Arrazoiz beteta gaude

2017ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Maiatzaren 7a gainean dugu, eta Azkoitiko Urrats herri mugimendu kementsua azken txanpara heldu da autodeterminazioaren inguruko herri-galdeketaren antolaketan, aurrez beste mota ezberdineko ekintza ugari egituratu ondoren. Egun horretan herritarroi egingo zaigun galdera oso garbia da: «Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?». Hor aukera zer nahi dugun adierazteko, politika konbentzionalaren ajeak alde batera utzi eta bakoitzak bere ikuspegi ezberdinekin, herritarren parte-hartze zuzenari lekua eginez. Orain norbanakoak badu erantzukizun bat.

Horregatik, oraindik gure boza legearen bidez legez kanpoko bihurtzen den garai hauetan, nik «bai» bozkatuko dut, herri honetan «nor» izan nahi dudalako eta ez inoren zati, eta horretarako eskubide naturala dugulako, egun legezkoa ez bada ere. Gaur egun, nork uka dezake herri honek, munduko beste edozein naziok bezala, askatasun osoz bere instituzioak sortu eta bere burua antolatu eta garatzeko eskubidea ez duenik? Noiz onartu behar dute hemen herri bat badela, eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea izanik herri gisa bizi nahi dugula? Ulertuko dute halako batean guk ez dugula ezer inposatu nahi, garena izatera iritsi nahi dugula soilik, garena izaten utz diezagutela, ibilbide propioa eginez, herri bezala geurea den banderapean lekua izateko. Baina ulertezina egiten bazaigu ere, hemen, gure hitza inoiz errespetatu ez duten horiek indarrez lortutakoa kudeatzen jarraitzen dute, konstituzioa tarteko, berek ezarritako legeak mugarri direla adierazten duten bitartean.

«Askatuko zaituen zain bazaude, zaude lasai», zioen Mikel Laboak, Joxe Antonio Artzeren poema bat abestuz. Eta ez dago garbiago esaterik, ez egon inork askatuko gaituen itxaropenean, inork ez baikaitu inoiz askatuko. Aurrerako bidea geuk, gutako bakoitzak egin behar du, baina elkarlanean, orain arte izan ditugun jarrera batzuk aldatuz, talde loturak sortu eta konplizitateak aktibatuz. Nahiz eta esperientziaz ondo askorik dakigun zein zaila den borondateak adostea, irudimena landu eta etortzeko dauden denbora berrietara egokitu behar dugukolore guztietako abertzaleok, gure borondatea axola ez zaien estatuentzat gaindiezina izango den mugimendua osatu nahi badugu. Urtzi Urrutikoetxea euskal kazetari eta idazleak zioen beharrezkoa denean batzeko gai den herriak baino ez duela irabazten. Zalantzarik gabe, eta gurea ere zatitutako herri txiki ahul bat besterik ez denez, guztiok bat har dezagun behingoz, hemen denok kabitzen baikara eta inor ez baitago sobran.

Joxe Azurmendik zioen herrientzat identitatearen erdia memoria dela eta beste erdia proiektua. Gu libre izan gineneko historia beti letra ttipiekin idatzi dute, eta egoera haren kontzientzia behin eta berriz desegiten ahalegindu dira gure soberania biolentziaz eta indarrez bahitu zutenak. Bitartean, dugun gauzarik preziatuena kentzen ahalegindu dira: gure borondatearen jabetza. Baina mende luzeetan inguruko herrialdeak gure herria kikildu eta suntsitu nahian ibili badira ere, belaunaldiz belaunaldi geu izateari eutsi diogu, hori delako irauteko era bakarra. Asko dira Euskal Herri libre bat amestu eta haren aldeko hautua egin zutenak, eta haietako bakoitzak eman zuenari esker gaude oraindik hemen. Orain gure txanda heldu da, eta Euskal Herria munduan egoteko beste modu bat dela erakutsi behar dugu.

Dena den, sen kritikoa behar dugu aurrerantzean ere, eta argi eduki beharko genuke dugun oinarrizko askatasun eskubidea eskatzea, edo horretaz galdetzea, ez dela bidezkoa. Askatasun hori gure erakunde legitimoen aurka indarrez kendutakoa bada, ez daukagu geurea dena eskatzen ibili beharrik. Horiek horrela, Gure Esku Dago ekimenak antolatutako herri-galdeketak Euskal Estatu horren bidean herritarrok Estatu kontzientzia hori landu eta geureganatzeko pauso bat bezala hartu behar ditugu, ondoren beste urrats eraginkorrago batzuk egingo baditugu.

Ildo horretatik, eta bide hori jorratzen segituko badugu, lehendabizi herritarren kontzientzia eta ilusioa piztu behar dira eta nahi dugun hori lortzea posible dela sinestera heldu behar dugu, behar adina borondate ehunduz. Begira katalanei, horiek ari dira beren bidea egiten, eta irabaziko dute. Zergatik? Autodeterminazioaren eta independentziaren nahia instituzionalizatu egin dutelako, biztanle independentista bakoitza protagonista sentitzen delako, eta aurrera eramaten ari diren mugimenduaren helburuak barneratuak dituztelako, hor dago gakoa.

Politikan esperimentuak iraultzak direla esaten zuen Benjamin Disraeli politikari ingelesak. Guri ere heldu zaigu ordua, eta herri honek bere bidea baduela erakustera goaz, urrats berri bat eginez, konplexurik gabe. Arrazoiz beteta gaude eta has gaitezen bestelako Euskal Herri bati bidea egiten. Munduan espazio txiki bat besterik ez dugu betetzen, eta ez gara mendiak mugitzeko gauza izango, baina bagara, txikiak gara baina bagara, eta hemen gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.