Dela urte asko bazen Europan Nafarroa izeneko erresuma bat, bere muga, aduana, bandera, txanpon eta hizkuntza propioekin. Europako lehen Estatu modernoa izan zen eta zuzenbide pirenaikoan oinarritutako instituzioak ondo garatuak zituen, bere enbaxadoreak ere Europako gorteetan bananduak zituelarik.
Baskoiek lehenik Iruñeko erreinua eratu zuten 824. urtean, beste herri batzuetatik zetozen presio eta indarkeria etengabeek bultzatuta. Ondoren lurralde horrek Nafar Estatuari bide emango zion. Erreinu bezala egituratutako Estatu honetan, garai hartako besteak bezala, baskoiak libreak ziren eta herri bezala elkartuta iraun zuten, historiako aldi desberdinetan armen indarrez hartu eta menderatuak izan ziren arte, beren nortasun garapen askea deuseztatuz. [...]
Gaztelako Koroak, bere pentsaera espantsionistarekin erlijioa indarka inposatuz, kulturak suntsituz eta milioika indigena erailez Ameriketako genozidioa gauzatu zuen berak, Nafarroaren aurka eraso zuen, Elizaren eta Aitasantutzaren babesarekin. Asko idatzi izan da inbasioaren ondorioaz: torturak, erbesteratzeak, hilketak, ondasunen konfiskazioak, gazteluen suntsiketak, eta Inkisizioa. Inkisizioa, Nafarroako polizia politikoa izan zen eta inposatutako botere berriaren aurka altxatzen zen edonor zuen jomugan. Gizarte osoa izututa zeukan instituzio hura, erlijioari begira baino gehiago, inposatutako egoera politikoari beldurraren eta herritarren arteko salaketa bitartez eusteko antolatu zen.
Hori guztia nahikoa ez, eta, orain, herri oso bat birrindu zuten ondorengoak sarraski hura ospatzera etorri dira. Dela egun batzuk, Nafarroako Gobernuak gonbidatuta, Felipe eta Letizia Asturiasko eta Vianako printze-printzesak Leireko Monasterioan egon dira Vianako Printzea Saria eman eta Nafarroako errege-erreginei omenaldia egiteko. Antzerki horrekin, Nafarroa Espainia Bat eta Handiaren beste probintzia bat besterik ez dela adierazi nahi dute, gaztelarrek Albako dukearen tropekin Nafarroa subiranoa konkistatu zutela 500 urte betetzear daudenean. Hori guztiaren adierazle, hor printze espainiarrak Leiren jaurti duena, «hace ahora 500 años Navarra continuó el destino hispánico que siempre estuvo desde antiguo». Lotsarik ez du Borboiak, dela 500 urte euskal erresuma independentea izan zena Gaztelako Koroak edo Erregetzak garai hartako legeen kontra indarrez bereganatu zuela oroitu beharrean historia desitxuratu eta manipulatuz, nafarren borondatezko bat egitearena zabaltzen duenean. Urtebetetze honi efemeride folkloriko baten itxura ematea besterik ez dute nahi, eta bitartean mendeetan zehar ondo planifikatua duten asimilazio prozesua bultzatzen dute. Nafarroak ez du hauentzat berezko historiarik eta zatituta eta bananduta nahi dute beste euskal herrialdeetatik. Horretan dabiltza buru-belarri, batik bat azken hamarkadetan, eta ez dute atsedenik hartuko handik eta euskal nortasunaren aztarna eta zantzu guztiak suntsitu eta ezereztu arte. Muga berrien desegokitasuna azpimarratzen dute, unibertsaltasuna eta aniztasuna bezalako hitz ponposoekin ahoak betez, erretorika faltsuak tarteko, beren ahalegin bakarra konkista eta hankaperatzearen bitartez lortutako mugak finkatu eta kontsolidatzea denean. Atari zakurrak, behin eta berriro, beste alde batera begiratuz, entzungor eginez, agerikoa ukatu nahian ari dira, pasarte ilunak ospakizun bihurtu nahian.
Eta errealitatea oso bestelakoa da, oraindik badiren arren dena irensten dutenak. Historia idazteko bertsio ofizialetatik hartutako datuetan bakarrik oinarritzeak egiari bizkar ematera garamatza, gure kondaira azpi-mintzoz desitxuratzera. Historiaren pasarterik basatiena saihestu nahi dute, berauen tresneria bikaina erabiliz gertakari haiek makilatzeko. Horrekin bat datoz Beotibar eta San Martzial bezalako batailak goresteak edo handiesteak, garai hartako agintarien komenentzian asmatutako legenda moldatuak izanik, beraiei dagozkien sinbologia eta ideologia elikatzeko. Sarriren gogoetak ondo dioen bezala, «diktadura ororen lehen pausoa memoria historikoa ezabatzea da», eta ezkutatu nahi diguten historia ezagutzeko eskubidea dugu.
Alferrik ari zarete, mendez mende herriari bere memoria historikoa lapurtzen ahalegindu arren, akulturazioa sustatu eta manipulatutako historia ofiziala aldarrikatu eta inposatu arren, euskaldunok libreak izan ginen Nafarroako erresuma independentearen barruan eta geure Estatu propioa izan genuen Gaztelak eta gero Espainiak indarrez gure subiranotasuna deuseztatu badute ere. Geroztik, zauri ugari eta mina nonahi, hona hauts haien gaurko errautsak.
[...] Hormarik gabe utzi ziguten etxea, baina historiak erakusten du inoiz ez garela izan asimilazioa bereganatu duen herri bat, etsi duen herri bat. Eta herriak herri izatea nahi badu nortasunari helduz denboran irautea da garrantzitsuena.[...]
Bat-bateko librakuntzaz ezin da sinetsi, baina zapaldu orok amesten du herri honek bere bidea badaukala. Guk geure lekua nahi dugu beste herrien artean, herri gisa bizi, hesiak hesi, euskaldunak izatearen errugabetasuna adierazi, arnasa hartzen jarraituko badugu.
Orain aro berria dator eta aukera berria dugu abertzale guztiok elkarrekin gure Estatu Nafarra, Euskal Herria, aldarrikatzeko. Urtzi Urrutikoetxeak zioen moduan, beharrezkoa denean batzeko gai den herriak baino ez du irabazten.
Arrano Beltzak hegan dirau
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu