Arrazista gehiago dago, leihoak baino

2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun

Egunotan, gogoeta asko egiten ari naiz duela gutxi euskaltegian gertatu zaidan zerbaiten inguruan. Askok jakingo duzuenez, gizartearen lagintxo bat izan ohi dira euskaltegiko eskolak. Askotariko pertsonen multzo moduko bat izaten da, eta pertsona horiek helburu komun batek elkartzen ditu —euskara ikasteak—, baina ez dute inolako zerikusirik elkarren artean. Argiago azalduko dizuet: osasun alorreko langileak, hainbat erakundetako kideak, jende gaztea, adintsua, atsegina, alaia, tristea, eta jende asko, zoritxarrez, informaziorik gabekoa.

Informaziorik ez izatea nahasgarria da, nagusiki horixe baitute sorburua diskurtso xenofobo eta arrazista askok: esate baterako, «immigranteak deabrua berbera dira, eta gure seme-alabak jatera datoz». Eta, orain, serio, gauza batek bestea ekarri zuen, eta, bat-batean, ijitoen komunitateaz ari ginen hizketan, eta zer-nolako enbarazua diren osasun sisteman. Antza denez, kultura arloan ijitoekin dugun aldeak egunerokoan aztoratu egiten digu osasun arloko normaltasuna.

Eutsi egin nion apur batean, oraindik ere dezente kostatzen zait-eta halako gai korapilatsuez euskaraz hitz egitea; baina halako batean, pentsaturik diskurtsoak are eta gorago jotzen ari zirela, nire ikaskideei aditzera eman nien esaten ari ziren hura arrazista zela egiatan.

Funtsean, zera esaten ari ziren: ijitoak ezin direla ibili payo-ak baino lagunduagoak, eta «egokitu egin behar dutela», «etxean nahi dutena egin dezatela, baina etxetik kanpo egokitu daitezela». Niri, zer nahi duzue esatea, beldurra ematen didate halako esanek, berdin-berdin erabil baititzakegu ijitoen komunitateaz ari garela, LGTBIQ komunitateaz, edo beste edozeinez. Pipi hautsa darien harako beste esaldi batzuk dakarzkit gogora: «oheratu dadila nahi duenarekin, baina bere etxean», «jendaurrean, muxuka, bi gizonezko?, baita zera ere!».

Gizartea pertsona ugarik osatzen dugu, pertsona askotariko ugarik, baina, zoritxarrez, zuriok diseinatu eta okupatzen dugu, hitzez hitz ez ezik baita modu sinbolikoan ere; izan ere, guk nahi dugu ezen gizartean bizi den oro bizi dadila, jardun dadila, pentsa dezala, senti dezala, mugi dadila, jan dezala, otoi egin dezala eta adieraz dadila nik egiten dudan moduan, klase ertain deritzoten horretako emakume heterosexual batek egingo lukeen moduan; edota —beharbada, urrunegi joan naiz— gizonezko zuri heterosexual eta klase ertaineko batek egingo lukeen moduan. Horregatik, inork pentsamoldea auzitan jartzen digunean, defentsiban jartzen gara, ukaziozko jarrera hartuz eta, segur aski, entzungor eginez.

Joan den astean, Amuge elkarteak —ijitoen komunitatekoen eskubideak eta garapena sustatzen ditu, emakumeena batez ere— komunikatu bat argitaratu zuen, Zubiarte merkataritza gunean gertaturiko egintza batzuk salatzeko asmoz; nonbait, zenbait neska gazteri eraso egin zieten segurtasuneko langile batzuek. Eta hori ez da kasualitatea; ijitoez hitz egiten dugunean, konnotazio negatibo eta estereotipo mordoa datorkio burura jendeari, eta, zoritxarrez, konnotazio positiboak ere nahasi egiten ditugu, honelakoak esanez: «batzuek ez dute ijitoak ematen», «oso integratuta daude» edota «oso iaioak dira flamenkoan». Hori arrazakeria da, laztanak, eta min egiten digu eta erresumindu egiten gaitu, hala seinalatzen digutenean, baina izan halaxe da.

