Gerrarik Ez plataforma

Arma gehiago izateak ez dakar segurtasun handiagoa

Jose Angel Murua eta Blas J. Simon
2025eko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mehatxu bat, kontakizun mediatiko partzial eta zentsuratu batekin, herritarren artean beldurra eta segurtasunik ezaren sentsazioa sustatzeko, sortutako shockaren ondorioz gerraren eta gastuaren beharra onar dadin; hori askotan probatutako taktika zahar bat da.

Mehatxua ia herrialde berberek osatzen dute duela hamarkada batzuetatik: Gaizkiaren Ardatzekoek (Errusia, Txina, Kuba, Venezuela, Iran, Ipar Korea eta Afrikako herrialde islamiar batzuk), eta ukiezinagoak diren beste batzuek, hala nola talde terrorista armatuek, azken aldian integrismo erlijioso islamiarrarekin lotuta daudenek, aldizka gure aliatuak izatetik terrorista porrokatuak izatera igarotzen direnek, eta alderantziz.

Gerrarik Ez gerren aurkako plataformarentzat ederki egiaztatuta dago gastu militar handi bat izateak ez dakarrela segurtasun handiagoa izatea. Armamentu norgehiagokan, onuradun bakarrak arma fabriken jabeak eta horiek finantzatzen dituzten bankuak dira. Sektore horrek, hain zuzen ere, ate birakariak modu intentsiboan erabiltzen ditu, eta bere kontakizuna defendatuko duten politikarien, militarren eta komunikabideen borondateak erosteko bitartekoak ditu. Gerra guztien atzean interes ekonomikoak daude, eta mota guztietako baliabidez jabetzea dute helburu.

Jaltako Akordioen ondoren, II. Mundu Gerraren amaieran, mundua bi bloketan banatu zen, eta haien artean Gerra Amaigabea mantendu dute.

Testuinguru horretan sortu zen NATO, 1949an. Espainiako Estatua 1986an batu zen, erreferendum baten ondoren, non baiezkoa hautesleen %31,20k soilik eman zuen. Gainera, hiru baldintza zeuden: egitura militar integratuaren barnean ez egotea, arma nuklearrak ez instalatzea, bertatik ez igarotzea edo ez biltegiratzea, eta AEBetako base militarrak murriztea. Bada, baldintza horietako bat ere ez da betetzen gaur egun. Espainia erabat integratuta dago eta AEBetako bi base militar gehi NATOko hiru base militar ditu.

Haren diskurtsoa gorabehera, NATOk ez zuen inoiz demokrazia defendatu Europan, ezta Europatik kanpo ere, Espainia, Portugal eta Greziako diktadurekiko konplizitateak eta egungo kide askoren kalitate demokratiko eskasak erakusten duten bezala.

2024an ahaztutako eta isildutako 50 gerra baino gehiago izan ditugu, horietako asko NATOko herrialdeetako kolonia zaharretan eta haiek babestutakoetan, milaka bizitza suntsituz, milaka hildako, umezurtz, elbarritu sorraraziz, babes bila eta migratzera behartuak. Ekialdeko Europa, Ekialde Hurbila, Hego Amerika eta Erdialdekoa, eta Afrika praktika horien adibide onak/txarrak dira.

Etengabe, behin eta berriro ohartarazten digute herrialde bakoitzak BPGaren %2 gerra aurrekonturako bideratu behar duela (lehentasunez gerra industriarako), baina 2006an jada eskatu zen kopuru hori NATOn, eta berriro gogorarazi zen 2014an, eskaera ez zelako bete (soilik hiru bazkidek betetzen zuten). Batzuentzat, baina, %2 hori motz geratzen da, eta orain %5era iristea planteatzen dute.

Hori egin ahal izateko, ikusten ari gara Europako Batasuneko gobernantza arau guztiak aldatu nahi dituztela, zor mugak gainditu nahi direla —finantza krisiaren ondoren Europa hegoaldeko eta Irlandako gizarteak hondoratu zituzten mantretako bat—, eta horretarako desbideratu nahi direla Berreskuratze Funtsak, Next Generation funtsak... Hor dago 2024ko maiatzean Europako Inbertsio Bankuaren maileguak lortzeko baldintzak aldatzea ere, proiektu militarrak finantzatu ahal izateko, eta mota guztietako erakunde, enpresa eta unibertsitateak gerra industriarako lan egitera bultza ditzan, besteak beste.

Azken egunetan, Europako Batzordeak proposatutako eslogan berria gehitu behar da: 800.000 milioi euro inbertitzea armamentuan datozen urteetan, nahiz eta ez dakigun ez nola, ezta zertarako ere.

Guztiak balio du, «gutxi gorabehera» hamar urte barru inbadituko gaituztelako edo lanpostuak sortuko omen direlako justifikazioarekin.

Espainiako estatuaren gastu militarrari dagokionez, deigarria da 2024rako erakunde ofizial bakoitzak zifra desberdinak argitaratzea: Espainiako Gobernuak 12.800 milioi, NATOk 18.045 milioi eta SIPRIk 22.200 milioi. Alarma gorri guztiak piztu behar lituzke zenbaki dantza horrek.

Zifra nahaste hori sortzen da, alde batetik, erakunde bakoitzak gastu militartzat hartzen duenagatik, eta, bestetik, datuen fidagarritasunik ezagatik. NATOk zehazten ditu Defentsako gastuak, eta honako kontzeptu hauetan gastatutakoa bildu behar luke: Barne Ministerioaren tropak, atzerriko misioak eta operazio humanitarioak, Guardia Zibila, NATOri eta nazioarteko beste erakundeei eginiko ordainketak, zerbitzu misto zibil-militarrak, armagintza logistika eta departamentu militarretako langileen erretiro pentsioak.

Espainiako gobernuak ez ditu kontzeptu horiek guztiak kontabilizatzen. Gastu militarrak beste ministerio batzuetan ezkutatzen ditu (13 ministerio baino gehiagotan armadarako edo industria militarrerako partidak kontabilizatzen dira), kontingentzia funtsak eta aurrekontuz kanpoko aparteko kredituak erabiltzen ditu erregulartasunez. Kopuru honi gastu militarrari egotz dakizkiokeen Zor Publikoaren interesen ordainketa gehitzen badiogu, gastu militarra BPGaren %2 baino handiagoa da, eta %5era hurbiltzen da.

Gaur egun, gerra eta armak planteatzen dira oinarrian arrazoi ekonomikoak eta baliabideen banaketa —eta ez askatasunaren edo demokraziaren defentsa— dituzten gatazken konponbide bakar modura. Herritarrek badakite armadara edo ekoizpen militarrera bideratzen den dirua ez dela haien bizi baldintzak hobetzera bideratzen (hezkuntza, osasuna, mendekotasuna... lanpostu gehiago eta gizarte ongizate handiagoa sortzen dituena). Argi daukagu: gerrak suntsipena dakar, hildako eta elbarritutako pertsonak. Intsumisioa armadari eta desertzioa gerran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.