Arkeologo langabearen balada

2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Sei milioi langabe. Zer esango dugu jada esan ez denik. Sektore guztiak asaldatuta. Arkeologia ere ez da gutxiago izango, eta bere inoizko langabezia tasarik altuenak ditu; bizi eta sufritzen ditugu. Arkeologia bezalako sektore underground batean (hobeto esaterik ez dago) lan bila aritzea ez da erraza. Balio beza honek beste hainbat sektoretarako, inon ez baita erraza, badakit. Lana topatzeko Lanbide, Infojobs… bezalako webguneetan nabigatuz, lekugabezia sentsazioa areagotu egiten da: «Lanbidea: Arkeologoa; Lekua: Edonon; Kategoria Profesionala: Edozein. Sakatu enter/bilatu… (tik-tak-tik-tak…)… Zure bilaketak ez du emaitzarik eman, saiatu beste irizpide batzuekin». Zer beste irizpide? Edozein lanbide edozein lekutan…? Horixe geratzen da noski. Eta hortxe amaitzen da zure formakuntzarekin zerikusia duen lan motaren bilaketa. Badaude halere, eta eskerrak, kultura arlora gehixeago bideratuta dauden bilatzaileak: Cultunet, Taller de Cultura… bezalako foroak eta guneak, non, tartean behin, ondarearen inguruko lan eskaintzak agertzen diren. Oasi txikien dirdira, desertuaren erdian.

Esan zidaten Gasteizko Lanbideko bulegoan: «Ez dakit zer gertatzen den azkenaldi honetan [Kortaturen abestiak bezala], arkeologo asko heltzen da hona». Ba hortik atera kontuak. Arkeologia enpresen itxierak bata bestearen atzetik datoz. Madrildik iritsi zitzaizkigun lehen oihartzunak orain dela urte batzuk; orain, ordea, etxean dauzkagu. Eraikuntzaren porrotak bere atzetik ekarri du Arkeologiarena ere. Ez ahaztu: lurrik mugitzen ez bada, guk ere ez daukagu lanik, ez dugu aztertzeko lurpeko ezer.

Horrela iritsi zaigu guri ere «fuga de cerebros» delakoa: Idoia Manchesterrera joan da, arkeozoologian ea zer edo zer topatzen duen; Alex, berriz, Historiaurreko ikerketa zentro batean dago Alemanian, 38 urterekin bekadun. Leire eta Erkuden Mexikoko indusketa batera joatekotan dira; Olga, berriz, Australiara koralen inguruko biologia ikerketa bat egitera. «De lo suyo» delakoaren lan topaketa utopiko hori. Españoles o callejeros en el mundo bezalako saioak hainbeste erakusten dizkiguten gazte ekintzaileen ereduei jarraiki. Marina del Corral ministroa zen gazteen abenturazaletasunari gorazarre egiten ziona, ezta?

Ikerketari ere itxi zaizkio bada ateak, diru laguntzak moztu dira. Are gehiago, estatu espainiarrean hainbat ikerketa proiekturen finantzaketa blokeatu du Ogasun Zentralak, Autonomia Erkidego horrek bere defizit egoera gainditzen ez badu. Horrela, hainbat unibertsitate eta ikerketa zentroren nazioarteko ikerketak bertan behera geratu dira.

Ondarearen Legedia ere, hanka sendorik inoiz eduki ez badu ere, herren antzera ari da geratzen. Madrilgo Erkidegoan, legeria eraldatzekotan dira, Eurovegas, lasai ederrean, arkeologoen gainbegiraketa gogaikarririk gabe egin dadin.

Eta gurean hortxe gaude, kulturan %10eko murriztapenak aurreikusten dira, eta Urkullu eta haren lagun edo ez hain lagunek hori nola kudeatuko duten zain. Horren baitan baitaude hainbat pertsonaren egitasmo, ikerketa proiektu eta ogibide.

Ez finantzaketarik, lege babesa ere kolokan, ondare historikoaren alde egiteko bururatzen zaidan bakarra da, Thyssen baroisa behin bere museo aurreko ehun urteko zuhaitzak bota behar zituztela eta horietara nola kateatu zen, bada, horrelako zer edo zer egin beharko dugula arkeologook ere silare harrietara lotuz eta hondeamakinei aurre eginez.

Edota, bestela, behin administrazioko teknikari batek esan zigun bezala, aisialdirako arkeologi hura berreskuratu beharko dugula, non arkeologo jauna (jar iezaiezue sotana bat) bere ikasle edo adiskideekin asteburutan joaten zen Euskal Herriko kobazulo edota trikuharriak industera, auzolan giro ederrean. Ez dago gaizki esana, baina nago horrela arkeologia lanbide duin bat bihurtzearen alde egin den urteetako borrokan ez ote den atzeraka pausoa ematen. Balada triste samarra, beraz, arkeologoarena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.