Aralar eta abeltzaintza-eredua

Aitor Leiza eta Aitziber Sarobe
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Harrabotsa astindu da berriro, Enirio-Aralarko herrietan, auzibidean dagoen Saltarrirako pista dela eta. Gaia ez da berria: 2016. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Enirio-Aralar mankomunitatearen onespenarekin, Intzentsao eta Goroskintxu artean pista berria eraiki zuenetik etengabea da gatazka. Epaileak Eguzki eta Landarlan talde ekologistek jarritako salaketa behin-behinean artxibatu duelako, altxa dira pista horren aldeko ahotsak, baina auzia ez da bukatu, eta auzi honen jatorrian dagoen gatazka, are gutxiago.

Pista hori auzi-bidean jartzeko arrazoia ingurumen-eragina da. EAJko hainbat kargudunek plazaratu berri dituzten iritzietan, ekologistak seinalatzen gaituzte kaletar ez-jakinak eta ganaduzaleen etsaiak garelakoan. Horietako alkate ohi batek Ezker Abertzalearen morroi bezala ere irudikatu gaitu, alderdi politiko horren doinuari jarraikiz egiten dugulakoan dantza. Komeniko zaie errealitatea desitxuratzea, eta bistakoa da ahalegina. Euren desira eta nahiak argi erakutsi dituzte, ordea, Enirio-Aralar mankomunitateak deitutako bileretan. Mahai horretara biltzen diren abeltzainen ustezko ordezkariek Aralar euren mesedetara kudeatuko duten arduradun politikoak nahi dituzte. Mahai horretara biltzen diren EAJ alderdi politikoaren ordezkariek, berriz, ez dute nahi Aralarko larreen erabilera arautuko duen legedirik, eta are gutxiago, onartuta daudenak kontrolatuko dituenik.

Hortxe dago kontua, Aralarko larreen kudeaketa noren edo zeren faboretan egiten den. Ekologista eta natur kontserbazionisten eskaera argia da: oinarri zientifikoak dituen kudeaketa-eredua legez arautu eta administrazioaren baliabideekin zaintzea da eskatzen duguna. Kudeaketa-eredu horren helburu nagusiak hauxe izan behar du: parke naturala izanik, bertako ondare naturala (besteak beste, larreen kalitate ekologikoa) zaindu edota berreskuratzea.

Pisten auziaren jatorrian abeltzaintza-eredua dago. Horri erreparatu behar zaio Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mankomunitatea osatzen duten hainbat udal ordezkarik gai honekiko duten jarrera ulertzeko. Ez da gainerako eremu publikoekiko ezberdina, osagarria baizik: larreak interes pribatuaren mesedetan, ingurumen-kalteak neurtu gabe eta bestelako erabilerarik planteatu ere egin gabe kudeatzea lehenesten dute. Natur kontserbazioarekiko erabateko mespretxua erakusten dute: ahalik eta azienda gehienak bazkatzea helburu izanda, larreen kudeaketa abere horien jabeen eskumena izatea eskatzen dute, beraiena bakarrik.

Aldundiak eta ordezkari horiek ez dute entzun ere egin nahi Aralar Parke Naturala izanda, onura publikoa lehenetsi behar dela: alegia, abeltzainen interesen aurretik larre horien balio ekologikoa jarri behar dela, horrek duelako interes publikoa. Aralarko larreen gaurko egoera abereei zor diegu hein handi batean, eta larreak interes komunitarioko habitatak izan daitezke, baldin eta erantzukizunez kudeatzen badira. Egun ez da halakorik bermatzen eta, batzuen aldetik, horretarako asmorik ere ez dugu antzematen.

Gero eta abelburu gehiago dago Aralarren. Artzainak eta abeltzain profesionalak gutxitzen ari diren garaian, aisialdiko abeltzaintza ari da gailentzen goi larreetan. Eta abeltzaintza-eredu horrek herriaren eta mendiaren arteko distantzia txikitzeko azpiegiturak eskatzen ditu, batetik bestera azkar eta eroso ibiltzeko baldintzak, ingurumen-kalte gero eta handiagoak.

Mendiko artzaintzak eragozpenak ditu, baserrietako erosotasunik ez baita izaten han goian. Horregatik eskatzen zaizkio administrazioari konpentsazio-neurriak eta zilegi da neurri horiek betetzea. Baina ez bioaniztasunaren eta ondare naturalaren kaltetan.

Administrazioak interes kontrajarri horietan ondare naturalaren defentsa lehenetsi beharko luke, ardura eta betebehar hori emana zaio eta betetzea eskatzen diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.