Orain bi urte, 2008ko abenduaren 1ean, Mikel Laboa (Donostia, 1934-2008) abeslari kutunak bere familia, lurra, gure Euskal Herria utzi zituen, eta han goian topo egin zuen bere txoriekin. Ustekabean eta minez jaso zen albiste hura, ezinezkotzat jotzen baitzen, artista handiek duten betikotasun espiritualarengatik. Eta isiltasun bat utzi zuen, sormen eta komunikazio hutsune bat, pertsona ospetsu bikain baten galeragatik.
Aspaldidanik harekin harreman estua edukitzeko aukera ere izan genuenok, haren espezialitate mediko garaian, Bartzelonan, 1964an, antzeman genuen haren estruktura humanista bihotzekoa, herri baten balio tradiziozkoenetan errotua, zeinek haren inspirazio alderdi zabala sorrarazi zuten. Euskararen bultzatzaile eredugarria izan zen, baita Euskal Herriko arazoekiko solidarioa ere. Gogorarazi beharrekoa da, orduko egoeraren esanahiarengatik, 1976an beste euskal artista nabarmen batzuekin batera Biennale di Veneziara joan izana, Amnistia Denontzat lelopean. Mikel, bere herriarekin loturiko ia euskal arte guztia bezala, doilorki bazter utzia izan da Espainian.
Euskal kulturari ekarpen garrantzitsua egin dio, eta ekarpen hori garrantzitsua izango da aurrerantzean ere gure historia garaikidean. Garai oinarrizko bat nortasunaren lehengoratzean eta sorkuntza artistikoan: andereñoak, ikastolen eta euskara batuaren hasiera, Ez Dok Amairu, Gaur, Emen, Orain, Danok talde artistikoak, Durangoko Euskal Liburu Azoka, Arantzazuko santutegiko estatuagintza eta abar.
Abangoardiako ahots adierazpen forma baten ekarpena izan zen, zalantzarik gabe, herri baten sustrai bereizgarrietan oinarritutako konposizio erreferentziatik abiatuta, herri baten sinesmen, tradizio eta hizkuntza bakar batean oinarrituta; euskaran, alegia. Ahozko tradizioan oso oinarrituriko antzinako hizkuntza berezi bat, zeinari balioa handitu baitzion mintzaira adierazkor eta musikal berri bat gehitzeko baldintzari eta gaitasunari, garaikidetasun erabatekoa emanez, bere etorkizuneko estimua, erabilera eta iraupena aurreratuz.
Laboak, umiltasun pertsonal eta soiltasun eszeniko batetik, handitasun erabatekoa lortu zuen, bere emanaldietan atmosfera kutsakor poetiko soil bezain sakon bat sortuz formaren eta mamiaren artean. Ahots sakon batekin helarazitako konposizioak, semantika hunkigarri bateko hitzekin eta arbasoen eduki sarkorren edertasunarekin, batzuetan ia ahazturiko askotariko oroitzapenekin, naturari, bizitzari, etnografiari, sufrimenduari, euskarari eta herriari buruzkoak, etengabeko autoestimu eta askatasunerako deia igorriz.
Tonu adeitsuko fraseatze bero, maitekor bat, soinu zorrotz, samur eta lasai guztiz adierazkorrekin osatua, goxotasun, harmonia eta sentimenduz eratutako erregistro harrigarriekin adierazia. Ahots urratze polikromoak egiteko gai zen, soinu eta tonu epiko esanahiz beterikoak dituzten ñabardura eta egituretan. Zenbaitetan hitzak ordezkatzen zituzten soinu eta tonu horiek, arte paisaia fonetiko eta onomatopeiko miresgarria sorraraziz; esperimentala eta abangoardista baitzen, hunkigarria bere sakontasun espiritualarengatik.
Musika mezuek, haren presentzia soilarekin zuzenean bereziki hautemandakoek, sakontasunaz gain sentimendu sorta bat igortzen zuten, kutsarazterainoko samurtasunarekin, bere ozentasunaren bidez ikus-entzuleen sentiberatasuna blaituz, eta denbora emoziozko bat konposatuz, zentzumen distira bat konposatuz, zeinak gaiaren aldetik zenbaitetan pizten baitzuen negar espiritual bezain erreal bat.
Artista gisa haren bizitzako momentu goren eta merezitako bat, agian, alderdi estetikoarengatik, orkestra berezitasunarengatik eta herriaren harrera jendetsu eta afektiboarengatik, 1999eko abuztuan Donostiako Viktoria Eugenia antzokian Donostiako Orfeoiarekin eta Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin eginiko kontzertua izan zen, musika epopeiak irudikatzen dituzten hiru obrarekin: Gernika (Lekeitio 4), Txoria txori eta Baga Biga Higa (Lekeitio 2). Babes kolektibo, bokal eta instrumental apartak erantzun eta lagundutako deklamazioak musika alderdi neurtezinak sortu zituen, are hutsunearen -kasu honetan haren ahotsa- eta osoaren -abesbatza eta orkestra- arteko euskal dialektika estetikoarekin bat etorriz.
2009ko abuztuaren 8an, Donostiako Musika Hamabostaldian, Laboaren Munduak merezitako omenaldia egin zioten, kolaboratzaile ohikoenen, musika sortzaile handien eta Iñaki Salvador eta Josetxo Silguero lagunen parte-hartzearekin. Bertan izan ginenok berriz ere antzeman ahal izan genuen, emozio indar ikaragarri batekin, aitorpen izugarria, maitasun soziala eta betirako geratuko den musika ondarearen garrantzi neurrigabea.
Haren diskografia oparoak, 1969az geroztik haren lagun handi Jose Luis Zumeta apartekoaren azal eder eta artistikoekin aberastuak, momentu ahaztezinak birsortzea ahalbidetuko digu, eta haren ezin bereizizko gitarrak, Juan Gorritik eskultura bihurtutako gitarrak, gogoraraziko digu haren sokak pertsona ospetsu jeniozko batek eragin zituela.
Laboak amaitu du bere lurreko errezitala, bere emanaldiak amaitzen zituen modu berean joan da, zuhurtziaz, agertokia poliki-poliki zeharkatuz azken soinuaren atzean urdin ilun batekin, entzunaretoan ondorengoentzat idazkun bat utziz, Baga, biga, higa... Ikimilikiliklik... adagio bero bat.
Musikaren historiak aitortuko du oroimen kolektiboan haren irudi kutuna eta haren obra ikaragarrizkoa, dimentsio kultural neurrigabekoa, euskal artean behar-beharrezkoa dena, eta betiko izango da Euskal Herriko ondare sentimentuzko baten gisan.
Herri benetan kultua bagina, haren sorkuntza benetakoa osotasunean aztertu beharko litzateke, eta, askotariko balioak direla medio, soinu monumentu gisa hartu beharko litzateke Euskal Kultura Ondare Ez-materialean.
Guztiagatik eta hainbestegatik, mila esker, Mikel.
Arkitektoa
Baga, biga... beti Laboa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu