Arrautza eta oiloa

2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun

Azken boladan mundu guztiak aipatzen duen gai batez hitz egingo dut: negozio ilegalen paradisuaz. Hitzez hitz transkibatu dut lerro hauek idatzi bitartean telebistan entzun dudan lerroburua. Azalduko dut. Egunotan, uda guztietan bezala, kaleko salmentan aritzen direnentzat kritika eta jazarpena baino ez dituzte komunikabideek, ostalariek, enpresariek, agintariek, instituzioek. Berriz ere, hitz hauek daude kaleko saltzaileei buruzko tituluen atzean: delinkuentzia, legez kanpo aritzea, paperak, baimenak, mafiak… Saiatuko naiz pixkaka xehatzen, ea argirik ikusten dugun eta lortzen dugun arazo batzuen jatorrira iristea; izan ere, arazook jatorri bakarra izan ohi dute, arrautzaren eta oiloaren salbuespenak ez bezala.

Kaleko salmentan aritzen direnak, mantero edo top manta esaten diegun horiek, Espainiako Estatuak lanerako eskubidea ostu dien pertsonak izan ohi dira; ez dut aipatuko pertsona horiei urratzen zaien eskubide pila. Lanari dagokionez, herrialde honetako Atzerritarren Legeak dioenaren arabera, migratzaile batek hiru urte egon behar du Espainiako lurraldean (etenik gabe erroldatuta, bestela ez baitu balio) lan kontratu baterako aukera bat merezi izateko ere. Eta aukera diot, orain azalduko dizuet zergatik.

Herrialde honetan, gure legeak eta sistemak egoera irregularrera kondenatzen dituzte migratzaileak hiru urtez, paperak lortzeko aukera bera duten arte; hori kontatzen diodanean ezagun, lagun edo familiartekoren bati, zur eta lur geratzen da, zalantza egiten du, eta baliteke ez sinestea ere. «Bueno, esajeratzen ariko zara; hori ezin liteke, emakumea». Ba, bai, izan liteke, eta bada. Beraz, legeari helduko diot, ea inor konbentzitzen dudan. Legeak dio egoera irregularrean (alegia, paperik gabe) dagoen norbaitek urtebetez bizi eta lan egiteko baimena lortzeko modua izan dezakeela baldin eta baldintza hauek betetzen baditu: hiru urte egon behar du etenik gabe erroldatuta Espainiako lurraldean; lan kontratuak gutxienez urtebetekoa izan behar du, lanbide arteko gutxieneko lansaria bermatuta hamalau pagatan (horrek esan nahi du gutxienez bederatziehun euro kobratzea hilean); enplegu emaileak kaudimena izan behar du, zorrik ez, enpresa bat bada (errenta aitorpena aurkeztu behar da, edo bankuaren kaudimen ekonomikorako egiaztagiria), bestela ezingo luke-eta kontratua egin; azkenik, migratzaileak norbait eduki behar du sorlekuan, beharrezko ziurtagiriak jasotzeko, horiek ere eskatuko baitizkigute Atzerritarren Bulegoan.

Norbaitek erabakitzen duenean migratzaileari lan kontratu bat egitea burokrazia hori guztia gorabehera, kontratu proposamen bat idatzi behar da, eta aipaturiko dokumentu guztiekin batera aurkeztu Atzerritarren Bulegoan. Oro har, Atzerritarren Bulegoak hiru hilabete baino lehen erantzun beharko luke, baina badakigu bost hilabete ere ematen dituela erantzun gabe. Erantzuna jasota, dena ondo bidean eta baiezkoa bada, aukera dugu migratzaileari gizarte segurantzan izena emateko, eta modua egongo da urtebetez bizitzeko baimena eskatzeko.

Zer esan nahi du horrek? Bada, enplegu emaileak presa apur bat baldin badauka (bost hilabete dira zain eman beharrekoak), kontua itsustu egiten dela. Izan ere, nor egongo da horrenbeste denbora zain ezezagun batengatik? Gainera, hainbeste paperi aurre egiteak sarri mesfidantza baino ez du pizten, zure errenta aitorpena eman behar baitiozu beste norbaiti. Zera esan nahi dut: askotan, lan kontratu bat egitea terrorearen ginkana bihurtzen da. Ez dago paperik, ez dago kontraturik, eta kontraturik gabe ez dago paperik. Horiek komeriak. Inork Atzerritarren Legean sakondu nahi badu, atal honen izena hau da: «salbuespenezko baldintzengatik bizitzeko baimena: errotze soziala». Esan behar dut lerrootan asko ari naizela legea laburtzen, eta kasu jakin batean.

