Arrazoi teknologikoa vs teknokraziaren hezkuntza

2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Aldaketa teknologikoekin batera, aldeko jarrera sustatzeko moduko narratiba eta diskurtsoak eraikitzen dira aurrerabidearen izenean. Funtzio legitimatzailea beteko duten eraikuntza diskurtsiboak dira. Merkatu interesaren zerbitzupean, diskurtso bakarraren norabidean jokatzen dute, diskurtso hegemonikoan ondo txertaturik. Esaterako, hezkuntzaren esparruan ere, non eremu digitalaren garapen beharrak tekno-diskurtsoen ugalketa ekarri duen; aldi berean, baina, arrazoi teknologikoa hezkuntza prozesuen gidari bihurtzen den neurrian, pedagogia giza eraldatzailea eta pedagogia kritikoari muga jartzen zaio. Haatik, aurrerabide teknologikoa galdekatzea ez da jarrera primitibista edo hutsala, hezkuntzak ekonomia digitalaren auzian zein funtzio betetzen duen hausnartzea baizik, edonola, testuinguruan jartzeko ariketa osasungarria.

Dagoeneko egiaztatu liteke merkatuaren bidez salgarriak diren hezkuntza egitasmo, programa, zerbitzu eta digitalizazio premiek, teknologia digitalen narratiba goraipatzen dutela, ortzimuga tekno-utopikoaren lilura hezkuntzara txertatuz. Hainbat praktika merkantilista sistemak jasaten duen sakoneko krisiaren soluziobide «neutrala» bailiran aurkezten dira, epe motzerako arrazoi teknologikoaren soluziobide.

Komunikazio digitalaren eredu hegemonikoak, baina, kapitalismo global garaikidearen kidetasuna aspalditik zuen. Elkar elikatu izan diren neurrian, neoliberalismoari funtzionala zitzaion gizarte-eredu digitalaren eskaintzan zetzan bere arrakasta, azal abegikor eta erakargarriaren mozorropean. Egungo gizarte ereduaren bizierek, bizkortu baino ez dute egiten norbanakoen datu bidezko kolonizazio kultural eta mugarik gabea. Esan liteke, Silicon Valleyko megakorporazioen nagusitasun digitalak gaina harturik bizi garela kapitalismo teknologikoaren gizartean, eta nola ez, ondorioz, sistema hori hezkuntza interesetara indarrez hedatzen dela. Hezkuntzaren muinak beharko zukeen funtzio eraldatzailea ez, baizik gizarte eredu neoliberalaren funtzio erreproduktiboa indartua ateratzen da. Hala egiaztatu liteke hezkuntza esparruaren hainbat praktika, megakorporazioen nagusitasun teknologikoan harrapaturik, hots, plataforma komertzialen mendean.

Hezkuntza tresnatzat erabiltzen diren korporazio teknologikoek ezarritako baldintzen onarpena hezkuntza zereginaren ohiko betebehar bihurtu da. Milioika erabiltzaileen datuak korporazio digitalen esku jartzen ari dira egunerokoan. Mendekotasun-egoerak sustatzen dituzten lan praktikak errutina pedagogikoetan arinki txertatzen ari dira. Pandemiaosteak eragindako hezkuntzaren digitalizaziorako mihiztatze globalaren nagusitasuna, Google eta Microsoften eskuetan dago gurean, hezkuntza digitaleko korporazio teknologiko garrantzitsuenak bihurtu eta, euren nagusitasuna gizarte garatuen mundu osoan ezarri dutela. Korporazio teknologiko horiek hezkuntza digitalaren bidez biltegiratzen eta prozesatzen ari diren datu digital mugagabea, gizarte kontrolerako informazio baliotsu gisa eskuratzen dute.

Hezkuntza munduko datu-biltegiratzeak, kapitalismo digitalaren industriak egiten duen bezala, Big Dataren algoritmo masiboen prozesamenduen bidez funtzionatzen du. Horregatik, hezkuntza-digitalizazioko prozesuetan sortzen den morrontza digitala aztertu, bideratu eta agerian jarri beharko da luze baino lehen hezkuntza komunitatean, eta oro har, gizartearen aurrean. Hain zuzen, hezkuntzatik eratortzen diren datu bilketa erraldoi horiek, oso informazio-iturri desiratua bihurtzen direlako kapitalismo teknologikoaren zabalkunderako. Hezkuntzaren bertsio digitala ugaltzen doalarik, hezkuntzaren merkantilizazioa ere areagotzen ari da, hezkuntzak gizartean betetzen duen funtzio erreproduktiboa logika neoliberaletik elikatzen duela.

Hezkuntza-politikaren eraldaketa sakonik gabe, kapitalismo digitalaren botere korporatiboa indartzen jarraituko du, gobernantza digitalaren imajinario sozio-teknikoa aldatzen hasi ezean. Ikuspegi sozio-tekniko burujabearen beharra agerikoa da, makrodatuen hezkuntza politikak darabilkien teknologia praktiken aurrean irizpide bateratu eta kritikoz aritu ahal izateko.Hezkuntzaren erantzuna datuen burujabetzaren bidetik etorri beharko da. Merkataritzaren testuinguruan, hezkuntza sistema bera produkzio-moduen logikatik ulertuz gero, hezkuntzaren balioa kapitalaren logika berari lotzen zaio. Hezkuntza-politikaren eredu horrek mendekotasun anitzetara garamatza (datuena, hizkuntzarena...); haatik, logika neoliberal digitalizatzaileak hezkuntzaren bidea kontrolerako eta negozio berrietarako eremu ezin hobea bihurrarazten du.

Hala bada, hezkuntzaren bokazio publikoa ezin da izan garaikidetasunaren arrazoi teknokratikoaren zerbitzurako tresna, alderantziz, salaketa-prozesu demokratizatzailea indartzeko bidea baizik; hara, morrontza digital orokortuari muga jar lekioke, eta, aldi berean, gizartea sozialki eraldatzeko gaitasunean oinarritutako hezkuntza aukera berriak sortu, datuen burujabetza ez ezik, trantsizio ekosozialaren hezkuntzaz arduraturik. Hor baitago etorkizunerako gakoa: gertuko komunitate trinkotuak bizitzaren norabide burujabea jorratzeko gaitasunean.

Hain zuzen, egungo tekno-diskurtsoak (teknopedagogia deritzona kasu) azpimarratzen duena da teknologiak hezkuntza-prozesuetan duen nagusigoa arrazoi ekonomiko digitalaren araberakoa dela, arrazionaltasun teknologikoak liluratzen duela, hots, globalerako balioak, kontrolerako irrikak eta merkaturatzeko gaitasunak.

Esandakoengatik, tekno-diskurtsoen erabilera ez da neutrala, oinarritzen duen teknologiei darien zilegitasun modernoaren diskurtsoa baizik. Proposamen pedagogiko giza eraldatzaileari ez, baizik teknologia premiari lerratzen zaio. Pedagogia kritiko, sozial eta eraldatzailea, erredukzionismo teknologikoan agortuz. Narratiba hori eremu pedagogiko osoan nagusitzen den neurrian, eredu neoliberalak ezartzen duen arrazionaltasun teknokratikoaren mesederako baino ez da izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.