Argazkia lekuz aldatzeko ordua

2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Eguneroko zurrunbiloak ikusezin bihurtzen omen ditu inguruan ditugun argazkiak eta koadroak bigarren hilabetetik aurrera, lekuz aldatu ezean. Azkenean, egunerokotasunak ikusezin bihurtzen baitu inguruan duguna, artelanak ere paisaiaren baitan ohiko bihurtuz. Antzekoa gertatzen ari zaigu azkenaldian Udalerri Euskaldunon Mankomunitatearen zuzendaritzan gabiltzanoi. Izan ere, egun garrantzitsuak ari dira izaten Uemarentzat: hainbat mugarri ari zaizkigu agertzen bidean bata bestearen atzetik, eta ibiliaren ibiliaz urratsen garrantzia lausotu arren, ez dira haatik bigarren mailakoak. Arreta merezi dute guztiek, bere horretan.

Esaterako, oraintsu amaitu dugu Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak jardunaldia. Soziolinguistika Klusterrarekin batera antolatu, EHUk eta UEUk lagundu, eta Eusko Jaurlaritzak babestu duena. Bertan, udalerri euskaldunen eta arnasguneen arteko muga, nolabait, erabilerak zehazten duela nabarmendu zuten bateko eta besteko adituek. Argi ikusi dugu jardunaldi horretan bertan aurkeztutako kale erabilera neurketekin. Uemako herrietako eta Tolosaldeko 76 udalerri aztertu dira. Guztira 54.715 elkarrizketa behatu dira azken hilabeteotan. 160.000 solaskide inguru. Hauetan guztietan, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko harremana aldatu egiten da udalerrien tipologiaren arabera. Demografikoki zenbat eta apalagoak izan herriak, erabilerak gora egiten du oro har. Eta baita ezagutzaren arabera ere. Ezagutza %80tik gorakoa den herri gehienetan, erabilerak gora egiten du nabarmen. Euskara bere eremu naturalean lasai erabiltzen den eta, beraz, arnasgune diren dozenaka eta dozenaka udalerri ditugu oraindik. Horrek guztiak ikerketa ildo berriak zabaldu dizkigu, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak sakon aztertu ahal izateko, eta hartara arnasguneen garapenerako hizkuntza politika aurrerakoia lantzeko.

Luze idatzi eta hitz egin daiteke gaiaren inguruan. Baina, azken batean, jardunaldiaren ondorioetan nabarmendu genuen moduan, denak du eragina hizkuntzan eta, beraz, hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna ezinbestekoa izango da aurrera egiteko. Zeharlerrotasuna, ordea, ez da posible konpromisorik gabe, euskara erdigunean jartzea eskatzen baitu zeharlerrotasunak.

Konpromiso hori islatu du aurten Euskararen Nazioarteko Egunerako hainbat erakunde publikok berriro ere elkarrekin adostu dugun testuak. Egindako bide askoren emankortasuna aitortu, eta emankortasuna auzolanean areagotzeko giltzarria elkarlana dela nabarmenduz: Ā«Une aproposa da administrazioak eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko. Euskara erabiltzera eramateko. Une aproposa da euskararen lurralde eta eremu guztietarako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntzaren bidetik sendotzeko. Erabileraren mesedetan. Eta euskarak elkarlan horien guztien premia du. EzinbestezĀ».

Lankidetza, berrikuntza eta elkarlan horien guztien isla da egunotan askoren artean aurkeztu dugun Euskaraldia ekimena ere, Euskal Herrian hamaika egunez euskaraz aritzeko eta hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoa. Udalerri euskaldunoi, dagokigun arduratik eta euskararen normalizazioan dugun erantzukizunetik, hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago garela erakustea dagokigu. Horretan ahaleginduko gara hurrengo hilabeteotan, hamaika alor erakutsiz, hamaika egiteko dugula gogoraraziz, herritarren kontzientziazioan eragin nahian, euskarak gure bizitzetan zenbaterainoko pisua duen ikusarazteko.

Hizkuntza politika eraberritzeko Kontseiluak egindako deia eta euskararen normalizazioan aurrerapausoak egiteko EHEk proposatutako neurri zehatzak ere mugarriak dira lankidetzan egin beharreko bide berrian. Azken batean, zehaztu egiten baitute euskararen inguruan sortzen ari diren zubiek zer-nolako oinarriak behar dituzten benetan sendoak eta eraginkorrak izateko, benetako zubiak izateko, erdaren emari handiaren gainetik lasai ibiltzeko.

Azken batean, zeharlerrotasuna, lankidetza, konpromisoa, elkarlana, arnasguneen garapena, herritarren aktibazioa, planifikazioa, kontzientzia hartzea eta antzekoak aipatzen ditugunean, ez gara ezer berria esaten ari. Hitz hutsetatik harago bidea egiteko ordua dela baizik. Baina benetan. Eta denok. Hitzekin eta argazkiekin borondatea azaleratu daiteke behin eta berriro, baina erabaki ausartak behar dira gero bidea zabaltzeko. Ordezkatzen dugun erakunde bakoitzak ere bere ispilura begiratu eta nork bere erantzukizunari eutsi beharko dio. Euskarak dagokion lekua izan dezan, udalerri euskaldunetan zein gainerako euskal herrietan. Bestela, paisaiaren baitan ohikoa bihurtuta, ikusezina izango da artelana. Argazkia lekuz aldatzeko ordua da.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Onintze Amezaga, Lierni Altuna, Mikel Ansotegi, Amaia Azkue, Aitor Elexpuru, Andere Enbeita, Nekane Iribar, Manuel Labaka, Eneka Maiz eta Josetxo Mendizabalek. Zuzendaritzako batzordekideak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.