Aralar ondoren

2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ez da amaiera, ziklo baten helmuga da: Ezker Abertzaleko kideon konpromisoa ez delako alderdi baten hasierarekin hasten edo amaierarekin bukatzen; Aralarrek ordezkatzen duen sentsibilitatea Aralar alderdia izan aurretik bazelako eta Aralar alderdia desegiten denean izan izango delako; bagarelako. Adiorik ez, konpromisoak darrai.

Badenari amaiera emateak, desegitea proposatzeak berak sortzen duen bertigoarekin; hurrengo egunean izan daitekeenaren eta ez daitekeenaren irudikapenek sor ditzaketen kezkak eta zalantzak ematen duten kemenarekin gaindituz, eta koherentziaz jokatzeak irekitzen duen bideak bultzatuta hartu dugu erabakia.

Aralar alderdiaren sorreran ezarritako helburuak beteta, ez soilik gure ekarpenagatik, baina baita gure izateagatik eta egindako ekarpenagatik ere, posible izan dugu emandako hitza bete, jatorritik desagertzeko sortuak ginela baieztapena errealitate bilakatu. Alderdiak, erakundeak lan egiteko bitartekoak besterik ez direlako.

Baina ez dut ezkutatu nahi, batez ere etorkizunagatik, Ezker Abertzalearen Batasunagatik eta ezkerreko mugimendu abertzale zabala artikulatzeko eta garai berrietara egokitzeko ahalegin bat ez denik. Demokratizazio prozesua eta iraultza soziala soilik ezkerreko mugimendu abertzaleak bultzatuta etorriko direlako; orain arte gertatu den bezala. Baina ziklo bakoitzari aurre egiteko bideak, jokabideak ezin dira berberak izan, nahiz eta helburuak berak izaten jarraitu.

Garai latzak bizi ditugu herri, herritar, langile, euskaldun gisa. Ez dakit ohartzen garen bizi dugun egoeraren larritasunaz. Erregimena inolako mozorrorik gabe, lemazain; gobernu bat kartzelan eta exilioan, herritarrekin batera demokratizazio prozesu bat abiatzearren, gabeziak gabezia; bake prozesu bat oztopatua, giza eskubideen urraketak normaltzat hartuta; gazteen, belaunaldi berrien zailtasunak, ezintasuna ez esatearren, bizitza proiektua prekaritatetik kanpo eraikitzeko; gizarte arrakala gero eta zabalagoa, eskuina eta berau sostengatzen duten botere ekonomiko mediatikoek bultzaturiko aberastasun pilaketarako neurri ekonomikoen ondorioz; urteetan herri honetako borrokagintza- desberdinek eraikitako erakunde, babes publiko, estaldura soziala, hezkuntza sistema, kultura... desegiten... Hizkuntza, kultura gutxituen maitale arriskutsua lagun: globalizazioa.

Bada, ez dira makalak Ezker Berriaren, Euskal Herriko Mugimendu Zabalaren erronkak! Banderizoen jatorri eta kultura gainditzeko garaiak, etorkizunak arduratzen eta arduratuko bagaitu. Gure artean etiketak jartzen baino gehiago, elkarrekin zer egin genezakeen geure buruei galdetu eta auzolanean saiatzeko garaiak. Pertsona guztiak, ideia guztiak eta proiektu guztiak leloak irudikatzen duen jendartea eraikitzeko, kultura politikoa zabalduz. Politika balorean jarriaz; balioen politika praktikatuz. Errespetutik, aniztasunetik.

Beraz, zergatik ez Euskal Herria mundua ezkerretik eraikiz gure ekarpentxoa egiten jarraitu?

Gaudenetan jarraitzeak iraganean katramilatzea dakarrelako; eskuinaren pozerako. Beraz, zergatik ez?

Zergatik ez, Gernikako Akordioaren filosofiari jarraiki aldebakartasunaren bidetik jarraitu herri eraikuntzan? Euskal Herrian eredu jarri izan den eta garairik gordinetan gintza-ren praktikatik aldebakartasunez jorraturiko ekintzailetasunarekin jarraitu.

Aldebakartasunak herritarren saretzean sakontzea eskatzen duelako. Auzolana.

Aldebakartasunak kreatibitatean sakontzea eskatzen duelako. Berritzea.

Aldebakartasunak kemenez jokatzea eskatzen duelako. Ahalduntzea.

Finean, herri bat garela sentitzea, bizitzea. Eta agian, herriaren etorkizunean, eta ez bakarrik geroan amesten dugulako, hartu izan ditugu hartutako erabakiak iraganean, nahiz eta maiz ez garen ulertuak izan. Orain, hartuko dugu Aralar alderdia ezabatzearen erabakia. Euskal Herriaren etorkizunak bultzatzen gaituelako.

Horregatik guztiagatik gure 7. eta azkeneko biltzarraren txostenak izena du Etorkizunaren erronka eta gure bukaeraren ikurra puntu eta koma delakoaren itxurarekin irudikatu nahi izan dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.