Musikaria

Arrantzalea naiz ta

2024ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun

Arrantzalia naiz ta
ez daukat dirurik,
hiru alaba dazkat
ezkondu beharrik.
Laugarrena semia,
kapote zaharrakin,
konejua dirudi
bere bizarrakin.

Oso abesti maitea zen garai bateko donostiarrentzat. Hain maitea non 1833 inguruko lehen danborradetan jotzen baitzen eta Sarriegik bigarren atalaren doinua Diana-n integratu baitzuen. Gure familia, kanta zaharren zale izanik, horrelaxe osatu da: hiru alaba eta semea. Mutilari, Peru izanik, askok txantxa egin izan diote: Pedro Sanchezen euskal ordaina ote den. Ansorena euskaraz Santxoren patronimikoa delako, gaztelaniaz Sanchez bezala. Niri ere ez gutxik berdintsu, Piter goitizenarengatik. Inoren ordainik ez gara, baina aukeran, nahiago zurrundutako ideia kirasdunak inarrosteko adorea duenarena izan.

Peru ume txikia zela, suertatu ginen etxekoak San Bizente elizaren atarian, alaba baten Sendotzaren ondoren. Euri jasa handia hasi eta balkoi baten aterpean, ondoan Jose Maria Setien gotzaina suertatu zitzaigun. Peruk horren gizon handi beltzez jantziari harrituta begiratzen ziolarik, esan nion: «Obispoa da». Orduan umeak galtzetatik tira egin eta, hark begirada jaistean, galdetu zion: «Zu abispoa al zara?». Setieni, zen serioarekin, barre eginarazi zion.

Orain gutxi Donostian abispo ez, obispa sagaratu omen dute. Ez diote garrantzi handirik eman hedabideetan. Egiten duten lanarengatik esker oneko nagokie fedekide horiei, emakumezkoak apaiz izan daitezen, gure eliza zaharra astintzeko eta kontu teologikoak behingoz berritu daitezen. Hala diote, baita aita santu Frantziskok ere, arrazoi teologikoak omen daudela emakumezkoei apaizgoa ukatzeko. Baina teologia Jainkoa eta jainkotasuna ulertzeko gizonezkoek (emakume gutxi tartean) egiten duten ahalegina besterik ez da. Emakume teologo ugari baleude, gaindituko litzateke arazoa, beste hainbat kristau elizatan bezala.

Ulertzekoa da Frantziskoren arazoa. Edozer berritu nahi duela, bazterretan hasten zaizkio zismak eta papar hanpatuko kuadrillak festa antolatzen: onartzen badu komunioa dibortziatuei ematea, bikote homosexualak bedeinkatzea... han datorkio astapistola tropa arrantzaka. Oraingoz haren ekarpenik handiena sermoi laburrak, zazpi minutu, zenbaki bibliko garrantzitsua baino gutxiagokoak, eta ulerterrazak eskatzea izan da. Eta apaizgaiek poemak eta nobelak irakur ditzaten eta pobreen aldeko hautua egin. Ziur naiz horixe ez diotela barkatzen askok.

Barkatzea, kristau seinalerik handiena, zaila da. Horren harira, Kiriko pasodoblea, martxoso eta umoretsua datorkit burura. Amaya Bontigui lagun handiak esan zidan 1992ko batean: «Badut patioko auzokide bat, gure aitona Kirikori eskainitako pasodoblea sarri kantatzen didana». Horrela Amaya eta biok joan ginen arrantzale familiako Angelita Vaquerizaren etxera eta hari umetan ikasitakoa jaso genion. Hitzak txantxazko eran hartu behar dira noski, hemen ez dugu zismarik behar: «Dicen los de San Pedro que no se presenten los de San Juan, porque ha dicho Kiriko que en Santa Clara los va a dejar...». Frantzisko Zubiaurre Cabañas Kiriko-ri (Getaria, 1867-Donostia, 1926), Donostiarentzat Kontxako bost bandera lortu zituen patroiari, herriak kantatzen zion. Transkribatu, harmonizatu eta San Sebastian egunaren aurreko txistularien kontzertuan, 1993ko urtarrilaren 18an, eskaini genuen estreinakoz udaletxeko aretoan. Angelita poz-pozik geratu zen.

Hurrengo egunean semea, Jose Antonio, Tigre, Santamaría Vaqueriza, Realeko jokalari ohia, akabatu egin zion ETAk, San Sebastian bezperan Gaztelupe elkartean afaltzen ari zela. Kolpez joan zitzaion poza Angelitari. Eta hala ere, itsasoko kulturak, dramarekin elkarbizitza ohiturak ematen duen barne kemenaz, barkatzeko gai izan zen. Isil-isilik.

Isil-isilik dago, kaian barrenian... Euskaldun gehienok ezagutzen dugun abestia: lehorrekoei ere erraiak astintzen dizkie. Jose Mari Goenaga zinema zuzendari famatuaren aitonak, Fernando Goenaga eibartarrak sortu zuen. Lan gogorra arrantzaleena, baina zein kultura alai eta librea sortu duten. Jesusek ere lehen apostoluak arrantzaleen artetik aukeratu zituen.

Kontxako estropadez ongi dago gogoraraztea arrantzale langileen esfortzuan oinarritu baina turista aberatsen olgetarako sortutako ikuskizuna izan zirela hasieran. Egun herri festa bihurtu dira eta emakumezkoek sekulako ekarpena egin dute, orain urte gutxi ezin irudika genezakeen moduan. Kirikoren bidetik dabiltza Arraun Lagunak-eko neskak. Ea haren tokaioa den aita santu Frantzisko ere olatu berean ausartzen den, zazpi (zenbaki bibliko garrantzitsua) Belorado ateratzen bazaizkio ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.