hori bizi izan, baina niri, askotan itxurari buruzko aholkuak emanak izan zaizkit (eskatuak izan gabe, noski): jantzi urdinak eta beltzak ez dira nahasi behar. Txankletak ez dira galtzerdiekin janzten. Neskek zango eta besazpietako ileak kendu behar dituzte. Ile kizkurrak lisatu behar dira. Gona bat ezartzean eta jartzean, zangoak gurutzatu behar dira. Lanean ez da kolore gehiegi janzten. Neska baldin bazara makillatu behar zara. Baina ez da ageri behar. Mutikoa baldin bazara, ez zara makillatu behar. Usain ona jantzi behar duzu. Baina ez gehiegi…

Aginte horiek dotoreak eta onargarriak izateko aholkuak bezala aurkeztuak zaizkigu. Baina, errora joaten baldin bagara, nondik heldu ote dira? Ikur sozial horiek ez dira naturalak, beraz arruntaren eta elegantearen arteko dikotomia nork sortu ote du? Zein helbururekin eta noren onurarako?

Erantzuteko, ez naiz historialaria edo politologoa baina nire ikerketen arabera, XIX. mendean eta burgesiaren azaltzearekin batera, klase sozialen eta klase popularren taldeak agertu ziren. Kapitalismoak eta burgesiak normak inposatu eta zabaldu zituzten. Gure jarrerak eta fisikoa kontrolatzen dituzte gaur oraindik. Elegantea izateko, jantzi neutroak eman behar dira (zuria, gorraila, urdin iluna, marroia…) eta markak ez dira agertu behar. Formak sinpleak eta ehunak nobleak izan behar dira. Azala ez da nolanahika erakutsi behar: xilkoa, izterrak edota espaldak gordez. Emazte elegantearen itxura fina da, loditasuna ez da baloratzen. 

Fina, neutroa, arina, diskretua. Hauek dira normak eta patriarkatuak nahi dutena emazte baten itxurarentzat.  Pertsonalki adjektibo horiek paper zati bat deskribatzeko erabiltzen ditut. Alta, eredu honek eragina dauka, sare sozialetan agertzen den Quiet Luxury modak adierazten duen bezala, aberastasuna, sofistikatua, sotiltasuna agerraraziz. 

Baina zergatik norman sartzeko behar hori? Beverly Skeggsen arabera, talde nagusian sartzea errespetagarria izatea baita, eta gehienok errespetatuak izan nahi dugu. Orduan, burgesiaren kodeak gureganatzeko xedea dugu. Ikur horiek ez baldin baditugu aplikatzen, baztertuak gara. Frantses lurraldean dotoreziaren jokoan sartzen ez diren emazteei —eta ondorioz estimagarriak ez direnei— cagole edo bimbo izengoitia ematen ohi zaie. Orduan, norbait ohikoa dela erraten dugularik, burgesiari, patriarkatuari eta kapitalismoari indarra ematen diegu. Pierre Bourdieuk dioen bezala, borroka sinboliko bat sustengatzen dugu desberdintzak birsortuz. Janzkera batzuk baieztatuz eta beste batzuk baztertuz, talde nagusiaren kapital sinbolikoari indarra ematen diogu. 

Beraz, gure jantziek kode sozial batzuk baieztatzen edo ukatzen dituztela argi da. Alta, azken garaietan karrikan, zineman, telesailetan, sare sozialetan, dotoretasunarekin bat egiten ez duten eredu batzuk agertu dira. Orain arte subertsiboak bezala ikusiak ziren adierazgarri batzuk orokortu dira. Drag kulturatik heldu diren makillatzeko metodoak, jantzien formak, koloreak… azaldu dira. Hori adibidez Euphoria, Sex Education telesailetan edo Lady Gaga, Kim Kardashian, Beyonce bezalako pop kulturako figura nagusiekin agertu da. Gainera, queer mugimenduak dragak bezala, eredu klasikoak inarrosten ditu eta patriarkatuaren indarra ahultzen du. Generoari lotutako ezaugarriak lausotzen dira eta neskei lotzen diren bereizgarriak (gonak, makillajea, azkazalak tindatzea…) zabaltzen dira.

Ondorioz, trapuak aipatzea ez da hain azalekoa. Norman ez sartzea, zarpaila izatea, militantzia forma bat da. Beraz, 2025ean patriarkatuaren kapital sinbolikoa suntsitu nahi baldin baduzu, zure arruntasuna besarkatu ezazu! 

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.