Xabier Makazaga.
Estatu terrorismoaren ikertzailea

Argitu gabeko kasuak?

2025eko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak argitu gabekoen atalean sailkatu ditu Espainiar Segurtasun Indarrek tiroz hildako etakide zein Komando Autonomo Antikapitalisten militante ugariren kasuak. Atal horretan sartu ditu, nahiz eta askotan argi baino argiago egon zer gertatu zen. Zorionez, hasia da injustizia itzel hori zuzentzen. Pasaiako portuan duela 41 urte eraildako lau militante autonomoen kasua da horren adibide. 

Ipar Euskal Herrian errefuxiatutako komando autonomo baten bikotekidea zen Rosa Jimeno atxilotu zuen Poliziak Donostian, 1984ko martxoaren 18an. Atxiloketa sekretupean gorde eta, tortura latzen bidez, etxera deitzera behartu zuten. Gurasoei esan behar izan zien haurdun zegoen lagun bati laguntzen ari zela eta haren ondoan egon behar zuela. Gurasoak ez ziren dei hartaz fidatu, eta gobernu zibilera joan ziren, atxilotua zegoen galdetzera. Erabat ukatu zieten halakorik gertatu izana.

Bitartean, poliziek Rosa torturatzen jarraitu zuten, fisikoki (kolpeak, bainuontzia, elektrodoak, kirofanoa, poltsa…) eta psikologikoki (7 urteko bere iloba batek ikastolara zihoanean «istripu bat» izan zezakeela esanez…). Hala lortu zuten bost militante autonomo itsasoz zodiak batean Pasaiara joan zitezela, Rosa martxoaren 22an zain izango zuten tokira.

Bostak atxilotzera mugatuko zirela sinetsarazi zion Poliziak Rosari. Horren ordez, izututa ikusi zuen, adostutako tokira iristean, Poliziak haietako lau tiroz josi zituela, tartean bere laguna. Bosgarrena atxilotu egin zuten, torturatuz informazio garrantzitsua erauziko ziotelakoan.

Gainera, Rosak falazia izugarriak jasan behar izan zituen. Adibidez, Diego Carcedo kazetari ospetsuak Saenz de Santamaria jeneralaren biografia baimenduan, El general que cambió de bando, hau idatzi zuen: «Terroristei laguntza eman zien emakumeari dagokionez, jakin da Talde Autonomoetako kide zela, baina isil-mandatari gisa lan egiten zuela Poliziarentzat. Hari esker jausi zen taldea Poliziaren segadan».

Rosa Jimeno hainbat urtez espetxean egon zen arren, ez zioten inolaz ere isil-mandatari zela esateari utzi, eta honako hau zabaldu zuten hari buruz: «Oso ondo kokatuta dago hiri batean, zeinaren izena, bere identitate propioa bezala, pertsona gutxi batzuek baino ez dakiten, eta babes ofiziala du». Ba al zegoen ankerkeria handiagoa erakusterik?

Lau autonomoak erail zituztenean, «terrorismoaren aurkako iturriek» antzeko zerbait iradoki zuten: «Polizia antiterroristaren goi arduradun batek duela gutxi El País egunkariari esan zion Rosa Jimenori buruz gehiegi hitz egiten ari zirela, eta haren kideek pikatzeko arriskua zegoela».

Ikusten denez, Rosa Jimeno torturatu egin zuten haustea lortu arte, eta Pasaian Poliziak jarritako segadan eror zitezen deitzera behartu zuten. Horrela erail zituzten lau militante autonomoak; tartean, haren bikotekidea. Gainera, difamatu egin zuten, Poliziari borondatez lagundu eta autonomoek beraiek hiltzeko arriskuan zegoela esanez.

Segurtasun Indarrek eta agintariek zabaldutako bertsio ofizialaren arabera, lau militante autonomoen aurka tiro egin zuten poliziek militante horien tiroei erantzunez egin zuten. Gezur galanta da hori: militante autonomoek armak poltsetan zeramatzaten, eta ez zituzten inoiz atera. Gainera, jaso zituzten 113 bala kolpeetatik, batzuk oso distantzia laburretik botatakoak, asko postazkoak ziren, Segurtasun Indarrek debekatua duten munizioa.

Kasu honetan, Eusko Jaurlaritza hasi berri da zuzentzen hamarkadetan egin duena. Beste batzuetan, berriz, oso argi utzi du bere jarrera, Iñaki Iparragirre Iparra ETAko militantearenean, adibidez. Hil zutenean, 1974an, frankismo betean, 18 urte zituen. Bertsio ofizialaren arabera, informazio zerbitzuko bi guardia zibil Iparra atxilotzeko prest zirenean, tiroketa gertatu zen, eta haietako bat —Jeronimo Vera sarjentua— eta ETAko militantea hil egin ziren.

Auskalo benetan zer gertatu zen, baina, nolanahi ere, oso argi dago ez zela atentatua izan. Horregatik da hain ulergaitza Eusko Jaurlaritzak Iparraren bizitzeko eskubidea urratu zenik ukatzea eta biktima bakarra Guardia Zibileko sarjentua izan zela baieztatzea.

Bi aldeetako hildakoak izan ziren kasu horietan, Segurtasun Indarretako kideak soilik jo ditu biktimatzat Eusko Jaurlaritzak. Eta, are okerragoa dena, hildako bakarrak ETAko militanteak edo autonomoak izan direnean ere, ez du pentsatu tiroz hildako militanteen bizitzeko eskubidearen inolako urraketarik gertatu zenik.

Gobernu horren arabera, frankismo garaian zein geroago, ETAk eta autonomoek hil zituzten Segurtasun Indarretako kide guztien bizitzeko eskubidea urratu zuten, Meliton Manzanas torturatzailearengandik hasita, baina Segurtasun Indar horiek ez zuten ETAko militante edo autonomo bakar baten bizitzeko eskubidea urratu.

Gehienez ere, guztiz argitu gabeko kasuak izango lirateke. Oso garbi egongo ez balitz bezala zer ezkutatzen duten «bertsio ofizial» horien atzean. Kosta ahala kosta inposatu nahi diguten kontakizun gezurti askoa.

Alferrik dabiltza!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.