Estreinatu berri dugun 2025. urteak ez du batere itxura onik. Iragarpenak, ezin makurragoak. Han eta hemen, gerra nuklearraren orroa ozen. Nola edo hala, jende askok desinformazioaren amuari men. Zuzen edo zehar, gorrotoaren legea agintari omen. Apokaliptikoegiak akaso? Errealistegiak agian? Trump eta Musk ikustea eta entzutea besterik ez dago: indartuta eta suminduta. Erotuta?
Testuingurua ez da batere samurra. Ados, baina ez dakit profezia horien atzean ez ote dagoen halako determinismo kontserbadore bat, belarrira xaloki xuxurlatzen diguna: «Ez duzue ezer egiterik, inguratuta zaudete. Gerra hau ere irabaziko dizuegu. Eman amore. Onartu zuen porrota. Zatozte merkatu librearen paradisura. Oparotasunak sakrifizioak behar ditu. Onar ezazue lehenbailehen munduko ordena berria. Bestela, okerrago joango zaizue. Eta, mesedez, ez hartu hau mehatxu modura. Zuen segurtasunerako ari gara lanean».
Plutokrazia
Inperialismoaren irudi gaurkotua da. Adimen artifizialez artikulatua. Politikoki ez zuzenak diren adierazpide batzuekin hornitua. (Zahar)berritutako agintariak, dirudunak, duela zenbait hamarkada ezker alternatiboak erabiltzen zuen estrategia komunikatibo berbera ari dira praktikatzen: probokatu, inpaktua piztu eta gizartean eragina lortu. Alt-right dira.
Plutokrazian aberatsen demokrazia dugu agintari: gehien dutenen grazia eta gutxien daukatenen desgrazia. Ez dakit nork ferekatuko dion gaur belarria Jeff Bezosi. Gaur Amazoneko sortzaile eta The Washington Post kazetaren jabeak 61 urte bete ditu. Agian iloba gorriren batek, bazkariaren amaieran, postrea mikazteko edo, Ann Telnaes-en zinta madarikatua utziko dio mahai-gainean, pasa den astean kazetako editoreek zentsuratu zuten berbera. Ann Telnaes nazioarte mailan sari ugari —tartean Pulitzerra— irabazi dituen umoregile grafikoa da.
Telnaesek zentsuratutako bineta horren zirriborro bat argitaratu du. Bertan, enpresaburu teknologiko milioidun talde bat ageri da, Donald Trump AEBetako presidente hautetsia irudikatzen omen duen podium baten gainean jarritako figura erraldoi bati diru-poltsak —dolar ikurraz nabarmenduta— eskaintzen. Ordezkatutako enpresarien artean daude Mark Zuckerberg Facebook eta Meta konpainien sortzailea, Sam Altman adimen artifizialaren inguruko enpresaria, Patrick Soon-Shiong Los Angeles Times egunkariko editorea, Walt Disney konpainia eta Jeff Bezos bera, The Washington Post egunkariaren jabea. Ann Telnaes egileak baieztatu duenez, marrazkiko pertsonaiak bost pertsona eta enpresa horienak dira. Zentsura jasan ondoren, Ann Telnaes-ek lanpostua utzi du. Agur esan dio bere bizitzako kazetari. Azken hilabeteotan agur ere esan diote hamarnaka milaka harpidedunek kazeta hartzen ari den ildo editorial trumpzalea dela medio.
Modu batera edo bestera, plutokrazia beti izan da agintari, libre esaten dioten merkatu horrek zuzentzen dituen lurraldeetan bederen. Orain, akaso, plutokraziaren agerraldirik zantarrena ikusten ari gara. Azkenaldian, baina, fenomeno berria elkartu zaio.
Malismoa
Beste umoregile grafiko batek —kasualitatea edo?—, Mauro Entrialgo gasteiztarrak, malismoa gaizkiaren erakustaldi lotsagabe bezala definitu du. Kaleratu berri duen liburuan (Malismo. La ostentación del mal como propaganda) ongi ilustratu du tradizioz gaitzesgarria izan den erakustaldi zatar horrek, behar bezala artikulatzen bada, nola lortzen dituen bere helburuak, dela hauteskundeak irabaziz, dela merkatu onurak lortzen. Har itzazue gogoan irudi grafiko batzuk: Mileiren motozerra, Musken jauzi esperpentikoak edo Ayusoren boutade ospelak. Garai batean botoak kenduko zizkieten. Gaur, berriz, eman egiten dizkiete.
Oparotasunaren teologia barruraino sartu digute. Norbera da bere grazien eta desgrazien erantzule. Eta sufritzea tokatzen bada, ba horixe, sufritu egin behar, Argentinan sufritzen ari diren bezala. Gero erredentzioa dator. Pertzepzio malista horretan tranpatiak ez du ordainik jasotzen. Gezurra tresna bat besterik ez da. Egur gehien partitzen duenak irabazten du kulturala bataiatu duten bataila hau.
Duela hogei urte, 2005ean, Harkaitz Canok Belarraren ahoa eleberri zoragarrian erabilitako metafora datorkit burura. «Zer dago LadyLiberty-ren barruan», galdetzen du narratzaileak: «Arratoiak eta gonbitoa, adiskideok, arratoiak eta gonbitoa», erantzuten du.
Gertakari negatiboen zaparrada pilatuz doa. Balirudike unibertsoko astro guztiak bat etorri direla mundua erotu egin dela esatean: hondamendi naturalak nonahi, Palestinaren sarraskia, plutokrazia aginte naturalizatua, emakumeen aurkako erasoak, eskuin-muturraren harrokeria, gaizkiaren apologia, gezurraren presentzia orokortua… Balantzea, etsigarria. Eta?
Pasieretako aspaldiko konfidente Dorisek duela gutxi hauxe aitortu zidan —hau ere— xaloki: «Gaztetan mundua aldatu nahi duzu. Gero, mundua ulertzen saiatzera mugatzen zara. Dagoeneko uko egin diot mundua ulertzeari. Munduak ni alda ez nazan konformatzen naiz orain». Ez da gogoeta makala. Agian, hortik etor liteke konponbidearen zati bat. Gertu ditugun batailatxoetan energia jartzen: presoen askatasuna aldarrikatuz (atzo Bilbon), gure hizkuntzaren defentsan (egunero) arituz, auzoko energia-komunitatea hauspotuz, desinformazioari aurre eginez, pentsiodunen mugimendua lagunduz… Hautu solidarioak dira. Asmo ederreko helburuak ez dira oso urruti bilatu behar. Inguruan ditugu ikusgai ikusi nahi duenarentzat. Hautua sinple bezain erradikala izan daiteke. Komunitatea sustatu. Kalera irten. Sozializatu. Hitz egin. Entzun. Salatu. Maitatu. Idatzi. Irakurri. Sentimenduak adierazi. Gure leloa, Kirmen Uribek esan bezala, zaharregia edo txikiegia izan daiteke agian. Tira, iraultzailea ere izan liteke.
Lolak, nire amak, hiltamuan zela, behin eta berriz errepikatzen zidan: «Zaindu, seme, zaindu; horixe baita irabazteko modu bakarra: zaintzea». Estreinatu berri dugun 2025. urte arraro honetan zaindu dezagun elkar. Geure burua eta ingurukoena ere. Arratoiek burua zulatu eta gonbitoak arima usteldu baino lehen.