Aralar guztion artean

Naiara Corcuera, Iñaki irizar
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Aralarko arazo korapilatsuaren inguruko zentzugabekerien zerrenda luzatzen doa, eta, konpondu beharrean, egunez egun gordinago dago. Naturgune babestu batez ari gara, eta XXI. mendean jada aurrera goazelarik, ez litzateke gogorarazi behar han abeltzaintza, naturaren kontserbazioa, paisaia eta aisialdia ahal direla eta behar direla bateragarri egin. Baina errealitate gordinak erakusten digu badagoela, bere abeltzain interes partikular baztertzailearekin itsuturik, zentzu horretan aurrera egiteari uko egiten dionik.

Berriki, Goierriko Baserritarren Elkarteak Ordiziako merkatuaz baliatu da Aralarren ezagutza zientifikoaren, kudeaketa publikoaren eta dibulgazioaren alde ibilbide luzea eta ezaguna duen Goierriko ordezkari bat publikoki deskalifikatzeko. Pankarta narras baten bidez, erdeinuzko mezu argia bidali du Aralarren ikuspegi integratzaile bat defendatzen duenari. Zertarako arrazoitu, zuzenean iraindu litekeenean?

Gertakari horrek agerian uzten dizkigu gutxienez bi kontu, gizarte ikuspegitik zein baino zein kezkagarriagoak direnak.

Lehenengoa, Baserritarren Elkartearen jarrera. Agerikoak dira Gipuzkoako lehen sektoreak dituen errentagarritasun eta lehiakortasun arazoak. Lekuko merkataritza, ekoizpenen banatze sare zuzenak eta antzeko beste zenbait ekimenek lehen sektorea hiri ekonomiara hurbiltzen du. Erabakigarriak izan litezke sektore horren etorkizunerako eta horrexegatik bultzatu behar ditugu. Nola ulertu, beraz, abeltzainen izenean, eta merkatu egunean, Elkarte horrek «eko-urbaniten» kontzeptu aldrebesa ikur gisara erabiltzea bere bezeroen aurrean? Eta Aralarren etorkizunaz erabakitzeko ahalmen esklusiboa euren gain hartzea, noiz eta Aralarren jabetza/titularitatea goierritar guztiena dela eta lanen nahiz instalazioen finantzaketa gipuzkoar guztiona?

Tamalgarria da lehen sektoretik Naturaren aurkako hainbat jarrera nola suspertzen diren ikustea, dituzten gaitz guztiak ingurumen politikei leporatuz eta, kuriosoa dena, sektorearen errealitatean landa garapenaren politikek betetzen duten eginkizun nagusia ahaztuz. Hitz egin dezagun argi. Landa sektorearen ajeak konpontzeko ezin dira horrelako bidezidorrik erabili, eta are gutxiago besteei errua egotzi.

Kezkatu behar gaituen bigarren alderdia gure instituzioen funtzionamendu eskasa da. Horren adibide dugu duela gutxi Aralarko Mankomunitateak izandako bilera non bozkatu eta hartu zen erabaki harrigarria arazo honi buruz Aranzadi Zientzia Elkarteak egin berri duen ikerketaren edukia ez zabaltzea izan zen. Aranzadiz ari gara, Aralarren ikerketa, dibulgazioa eta balioen nahiz bere artzain jatorrizko kultura eta ondarearen defentsan erreferentziazko erakundea denaz. Zeri dio beldur Mankomunitateak? Akaso hobe da ezjakintasunetik erabakiak hartzea?

Aldi berean, Foru Aldundia daukagu, kudeaketa partekatuan oinarritutako gobernantza eredu berriak sustatu eta aldarrikatzen dituen bitartean, arazoa errespetuan eta ezagutzan oinarritutako konponbide adostu batera bideratu ordez, gaia kudeatzeko erabateko ezgaitasuna erakusten ari dena oraingoz.

Ez dirudi Oiduiko bordaren erreketa tristeaz geroztik, jarrera desegokien uxaketan gauza handirik aurreratu dugunik. Naturtzaindia Elkartearen aldetik, etorkizuna zorpetu gabe egungo behar guziei erantzuna emango dion Aralar baten alde indarrak batu eta lanari zorrotz heltzeko deia nahi dugu egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.