Arazoren bat Olentzerorekin?

2016ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Alepoko sarraski putiniarraren ondoan, trumputinismoaren mehatxua. Parisen, Pekinen bezala, ezin arnastu, mikro partikulak eta antizikloi tematia direla medio. Gurean, preso eri larriak beti kartzelan. Ez da girorik, baina Baionako plaza nagusian, Eguberriko merkatuaren lekuan jarri den noria handiari begira, otu zait aurten Aita Noelen aipamen gutxiago eta Olentzeroren gehiago entzuten dela.

Bizar Zuri neurri gabeko kontsumismoaren konplizea dela esaten digute, dendariek erabilia; gure Olentzero, aldiz, ziklo kosmikoen adierazlea, eguzkiaren eta naturaren sinboloa. Auskalo nondik atera den ikuspegi hori. Ezaugarri amankomunak dituzte biok, desberdinak izanagatik, eta funtzio bertsuak betetzen dituzte: urtaro horretan eske ibiltzen diren gazte eta haurren ondoan izatea edota opariak ekartzea, urte hasierari lotuak diren pertsonaia gehienen moduan.

Gure Hegoaldeko herri zenbaitetan ospetsua da Nikolas Txiki, asto gainean eta haurrek inguratua ateratzen dena, balkoietatik erortzen diren gozokiak jasotzera. Alderantziz, Belgikan, Holanda eta Frantzia ipar-ekialdean, San Nikolas bera kebidetik sukaldera sartzen da, zapatetara opariak ematen ditu eta berari eta astoari utzi dieten janaria hartzen; harekin datorren pertsonaia ikaragarri batek, ostera, umeak eramaten ditu (zituen) bere bizkar-saskian. Nikolas Amerikara emigratu, apezpiku arropak erantzi eta berriz itzuli zen Europara; Frantzian Aita Noel gisa zabaldu zen, bereziki bigarren mundu gerla ondoan. Salbu, kopla oso zahar batean, eskelariak Noel jaun batek bidaliak zirela kantatzen zutela, pertsonifikazioak erro zaharrak badituelako froga. Hargatik, paganoa eta komertzioak baliatua zelako, urkatu eta erre egin zuten Dijoneko katedraleko atarian 1951ko Gabon arratsaldean. Beno, Olentzero ere erretzen dute Lesakan, eta Zanpantzar Lapurdiko inauteriaz. Jakin izan balute kalonjeek suak indarberrituta piztuko zela...

Antzera aritzen dira Eguberriko beste pertsonaiak. Jesus haurra, maiz neskatila batek ordezkatua, astoarekin etxez etxe ibiltzen zen XX. mende erditsu arte; Ipar Euskadin, Xipri Arbelbidek gogoratzen duenez, tximiniatik sartu eta gozoki edo laranja zerbait uzten zituen, orduko etxe gehienetan bezala. Errondaz eta kantuz ateratzen ziren Zarautzen Erregeak, eta haien izenean batzen dute haurrek gabonkaria Bizkaian. Italian Befana dute, Alemanian Frau Holle eta Berchta. Jura aldeko Tante Arie asto gainean datorrela iragartzen du haren txilin soinuak: oparitxoak dauzka haur zintzoentzat, zigorra bihurrientzat; eta eskaleen troparekin ere azaltzen da.

Badirudi eskale aritzen dena emaile bilaka daitekeela, edo alderantziz, eta gaitasun hori pertsonaia hauen funtsezko izaera dela. Hemen arrangura dira batzuk Olentzero opariak egitera bihurtu dela, orobat garbitu eta leundu. Gu ere goizetik arrats apain-apaina jantzita, itsasoan zein mendian dena lycra distiratsu, nola nahi dugu gero Olentzero arlote izan dadin? Eta nor da prest haurrei esateko ez dela beti oso zintzoa?

Beste kezka batez zamatua da gure gizona, sexu-generoen berdintasunezkoa; Olentzero emakumea existitu arren —Leitzan, adibidez—, Mari Domingi jarri zaio alboan; eta hari menpeko rola suertatu baitzaio, salatua izan da. Aitortzen dut hastio dudala buru gainean ezartzen dioten patata-zaku erdi bete hori, are gehiago zintzilikario moduan daraman zapiak, usain sexista dariola, andre gaixoari ahoa estali eta isilarazten duenean.

Ez dira hor bururatzen korapiloak. Olentzerok ez du beste zenbait pertsonaiak adina mitologia, mehea da haren istorioa: mendian aditu zuen Jesusen berri ematera etorri zela, igitaia eskuan lepo-mozle aritzen zela nonbait eta haurrei aipatzen zitzaiela beldur emateko... Guk, mitozaleak baikara, laster bilatu diogu zer edo zer mamitsuago. Eta hara non «azken jentil» bilakatu den. Ezagunak dira jentilak nola galdu ziren esaten duten kondairak. Leizadiko koba batean bizi ziren eta sekulako izar eder bat agertu omen zen hodeietan; erdi itsutua zen jentil zahar bati betazalak zabaldu zizkioten endaiekin, hark esan zezan zer fenomeno ote zen; eta izarra ikusi orduko deiadar egin omen zuen agureak: Ai ene umeak! Kixmia jaio duk, galduak gaituk oraintxe. Bota nazazue ni gain behera! Eta hala egin zuten. Jesukristori deitzen zioten Kixmia, eta kristandadea munduan zabaltzen hasi zenean, jentil denak sakabanatu eta berehala galdu omen ziren. Hala bukatzen dira Barandiaranek bildu zituen antzeko kondairak, eta hala idatziak ziren 1960an argitaratu zituenak. Gero, urteak pasatuta egin diren edizio berrietan, amaiera luzeagoak aurkitzen dira, hala nola: «Jentil bat izan zen, beraz, lehen Olentzero». Eta ordutik aurrera Olentzero jentila zela errepikatzen da nonahi. Berriak zahar? «Ez da larria», ziostan ipuin sortzaile batek, «mitologianfikzio asko bada eta beste batgehiago ez da kalterik». Bai, baina halere...

Are, itzuliño bat norian eta, partikula guztien gainetik, fortunaz, Oriko txoria ikusiko dugu Orin, munduaren bukaera dirudien zerumugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.