Armen dekomisioaren ondoren, zer?

Zuriñe Rodriguez, Nora Miralles eta Itziar Mujika
2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
ETA armagabetutako erakundea izango da 48 ordu baino gutxiagoan. Haren armategia betiko desaktibatu dela egiaztatzeko zain eta modu ofizial eta zuzenean galdera giltzarri batzuk erantzuten diren bitartean, egun, badira galdetu beharreko beste kontu garrantzitsu batzuk: zer amaitzen da etzi? Zer hasten da?

Armagabetzearen berri eman zutenetik, tantaka iritsi den informazioa, hedabideetako espekulazioak eta larunbateko arrakasta maximoa ziurtatzeko helburuaren azpian diskreziorako erabateko borondatea izan dira nagusi. Ia zalantza gehienak argitu gabe daude D eguna baino hiru egun lehenago. Armagabetze prozesu gehienetan, xehetasunen gotortzea beharrezko egiten duten faseak daude, batez ere, prozesu hauen arrakasta zalantzan jartzen duten kanpo faktoreak edota akordioen prekaritateak hauen arrakasta zalantzan jartzen dutenean. Baina, aldi berean, segurtasuna ezin da sekretismoarekin estali, beste bi faktore aski desberdinetan baizik: hasteko, jotzen delako gizarte zibilak ez duela ezagutu beharrik normalenean prozesu hain tekniko baten inguruko xehetasunik; eta bigarrenik, hain zuzen ere, armagabetzea horrelaxe ulertzen delako: armen entrega fisikoarekin hasi eta amaitzen den prozesu tekniko bezala.

Beharrezkoa da, dena den, gizarte zibil horrek —bere esanahi zabalenean ulertuta— informazio argi eta benetakoa jasotzea, armagabetzea berme objektiboekin garatu den edo ez modu autonomoan epaitu dezan. Ez da nahikoa hedabideetan esatearekin prozesua «legala» izango dela, ikuskatzaile horiek nortzuk izango diren, nola lan egingo duten, arma horien jomuga zein izango den eta prozesuari «legaltasun» hori emateko nork babestu eta ikuskatuko duen zehaztu gabe. Batez ere, gizarte zibila bada bake eraikuntza lideratzen ari dena.

Konfidentzialtasuna eta segurtasuna ez dira nahastu behar gardentasun ezarekin, bien arteko oreka armagabetzea lideratzen ari direnek duten lehen ordenako erantzukizun politikotik baitator. Armagabetzerako, desmobilizaziorako eta gizarteratzeko Nazio Batuen agentziak berak azpimarratzen du gardentasuna prozesu hauen ezaugarri nagusitzat, eta gizarte zibila hauen oinarrizko aktoretzat, programak errealistak eta denek ulertutakoak direla ziurtatzeko.

Zer konta daitekeen eta zer ez azaltzea, justifikatu gabeko sekretismoa saihestuz, beraz, prozesu bateratzaile eta ez-elitista bat burutzeko lagungarria da.

Bestalde, armagabetzea 8an amaitzen den prozesu soilik teknikoa dela sinestea, edo edozein kasutan, armen dekomisioarekin amaitzen dela sinestea, zaharkituta geratu da, ez da errealista eta batez ere, arriskutsua da. Zaharkitua, lehen aipatutako nazioarteko estandarrek eurek orain dela hiru hamarkadatatik hona ikuspuntu integralago batekin lan egiten dutelako: DDR prozesuak deitutakoak (Desarmatzea, Desmobilizazioa eta Integrazioa), zeinak epe motzeko indarkeriaren amaiera bakarrik ez, bake iraunkor baten bermatzea ere bilatzen duten, borrokan parte hartutako horiek bizitza «zibilean» gizarteratuz.

Pentsatzea armagabetzea prozesu tekniko huts bat dela arriskutsua eta ez-errealista da, armagabetzea ez delako amaiera, askoz ere handiagoa eta konplexuagoa den zerbaiten hasiera baizik. Presoen egoera eta etorkizuna mahai gainean dago—baita disoluzio hipotetiko eta probable baten ordain gisa ere—, baina ez da zintzilik geratzen den gai bakarra. Zer gertatuko da, adibidez, klandestinitatean daudenekin? Zein irtenbide emango zaie pertsona hauei? Ez da zaila imajinatzea, irtenbide kolektibo bat planteatu baino, legearen pisu guztiaren zama zain izango dutela. Baina egunen batean pertsona hauek kalera aterako dira behar psikosozial zehatz batzuekin. Bide honetan, ezin da askorik espero espainiar estatuaz, kartzelari lotutakoaz gain, baina Eusko Jaurlaritzaz eta Nafarroako Gobernuaz zer espero dezakegu?

8aren ostean, behin armagabetzearen korapiloa gaindituta, bidea irekitzen da, gizarte-akordio berriak ezartzeko, eta, horretarako, zehaztu beharko dugu ea zeinek ordezkatzen gaituen, ea zeinek gidatuko dituen akordio berri horien negoziazioak eta ea non eta zeintzuk hartuko dituzten erabakiak: hori guztia zehaztu beharko dugu prozesua parte-hartzailea eta eraldatzailea izan dadin ziurtatzeko. Eta, era berean, bermatze aldera, desmilitarizazioa burura eramateko orduan, guztion bizipenak eta eskakizunak hartuko direla aintzat. Hala egin ezean, aukera galduko dugu eta ez dugu lortuko ohiko armagabetzeen ikuskera tradizional, ez-oso, patriarkal eta elitistetatik harago joatea. Hel diezaiegun helburu handiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.