Herri solidarioa garela diote. Niri gehiago gustatzen zait herri borrokalaria garela esaten digutenean, jendarte solidario bat eraikitzeko modurik onena bidegabekeria ororen aurka mobilizatzea baita.
Biztanleria aktiboan bizitza luzea egin ondoren, Gizarte Segurantzak zahartzaroko pentsioa kobratzeko eskubidea jasotzen du. Kontua da, lan bizitza osoaren finikitoa egitean, ez dela egindako lana kontatzen, legez lan egindako urteetan kotizatutako zenbatekoa baizik. Hasiera batean logikoa dirudi, baina ez da hainbeste.
Lana eta enplegua ez dira gauza bera. Lana ordaindu beharrik ez dagoen jarduera baten emaitza den bitartean, enplegua soldata baten truke egiten den lana da. Horregatik, ordainsaririk gabeko lanak aitortu behar dira: gehienak emakumeek eginak, gehienak zaintza arlokoak. Emakume askok, bizitza osoa lanean eman ondoren, larrituta ikusten dute ez dutela ezer kotizatu, edo ez dutela nahikoa kotizatu, eta kondenatu dituztela kotizazio gabeko pentsio batekin edo bikotekidearen pentsioarekin bizitzera.
Bestalde, bigarren arrakala bat dugu, genero joerak bultzatuta gaizki ordainduta dauden lan prekarioena hain zuzen ere. Soldata txikiarekin lan egin duen pertsonak beste edozein pertsonak bezalako ekarpena egin dio gizarteari, edo handiagoa. Horregatik, ez da bidezkoa bizitzan zehar ekonomikoki gutxietsi izan dituzten emakumeak bere bizitzaren azken txanpan ere pentsio txikiarekin zigortzea. Gaur egun, kaleko garbitzaileek eraikinetako garbitzaileek baino soldata handiagoa dute. Gaur egun, kaleko garbitzaile gehienak gizonezkoak dira, eta eraikinetako garbitzaile gehienak, emakumezkoak. Eta gogoan izan: gutxiago kobratu, gutxiago kotizatu. Soldata arrakala horri aurre gin behar zaio, soldatapeko lanetan pentsiodunen arteko aldea zuzentzeko.
Kotizaziopeko pentsioa jasotzeko eskubidea izateko, legeak eskatzen du gutxienez hamabost urtez kotizatu izatea, eta, dagokizun zenbatekoa kalkulatzeko, azken 25 edo 29 urteetako kotizazio-oinarriak hartzen dira kontuan; azken kasu horretan, gutxien interesatzen zaizkizun biak deskontatuko dira. Arazoa da emakume askok ezin izan dutela hainbeste urtez lan egin kontratu baten estaldurapean, eta horrek ezarritako gutxienekora iristen ez diren pentsioak kobratzera kondenatzen ditu, eta, beraz, minimoetara osatu behar dira. Bidegabe diskriminatu diren emakume guztiei pentsio duinak aitortzearen bidez zigortu behar da patriarkatua.
Egun, kotizaziopeko gutxieneko pentsioa 743 eurokoa da. Pentsio mota horiek Estatuaren kontua dira. 78ko Espainiako Konstituzioak Gizarte Segurantzaren eskumen guztiak Nafarroara transferitzeko aukera onartzen du, eta hori beharrezkoa da antolaketaren eta funtzionamenduaren ikuspegitik. Baina Madrilek bahitutako eskumena da oraindik ere. Eskumen hori hartzea premiazkoa eta beharrezkoa da. Izan ere, Madrilek bere irizpidea ezartzeko ahalmena duen bitartean, Estatuak oinarrizko legediaren gainean duen eskumen esklusiboa erabiliz, subiranotasun faltak eragotziko du herri gisa dugun errealitate sozioekonomikoari erantzungo dion pentsioen sistema publiko propioa diseinatzea.
Kutxa bakarraren defendatzaileak, finantza-elkartasunaren printzipioa alegatuz, iruzurrezko esparru bat ezartzen ari dira, gure beharrei aurre egitea galarazten digun eskumenen desoreka eragiten duena. Begi-bistakoa da hemen eta han bizitzaren kostua ez dela berdina, eta, beraz, Estatu osorako pentsio bakar eta berdina ezartzeak desberdintasuna eragiten duela, hain zuzen ere Konstituzioaren defendatzaileek alegatzen dutenaren kontrakoa. Gure herriko bizitzaren garestitzea Estatuko beste leku batzuetan baino handiagoa da. Baina egia da, ere bai, pentsiodunen erronkari erantzuteko ahalmen ekonomikoa dugula. Tresnak baino ez dira falta.
Bien bitartean, adabakiz konpondu behar dugu arazoa. Bai, Orain 1.080 euro herri ekimenetik proposatzen duguna adabakia da, Nafarroako Ogasunetik Madrilek ezartzen duen gutxieneko pentsioa 1.080 euroraino osatzeko. Beste era batera esanda, negu honetan kotizaziopeko pentsioa duen pertsona orok berogailua piztu ahal izan dezan.
Aldarrikapen hori premiazkoa da gaur egungo pentsiodunen bizi-baldintzak hobetzeko; etorkizuneko pentsiodunei bizitza duina emateko palanka da, eta irtenbide partzialetatik harago joateko eztabaida sortzen du, gure lurraren eskumen eta subiranotasun ahalmena handitzeko beharrari aurre eginez.
Kasu honetan, berdintasuna ez da ekitatearen sinonimoa. Diskriminazioa zuzentzeko, diskriminazio positiboa egin behar da. Iritsi da garaia eskubideak borrokatu eta aldarrikatzen dituen herria garela erakusteko. Aurreko larunbatean, Iruñeko Baluarten, Nafarroako Parlamentuari gutxieneko pentsioak osatzeko eta funtsean feminista den aldarrikapen honi bizkarra ez emateko eskatu berri diogu; 1.080 eurora iristen ez diren hamar pertsonatik ia zazpi emakumeak baitira. Eta azaroaren 30ean, ez dago besterik, denok Greba Feminista Orokorrera.
Arrakalen aurka, orain 1.080 euro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu