Mikel Irizar.

Arnasgune politikoa euskarari

2013ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Euskal politika aro berrian sartu zen ETAren betirako su-etenarekin. Mugarri horretan ez zen soilik borroka armatua amaitu, aukera bat ere jaio zen: trantsizioan irekitako lubakia betetzen hastekoa.

Diktaduratik irteeran sortu ziren EAEn eta Nafarroan erakunde berriak —legebiltzar eta gobernuak— eta horien aurrean alderdiek bi estrategia kontrajarri hartu zituzten. Marko berriaren aldekoak buru-belarri murgildu ziren erakundeetan, eta gizartean zuten presentzia neurri berean apaldu zen, ia desagertzeraino. Aldiz, marko berria onartu ez zutenek uko egin zieten erakundeei eta gizarte mugimenduan errotu ziren politika egiteko. Ondorioa bistakoa izan da: gizarte erakundeen eta erakunde publikoen artean konfrontazioaren dialektika nagusitu da eta gauzatu da sarri termino oso politikoetan.

Gizarte ekimena

Zorioneko gara euskaldunok gizarte ekimentsua osatzen dugulako. Auto-eratzeko joera nabarmena da gurean eta gizarte erakundeen dentsitatea, altua. Inor gutxi egongo da guztietatik kanpo, izan ikastola edo musika eskola, kirol elkarte edo euskara elkarte, izan herri ekimen edo elkartasun erakunde...

Gure gizarte mugimenduak, oro har, ez du orain 30 urteko indar bera, baina oraindik maila txukunean gaude, eta, gainera, uste dut hasiak garela erosotasuna atzean uzten eta erantzukizuna berreskuratzen.

Erakundeen ahalmena

Eztabaida politikotik harago, ukaezina da hegoaldeko erakunde publikoek diru ahalmen handia dutela, kontzertu ekonomikoei esker. Eta lege aldetiko muga argiak badaude ere, ahalmen legegilea eta arautzailea ere ez dira hutsalak.

Erakundeok neurri handian politika propioetan erabili dituzte baliabide ekonomikoak, baina baita ere gizarte ekimena sustatzen, deialdi eta hitzarmen bidez, edota kontzertazio egonkorreko molde ezberdinetan. Ahalmen arautzaileen garapenean, alderdi politikoek izan dute gidaritza, eta horien bidez iritsi da legeetara gizartearen eragina, iritsi denean.

Konfrontazioa eta lankidetza

Esan dut hasieran: gizartearen eta erakunde publikoen arteko harremanean batez ere konfrontazio giroa egon da. Eta hau ez da berez txarra, ez eta berez ona ere. Segun eta noiz, segun eta nola. Zerbait txarra bada, hori zurruntasuna da, beti aurka edo beti alde egotea, egon beharra.

Debagoienean garatu dut nire ibilbidea herrigintzan, eta hor sekulako eskola ezagutu dut. Gizarte ekimena bereziki da indartsua eskualdean eta gaitasuna du erakundeengan eragiteko, besteak beste, konfrontazio sistematikoaren aldean lankidetza hobetsi duelako, kooperazioa. Zinez uste dut Debagoienaren komunitate garapena —ekonomikoa eta soziala— handiagoa izan dela uztartzen jakin duelako gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena, lankidetzan gauzatu direlako ekimen eta egitasmo asko.

Elkarri eragiletza aitortu, ikuspegiak trukatu, zintzo eztabaidatu, adostasunak eraiki, egitasmoak hitzartu, egitekoak banatu, baliabideak jarri, bilakaerak elkarrekin kontrolatu... Mota honetako lankidetza komeni da bereziki estrategikoak diren esparruetan, horixe eskatzen du euskarak une honetan.

Arnasgune politikoa

Soziolinguistikan asko hedatu da arnasgunearen kontzeptua. Eta erabiltzen da izendatzeko gune bat, geografikoa edo funtzionala, zeinetan hizkuntza gutxituak funtzio guztiak betetzen dituen eta nagusiki erabiltzen den. Gutxituaren gutxitasunik gabeko oasia. Ikuspegi honetatik, hizkuntza baten normalizazioa da arnasguneak sortzea, saretzea eta zabaltzea, komunitate osoaren hedadura hartu arte.

Euskarak baditu arnasgune batzuk, ez asko, bai fisikoak eta bai funtzionalak. Une honetan bereziki beharko luke bat: arnasgune politikoa. Hau da, eragile politikoen aldetik konpromisoa euskara ateratzeko konfrontazio politikotik eta ez erabiltzeko hauteskundeetan tresna moduan boto ehizarako; konpromisoa, sakoneko akordioei lehentasuna emateko liskar mediatikoen eta ika-miken gainetik.

Posible da. Aro politiko berrian pankarta atzekoei egokitu zaie jauregian aritzea, eta jauregikoei pankarta atzean. Rol banaketa zurruna apurtu egin da eta aurrerantzean normala izango da alderdi bat ikustea batzuetan erakundeetan gobernatzen eta besteetan gizartean oposizioa egiten. Beraz, beharrezkoa da gizartearen eta erakunde publikoen arteko lubakiak betetzea, batetik bestera eroso ibiltzeko.

Zaila da. Hain zuzen, rol politikoak trukatu egin daitezkeenez, aukera guztiak dira posible, eta horregatik, bereziki gogorra izango da alderdien artean lehia gidaritza lortzeko. Dagoeneko antzematen dira tentsioak, eta ez dirudi baretuko direnik, denbora joan ahala.

Beharrezkoa da. Euskararen normalizazioan ziklo berri bat hasi da, eraldaketa garaian gaude. Egitekoa da epe luzeko helburua finkatzea eta ibilbiderako plangintza zehaztea: sektorekako bilakaera, eragile bakoitzaren funtzioak, behar diren baliabideak, emaitzak neurtzeko sistemak, autoritatea...

Eta hori guztia behar bezala egin ahal izateko, ezinbestekoa dugu bake giroa alderdien aldetik, arnasgune politikoa. Euskararen gaineko eztabaidetan liskar gunetik urrats bat atzera egitea eta akordioak posible diren atarian kokatzea.

Izan ere, euskararen normalizazio prozesuan oraindik lehen ataletan gaude, oraindik urrun daukagu —oro har— Kataluniako hizkuntza politika egitea ahalbidetuko lukeen masa kritikoa. Horregatik, beti komenigarri izango bada ere, gaur-gaurkoz balio nagusi bihurtzen da euskararen inguruan adostasuna eraikitzea eta aldekotasuna areagotzea.

Horretarako behar dugu, hain zuzen, politikatik arnasgunea irekitzea euskarari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.