Argindarra, goi tentsioko arazoa

2014ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Pertsona omen da harri berarekin behin eta berriro estropezu egiten duen animalia bakarra. Etxebizitzen burbuilarekin gertatu bezala, energia elektrikoaren eskaria etengabe handituko zelakoan (interes handiak daude «argudio» edo uste horren atzean), elektrizitatea sortzeko eta garraiatzeko instalazio berriak eraiki dira neurrigabe urte luzez; nabarmena da, batez ere, azken hamar urteetan eraikitako gas instalazio kopuru handia. Errealitateak dio, ordea, energia elektrikoaren eskari gordina nabarmen gutxitu dela azken sei urteetan eta, are gehiago, urte batzuetan energia elektrikoa esportatu dela Espainiako Estatutik inguruko herrialde eta estatu batzuetara. Dirudienez, beraz, konpainia elektrikoak amortizatu ezin dituzten inbertsioei aurre egin beharrean daude gaur egun; 26.000 milioi euroko zuloa sortu da argindarraren sistemaren sarrerak kostuak baino txikiagoak izan direlako, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi berri du sektoreko bost enpresa handiek egin beharko diotela aurre defizitari eta ez herritarrek. Enpresa handi horiek, ordea (oligopolioa), beren erantzukizunari ihes egiteko tresnak dituzte, eta horretarako gobernu eta zenbait alderdi politikoren laguntza estimatua dute —oso susmagarria da, adibidez, alderdi politiko gehienetako zenbait ordezkariren erretiro postuak konpainia horiekin lotuak izatea—.

Ezin izan dutenez defizita diru publikotik amortizatu, egun hauetan, nabarmenegi gelditzerainoko estrategia lotsagarria lantzen ari dira: zuzenean kontsumitzaileen energia fakturarekin konpentsatu nahi dute. Espainiako Gobernuak aurkeztu duen erreforma elektrikoak, bestalde, energia berriztagarrien bidezko sorkuntza, autohornikuntza eta energia kontsumoa murriztea saihestu eta zigortu nahi du. Adibide bat jarriko dut: energia berriztagarrien bidez energia sortu eta kontsumitu nahi duenak bidesari bat ordaindu beharko du sare elektrikotik kontsumitzen uzteagatik. Hau da: eguzki edo haizea erabiltzeari bidesaria jarriko diote! Helburua nabarmena da: oligopolioaren are mendekoago bihurtzea herritarrak.

Egoera honetan, beraz, pentsa genezake, burbuilaz konturatuta, gutxienez, ez dela elektrizitate azpiegitura gehiago eraikiko. Ez bada! Red Eléctrica de España REE SAk, momentu honetan, Deikaztelu-Itsaso elkartuko lituzkeen 400 kilowatteko goi tentsioko linea eraikitzea bideratzen ari da: Nafarroako Sakanatik eta Gipuzkoako Goierritik barrena, 80 metroko altzairuzko dorrez osatutako lerroa, alegia. Energia garraio bidez lortzen duten zerga bilketa handitu dadin pairatu behar al dituzte landa guneetako herri txikietako biztanleek eta gure ingurumenak azpiegitura horren ondorioak? Antza denez, bai. Oligopolioaren mesedetan.

Eredu energetiko horren ondorioz, gipuzkoarrok kontsumitzen dugun energiaren % 95 kanpoan sortutakoa da, eta ia guztia erregai fosiletatik eratorria —kontsumitzen dugun energiaren %6 bakarrik dator energia berriztagarrietatik—. Horrez gain, azken sei urteetan kontsumoa jaitsi den arren, energiaren faktura %50 inguru igo da herritarrentzat eta enpresentzat, eta Gipuzkoako 25.600 etxebizitzak pobrezia energetikoa dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak Energia Plana aurkeztu du. Abiapuntua Gipuzkoako gaur egungo argazkia egitea eta eredu energetiko berri baten oinarria jartzea izan da. Helburu nagusiak: berotegi efektuko gasak murriztea, energia aurreztea eta eraginkortasuna handitzea, energia berriztagarriak sustatzea, udalei laguntzea, gipuzkoarren etorkizun energetikoan eragitea eta energia alorreko Gipuzkoako industria indartzea. Bide luze horretan, hainbat ekintza martxan jarri dira dagoeneko, eta berriak ere bideratuko ditugu datorren urtean.

Gipuzkoa, eta Euskal Herri osoa, beste energia eredu baterako bidean jarri behar dugu. Eredu sozializatuagoa behar dugu, sorkuntza kontsumitzaileen kontroletik askoz ere hurbilago duena, eta kontsumo iraunkorrean oinarritua. Energiak gutxi batzuen negoziorako baliabide izateari utzi behar dio, eta hurbileko premiazko bitarteko bihurtzea lortu behar dugu. Hori da apusturik sendoena eta arrazionalena, heldutasunez haren etorkizunaren jabe izan nahi duen jendarte batena: norabide horretan egin behar ditugu, beraz, urratsak. Alternatiba begien bistan dugu: oligopolioaren esanetara jarraitzea eta argindarraren tarifaren hurrengo gorabeheren zain geratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.