Integrazioa, guk ulertzen dugun moduan, xenofoboa da, eta arrazista, zeraz ari baita: nik, pertsona zuria naizen honek, nire komunitatean integratzen zaitut zu, atzerritar hori, pertsona arrazializatu, migratu, ijito hori. Nire horrek esan nahi du nik agintzen dudala eta ez zuk, eta arauak nik jartzen ditudala; horrez gainera, integratu aditzak berak hezi, «zibilizatu» ere iradokitzen du. Alegia, nik, pertsona zuri honek, asko dakit, eta zuk ez. Zer iruditzen zaizue? Niri neuri, behintzat, injustua eta izugarria.

Baina halako eztabaidetan beti gertatu ohi den moduan, eta are gehiago «erne, diskurtso arrazista edo xenofoboa da hori» eta antzeko adierazpenak gustuko ez dituen pertsona horrek berak halakoak onartu ere egiten ez dituenean, orduan ukazioa etorri ohi da. Beti dago norbait halakoak ukatzen dituena, eta azaltzen duena ezetz, bere diskurtsoa ez dela ez xenofoboa ez arrazista, ezta hurrik eman ere... nik ezagun ijitoak ditut, barren! Gizartekoia izateak ez baitu bat salbuesten arrazista izatetik, ez GKE batean lan egiteak, ez ijito ugariko auzo batean bizitzeak, ez eta mugimendu sozialetan militatzeak ere. Den-denok daukagu zer begiratu gure baitan.

Eta hara hor, ukazioan bertan, auzigaia: nola jakin, orduan, esaten ari naizen hori xenofoboa edo arrazista den? Bada, lehenik eta behin, nik neure buruari galdetuko nioke ea esaten ari naizena inolako zigorrik jasotzeko beldurrik gabe esango niokeen dena delako pertsona horri aurrez aurre —kasu honetan, ijito bati—; eta pertsona horrek esango balu esaten ari natzaiona xenofoboa edo arrazista dela, ezin eztabaidatuzkoa da, izan halaxe da. Baldin eta norbaitek —diskurtso xenofobo eta/edo arrazista horrek buruz buru zeharkatu duelako— kargu hartzen badizu, isildu eta entzun besterik ezin duzu egin.

Nire ikasgelan ez dago ijitoen komunitateko ikaskiderik; baina egon izan balitz, bi gauza gertatuko ziratekeen: edo lintxatu egingo zuketen jendaurrean, edo txintik esan gabe geratuko ziratekeen, lotsaren lotsaz. Batzuetan, hainbeste erresumintzen gaitu norbaitek gure alderdi arrazista seinalatzea, geurean katramilatzen baikara, dena ukatuz, garrantzitsuena den hori ez egiteraino: entzutea! Entzun iezaiezu komunitate horietakoei, eta ikasi; zuk zeuk lortu informazioa zeure kabuz.

Baina badakit gauza bat: horrek guztiak lotsa handia eman zidala, gizarte gisa, emakume zuri gisa, lotsa handia ematen didala. Bizi garen gizarte honetan, nirea da onena, nirea da normala, nirea dago ongi, eta ijitoena zentzugabekeria hutsa da. Gauza oso gogorrak esan ziren, baina gauza horiek hortxe daude guztion iruditeria kolektiboan, eta horietaz hitz egin beharra dago, ijitoen komunitatea mendeetan izan baita zapaldua eta baztertua, eta hori ez da ez kasualitatea ez ahoberokeria. Nik oraindik ere badut esperantza pedagogian, hain parte txarreko iruditeria kolektiboak desegiteko modu gisa, baina geurea da ardura, gu geu baikara zapaltzaile eta, aldi berean estereotipo sortzaile.

Beti egongo da leiho baino arrazista gehiago, baina ongi dago guk balkoiak atontzea, jendeak haietantxe izan dezan geraleku bat, nork bere burua desegin eta zuzendu ahal izateko.

(Erredakzioan itzulia)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.