Artikuluaren hasieran aipatu dudan negozio ilegalen paradisura itzuli baino lehen, argi utzi nahi dut zer ondorio dauzkan hiru urtez estatuak zu irregulartasunera eta klandestinitatera kondenatzeak; gainera, kontraturik gabe eta kotizatu gabe, noski. Ezin zara herrialdetik atera, ezertarako ere; jendeak urteak ematen ditu familia ikusi gabe. Ez duzu aukerarik DBE (oinarrizko errenta) jasotzeko hiru urteko errolda bete arte; jende askok ez daki hori, eta pentsatzen du diru laguntzen kontua migratzaile izateagatik txeke zuri bat jasotzea bezala dela. Banku askok ez dizute konturik irekiko. Kalean geldiarazi egin zaitzakete noiznahi, nazioarteko konbenioek debekatzen duten arren, zertarako, eta dokumentazioa eskatzeko, kanporatze agindu bat jartzeko eta CIE (atzerritarrentzako zentro itxi) batean amai dezazun; eta, gainera, zure sorlekura deporta zaitzakete. Imajina dezakezue zer-nolako estresa dakarren horrela bizitzeak? Izugarria da.

Izugarria da, bestalde, inor ausartzea, hori guztia atzean edukita, paradisu deitzera kaleko salmentari, eguzkitakoak alokatzeari edo bizibidea B dirua kobratuta ateratzeko beste edozein moduri: negozio ilegalen paradisua. Baina ez al zarete lotsatzen? Lerroburu hobea litzateke hau: «Infernuko sistema honek baldintza prekarioetan lan egitera kondenatzen gaitu B dirua kobratuta».

Azaldu dut, labur-labur, migratzaile batek bere egoera erregularizatzeko dituen moduetako bat: bada, nola nahi dute difamatzaile horiek —estatuak, instituzioek, komunikabideek— pertsona horiek era «erregulatuan» lan egin dezaten baldin eta legeak behin eta berriz zangotrabatzen baditu? Ea kaskoan sartzen zaigun: ezin dute lanik egin legeak ez dielako uzten. Perbertsoa da, bai, baina hala gertatzen da. Iritsi berri bati kontratu bat egin nahi badiote, ezin dute, eta hemen hiru urte badaramatza erroldatuta, ba, ikusiko dugu, enplegatzaileak baldintzak betetzen baditu eta behar adina hilabete itxoiteko prest badago.

Laburbilduz, mantarekin saltzen aritzen den jendea ez da mafia baten parte, eta ez ditu zergak edo autonomo kuota saihestu nahi; kaleko saltzaileak bizibidea ateratzen ari dira, alboko dendaren, tabernaren edo txiringitoaren jabea bezala. Baina, jakina, errazagoa da herri xehea aurrez aurre jartzea, eta jipoi dezatela elkar, lege hiltzaile eta kondenatzaile hau abolitu beharrean. Ostalaritzaren sektoreko hainbat pertsona komunikabideetan agertzen direnean, haserre agertu ere, kaleko saltzaileek bezeroak kentzen dizkietelako hondartzan latak salduta, zera esango nieke: eguneroko ogia irabazteko eskubide bera dutela berak, enpresari gisa, eta kaleko salmentan aritzen denak. Bada desberdintasun bat: pertsona horiek oso aukera gutxi dituzte, eta, gainera, bizia arriskatzen dute. Garaipena iruditzen al zaigu kaleko saltzaile bati merkantzia errekisatzea? Pertsona horrek inbertsio bat egin du, produktu horiek erosi ditu gero saldu eta bizirik irauteko. Eman aukerak, eta utzi merkezurreko diskurtso politikoak, erregularizatzeari eta zergak ordaintzeari buruzkoak. Zer zerga ordainduko dituzte legeak ez badie uzten? Gizarte hipokrita batean bizi gara: eskaerak egiten ditu, eta, aldi berean, eskubideak kentzen. Eta, bide batez, dirua egingo dut; izan ere, zein ederki jendea edukitzea azpian, zabor kontratuekin hutsaren hurrengoa balira bezala tratatzeko! Edo, are gehiago, baita kontraturik gabe ere, baina mila orduz lanean eta kexatu gabe. Edo kobratzea pisu lotsa-emangarri batean erroldatzeagatik, hark ez baitu deus ere esango, behar du eta. Ai, politikariak... Zer gertatuko litzateke migratzaileek botorako eskubidea balute? Egia da, bozkatu ere ezin dute! Beste kuku batek joko luke.

Arrautzaren eta oiloaren kontura bueltan; ez dakigu zein sortu zen lehenago, baina mantaren kontuan bai, badakigu zer dagoen aurretik. Lege hiltzaile bat dago, lege bat lan prekarioak kondenatzen dituena, eta pertsonak kondenatzen dituena eskubide eta askatasunik gabe bizitzera. Bide batez, langile arruntak elkarren kontra xaxatzen aritzen dira komunikabideak, instituzioak eta agintariak, hori beti baita errazagoa eta komenigarriagoa ur handiegitan sartzea baino. Bete ditzagun kaleak poliziaz eta errekisa ditzagun salgaiak, hartara esateko bukatuko ditugula kaleko saltzaileen mafiak! Zorakeria da… Mafia bakarra, jaun-andreok, Atzerritarren Legearen modukoak idazten dituena da.

(Erredakzioan itzulia)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.