Arborizidioak ezkutatzen duena

Edu Zabala
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Duela bi urte sortu zen Baso Biziak plataforma, baso bizien alde eta monolaborantzaren kontrako aldarriarekin, ikusita pinudietako xingola marroia hankaz gora jartzen ari zela sektore hori; eta, baso politika beste norabide jasangarriago baterantz jarri beharrean, zaharrak berri, eukaliptoaren gorakada ezarri dute sektoreko agintariek.

Basora, mendira begiratzen dugu, baina baita gune urbanoetan dauzkagun edo izan nahi ditugun denon berdeguneei ere; izan ere, herritarrok, oro har, mendian baino gehiago kalean ematen ditugu gure bizitzaren ordurik gehienak. Beraz, ezin dugu, ez dugu egin nahi binomio bereizgarririk kalearen eta mendiaren artean, gure osasuna bietan, eta bereziki gune urbanoetan, jokoan daukagulako gero eta gehiago.

Azken urteotako bero-boladek, lehorteak, suteek eta klima larrialdiak dakartzaten arazo horiei guztiei gehitu zaizkio hainbat udaletako arborizidioak asfalto basatiaren alde, betiere interes pribatuen mesederako. Ikus Iruñean, Donostian, Deustun, Zarautzen, Astigarragan, Irunen eta penintsulako beste hainbat herritan egiten aridiren edo egin nahi dituzten txikizioak.

Guk, beste askok bezala, argi daukagu gero eta beharrezkoak direla berdeguneak, izan zuhaitz, parke, lorategi edota eraztun berde, horiek bermatuko dizkigutelako kanpoko aterpe klimatikoak muturreko egoeren aurrean.

Berdegune hauek guztiek, herritarron osasunerako mesedegarria den zerrenda luzea dakarte berarekin, hala nola tenperaturaren kontrola, kutsadura akustikoa murriztea, arnasten dugun airea garbitzea, uraren erregulazioa, osasun psikologikoa eta fisikoa hobetzea, ekonomia hobetzea, bioaniztasuna ugaritzea...

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, bero-boladak muturreko fenomeno meteorologiko arriskutsuenetako bat dira, eta horrek morbilitatea eta hilkortasuna areagotzea eragiten du.

Ikerketa ugari daude guzti honen inguruan, baina guk Hiritik Harira taldeak egindako azterketa bati erreparatu diogu; bertan, gure hiriburuek dauzkaten gune artifizializatuak eta berdeguneak kontrajartzen dira tenperaturaren arabera, eta guri dagozkigun ondorioen artean hauexek aukeratu ditugu: zuhaitzak eta landaredia gehiagotu egin behar dira, eremu berdeak zaindu eta hauek sortzen dituzten onura klimatiko zein naturalak mantendu, azpiegitura berdeak sendotuz.

Bestalde, The Lancet argitalpen zientifikoak publikatu du Europako 93 gune urbanotan egindako ikerketa bat, zera gomendatuz: %30 handituko bagenitu berdeguneak, 0,4 gradu jaitsiko litzateke hirietako batez besteko tenperatura, bero-boladek eragindako heriotzen %40 ekidinez. Hainbat gune urbanotan bide hori hartzen ari dira, hala nola Parisen, non 2026ra arte, 170.000 zuhaitz landatuko dituzten; horrekin batera, aparkalekuak kenduko dira berdegune bilakatzeko 2030erako, eta asfaltoaren %40 eraitsiko da.

Hau guztia ikusita, ezer gutxi gehitu dezakegu Administrazioan daudenen erabakiak zentzudunak izan daitezen, politika pribatuek eta interes partikularrak ez daitezen denon osasunaren eta biziraupenaren gainetik jarri; kontrakoa egitea, hots, arborizidioak burutzea eta berdeguneak ez handitzea, herritarron osasunaren eta beraien ahalmen ekonomikoaren kontrako politikak bultzatzea litzateke.

Zentzudunak izan gaitezen, mesedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.