Arrain zopa bat historiaren tabernan

2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
BERRIAko lagunek eskatu didate idazteko lerro batzuk errelatoaren bataila sainduak ikus-entzunezko fikzioaren bitartez ukan duen bilakaeraz. Kosta zait baietz esatea. Euskal zinemaren ikerlari gisa idatzi ditut lan batzuk... eta zinemagile gisa, trilogia dokumental bat dedikatu diot. Baina tripako min zenbait ekarri didan gaia ere bada. Zer txapelen azpitik mintzatu? Zer dut nik esateko orain datorren uhain berri horretaz?

Aipatuko nukeen lehen gauza da, espero izatekoa bezain normala dela, gatazkaren enbata baretu ahala, ikus-entzunezko hondartzetara halako arrainak heltzen hastea. Zinemaren (eta haren senideen) gaiak ez ditu garai historikoak erabat determinatzen, baina baldintzak ezartzen ditu. «Ez da garai ona», «Orain da momentua»; filmak arrainak balira bezala saltzen dituzten ekoizleen ahotan erraz imajina ditzakegu halako esaldiak. Bada, orain, berdel sasoian gaudela ematen du.

Lehenago ere, gatazkaren bilakaerarekiko paraleloa izan da haren errepresentazioa ikus-entzunezkoetan. 70eko hamarkadan, lan amateur ainitz egin ziren, gehienak ETAren borrokaren alde. Batzuk urrunera iritsi ziren. Iñaki Nuñezen Estado de excepción (1977) Oberhauseneko festibalean saritua izan zen, eta Alemaniako eta Suitzako telebistek erosi zuten. 80ko hamarkadan, zinemak hiper-politizatua segitu zuen, baina erakunde autonomikoak sortu eta subentzioak heldu ahala, ETArekiko jarrera aldatu zen. Paradoxikoki, gizartean minoritarioa zen sektore baten diskurtsoak (Euskadiko Ezkerrak) lortu zuen hegemonia filmikoa. Ondoko urteetan, berriz, gatazka gaiztotzen zen neurrian, bakantzen hasi ziren lanak, basamortura iritsi arte. Roldan Larreta historialari nafarrak 2001ean idatzitako artikulu baten izenburuak grafikoki ilustratzen du garai hura: Una apuesta suicida: ETA en el cine de Euskadi. Horiek horrela, 2008an Itsasoaren alaba Donostiako Zinemaldian estreinatu genuenean, ez ziren gutxi izan hura aspaldian dastatu gabeko arrain goxo bat balitz bezala jaso zutenak, ohiko menuan aurkitzen ez zen zerbait balitz bezala. Nik bihotz-zolan gordetzen dut Antton Ezeizak idatzi zuena, gure lan xumea berak 20 urte lehenago egin nahi zuen zinemaren oinordeko gisa hartuz.

Geroztik, 2005etik aurrera, kasik urtero estreinatu da, bederen, euskarazko fikziozko film bat. Baina bertoko zinegile euskaldunek, gutxi tratatu dute ETAren borroka. Kalkulu arin bat eginda, esango nuke 25 fikziozko film ingurutik hiruzpalauk bakarrik ukitu dutela gaia, aldez edo moldez. Aski bazterrean gelditu da euskal politika euskal fikzioan, justuki, bakea sukaldatzen ari zen urteetan.

Eta orain, ETA deseginda, ofizialki gatazka bukatu omen den honetan, hasi dira, emeki-emeki, superprodukzioak iristen, kanpotik. La línea invisible, Patria... Berdel garaia da, eta kanpoko sukaldariek prestatuko digute. Badago horren eraginekin kezkatua dagoenik. Ez da nire kasua. Uste dut normala dela, eta ona. Agian balioko du bertokoak ere gaiaz interesatzeko. ETBk egin ditu lehen urratsak horretan. Hala balitz, ongi etorria.

Badatoz, plataforma digital handien eskutik, gure historia hurbilaren ikuspegi jakin bat ematen duten lan sonatuak (bidenabar esateko, euskal aktore eta teknikarien partaidetza nabarmenarekin), eta bakoitzak bere posizioak hartzen ditu. La línea invisible estreinatu ondotik, zenbait historialarik berehala eman dute epaia egunkarietan, esateko zenbat hurbiltzen edo urruntzen den delako lana Egia-tik. Bedeinkatzeko edo kondenatzeko: zeinahi egileren lan oro subjektibitate ariketa bat ez balitz bezala, haiena barne. Halako borrokak antzuak iruditzen zaizkit. Agian neure azalean bizi izan ditudalako, ez zaizkit gustatzen. Ez nau arranguratzen nire ikuspegiaren antipodetan dauden lanak egoteak. Alderantziz. Hainbat hobe.

Esango dit baten batek oso ondo dagoela hori, baina gure filmak ez direla kondizio berdinetan lehiatuko. Superprodukzio horien aurrean, bestelako narratiba bat eraikiko duten lanak aurrera ateratzea oso zaila dela. Eta are zailagoa, leiho berdintsuetan hedatzea, antzeko ikusle kopuruetara heltzeko pareko aukerekin. Eta egia da. Egia den bezala, oraindik ere, film batek ikuspegi batzuk defendatzea (eman dezagun, borroka armatuaren zilegitasuna) ia ezinezkoa iduritzen zaigula. Alegia, gauza batzuk ezin direla esan. Eta fikzioan dena ez bada libre, sorkuntzaren joko-eremua kamustuta dago.

Baina hori beti izan da horrela, eta hala jarraituko du. Badakigu zer den posizio gutxiagotu batetik abiatzea, zailtasun handiagoekin lan egitea. Beraz, ez dezagun energiarik gal eta berma gaitezen gurea sortzera. Gastibeltza Filmak osatzen dugun lagunok horretan gabiltza aspaldion. Bi ekoiztetxe frantsesekin ekoitzi dugun Thomas Lacosteren Pays basque et liberté dokumentala, berriki estreinatu zuten frantses telebista publikoan. Ni neu, Sagarren denbora-tik hamar urte pasatu diren honetan, Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluzen bizitza kontatuko duen filma muntatzen ari naiz (diru-laguntza publiko bakar bat ere eskuratu ez duen proiektua, crowdfunding bati esker atera duguna). Eta Ximun Fuchs Baratze bat izeneko fikzioa ari da idazten ETAren azken garaiaz, Thomas Bidegain gidoilari prestigiotsuaren laguntzarekin. Ezinezko filmak ziruditen hirurek paperaren gainean. Baina aurrera doaz, lanaren lanaz.

Errelatoa, istorio txiki eta pertsonal askoren batura izango dela esaten da askotan. Ikus-entzunezkoan ere hala izango da. Arrain zopa bat, historiaren tabernan. Ikusleengan sinistu, eta sortu ditzagun gure lanak: ahal bezain ongi, ahal bezain zintzo, ahal bezain ausart eta ahal bezain aske. Utzi errelatoaren borrokak historialari eta politikarientzat. 36ko gerla Francok irabazi zuen, eta gerraosteko urteetan makina bat film egin zituzten haren alde. Baina ikus-entzunezko kontakizuna gorriek irabazi dute, azkenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.