Erdoganek ukatu egin du tropa turkiarrak bidali izana Armeniaren eta Artsakh-en aurka —halaxe deritzo Karabakh Garaiari armenieraz—. Abenduaren 10ean, ordea, garaipenaren desfilean egon zen, erregimenak Bakun antolatutako ekitaldian, eta horrek gezurtatu egin du Erdoganen esana. Agertokian, sultana Aliyev diktadorearen ondoan zegoen, eta, bitartean, 3.000 soldadu desfilatzen ari ziren, baita azken belaunaldiko arma batzuk erakusten ere, Karabakh Garaiaren %40 eta Erevanek okupatutako zenbait probintzia konkistatzeko modua eman zutenak.
Aliyevek nagusiki Errusiako, Israelgo eta Turkiako armak erosteko baliatu zuen bere gas eta petrolio hobietatik ateratako dirua, eta gastu militarra %500 handitu zuen. Pobre izanik, Armeniak arma zaharkituak edukita konformatu behar izan zuen, gehienak Errusiakoak.
Erdoganek bonba dronez bete ditu Azerbaijanen armategiak, eta, lehen lerroan, Bakuk Turkiako zenbait aholkulari militar kokatu ahal izan ditu, baita bi mila mertzenario jihadista ere gutxienez, Siria iparraldean errekrutatuak Ankarak okupatua 2019an. Orain, Erdoganek Azerbaijanen eduki nahi ditu Turkiako tropa batzuk, azaroaren 9ko su-etena betetzen dela ziurtatzeko asmoz Artsakhera bidalitako 2.000 soldadu errusiarrekin «batera».
Turkiak Moskuren 'atzeko patioan' sartzea lortu du, eta Errusia behartu proiektu neo-otomandarrarekin lehian aritzera. Ankarak eragin handiagoa izan nahi du garai batean sobietarrak izandako errepublika islamiar batzuetan, turkieraz hitz egiten denetan, Azerbaijanen bezala. Sultanak garailetzat hartua izan nahi du Errusiaren eta Mendebaldearen aurka, eta, hala, ospea irabazi etxeankrisi ekonomiko larrian egon arren eta mundu islamiarrean, Saudi Arabiarekiko lehian.
Israelek ere arma asko eman dizkio Bakuri; besteak beste, Harop drone suizidak eta Lora misilak: horiekin garaitu dituzte Armeniaren defentsak. Trukean, Netanyahuk Azerbaijanen lurrak erabil ditzake Iran zelatatzeko eta haren instalazio nuklearrei eraso egiteko. Gainera, Israelek Baku-Tbilisi-Ceyhan oliobidetik hartzen du kontsumitzen duen petrolioaren %40.
Armeniarrak negarrez eta protestaka ari dira, beldurrez daude herrialdea ez ote den bakarturik geratuko, eta ez ote den beste Medz Yeghern bat gertatuko (1915-16ko genozidioa). Askok traizioa egotzi diote Paxinian lehen ministroari, Errusiak inposatutako su-etenaren klausula gogorrak onartzeagatik edonola ere, porrota larriagoa izatea eragotzi zuen, eta kargua uzteko exijitu diote. Armeniarrek espero zuten Moskuren babes osoa izango zutela, baina gatazka Artsakheko hiriburu Stepanakertera heldu zenean baino ez zuen esku hartu Moskuk, eta Susa, «Armeniako Jerusalem», galdua zegoen ordurako. Armeniak eta Errusiak laguntza militarrerako akordio bat daukate, Segurtasun Kolektiborako Hitzarmena, eta Moskuk bi base militar handi ditu Armenian. Putinek, ordea, erdibidean geratzearenalde egin du, Armeniaren gaineko nagusitasunari eusteko eta Turkiarekiko harremana ez eteteko, Errusiaren kidea baita, eta, era berean, lehiakidea ere bai Sirian eta Libian. Moskuk beharrezkoa du Turkish Stream gasbidea, horren bitartez garraiatzen baita Errusiako gasa Mediterraneora, eta Erdogan NATOtik urrunarazi nahi du.
Errusiaren esku hartzea behar-beharrezkoa izan da borroka amaitzeko, Frantziaren eta AEBen bitartekaritzak porrot egin ondoren. Bost urteanepea luza daiteke Karabakh Garaian soldaduak eduki izanak eskualdearen kontrol militar handiagoa ematen dio Moskuri. Gainera, gerraren emaitzak Putini modua eman dio Paxinian mendebaldezaleari trabak jartzeko: Paxinian 2018tik dago boterean, Belusezko Iraultzak gobernu errusiazalea agintetik kendu zuenetik.
Frantzia, berriz, ahaleginak egiten ari da nazio txiki kristau horretan zuen eragin historikoa berreskuratzeko, errusiarrek aurrea hartua baitiote: giza laguntzaz betetako zenbait hegazkin bidali ditu Erevanera, eta Frantziako Senatuak eskaera bat egin dio Macroni, aitortu dezan Armeniari dagokiola Karabakh Garaiaren gaineko subiranotasuna. Baina, gerra garaian, Paris kezkatuago zegoen Azerbaijango gas horniduraz besteak beste Oliobide Transadriatikoak bermatzen du, horri esker EB ez baitago Moskuren hain menpe.
Iranen anbiguotasunak ere mesede egin dio Azerbaijani garaipen erabateko hori lortzeko. Teheranek igarotzeko baimena eman zien Errusiako armak garraiatzen zituzten konboi batzuei, Erevanerako bidean, baina oso zuhurra izan da, azeriar etniako milioika irandar ez mintzeko; izan ere, gogoz hartzen dute propaganda panturkista, eta kalera ere atera dira Bakuri babesa adieraztera. Horrez gainera, Paxinianek paradoxikoki Israelekin harreman diplomatikoak ezartzea erabaki izanak susmoak piztu dizkie aiatolei. Meniak eragindako egoera ez da inola ere egonkorra. Ankarak azerbaijandarren nazionalismoa elikatzen segitu ahal izango du, Karabakh Garai osoaren «askapena» bultzatuz; Moskuk, berriz, eragotzi egin beharko du Turkiak bultzatutako jihadismoa mehatxu zuzen bihurtzea.
Armenia, geopolitikaren biktima
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu