Beharbada, datorren urtean, Gizateriaren Ondare izendatuko du Unescok Errioxako eta Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastiaren Kultura Paisaia izenarekin aurkeztutako hautagaia. Ezbairik gabe, albiste bikaina izango litzateke, eta Arabako Errioxan bizi garenok eta urtero bisitatzen gaituzten ehunka mila turistek dagoeneko badakiguna frogatuko luke: Arabako ardoaren paisaia aparta, bakana, paregabea... dela. Bueno, gure hamalau mila hektareak izan daitezkeen bezain paregabeak, milaka paisaia ezberdinetan banatuta zazpi milioi hektarea mahasti dituen mundu batean, horietako asko ere izugarri ederrak eta «paregabeak» izanik. Saria lortuz gero, munduan dauden aparteko hamar mahastien klubean sartuko litzateke.
Arabako Errioxaren ondare-balioa handitu egingo litzateke; izan ere, mundu mailako aintzatespen horiek, eta nazioarteko dastatzeetan gure upeltegiek urtero jasotzen dituzten urrezko dominei edo gure ardoek gururik ospetsuenengandik jasotzen dituzten puntuazio handienei zor zaizkien aintzatespenek ospe handiagoa, enoturista gehiago, ardo-salmenta handiagoa eta botilaren PSP handiagoa ekartzen dituzte. Azken batean, diru-sarrera handiagoak Arabako Errioxarako eta Euskal Autonomia Erkidegorako.
Beraz, jokoan dagoena sakon ezagutzea funtsezkoa da erronka horri heltzerakoan. Argi eduki behar den lehen gaia saria zein erakundek ematen duen da: zer egiten du Unescok, kultura-erakunde batek, mahasti batzuei bikaintasunaren aintzatespena ematen? Hor dago gakoa, eta horretan datza Arabako Errioxa Kultura Paisaia gisa hautagai aurkezteko Eusko Jaurlaritzak izan duen ideia ona. Izan ere, Unescok ez ditu mahastiak saritzen mahastidun eskualde bat Gizakiaren Ondare den Kultura Paisaia izendatzen duenean; bada, dakigun bezala, mahasti polit ugari dago munduan zehar. Are gutxiago saritzen ditu ardoak Unescok beren kalitate, tipikotasun edo izendapen jakinengatik. Gizatiartutako ingurune berezi bateko mahasti bat hautatzen du, bere herriekin, bere gazteluekin, bere jauregiekin, bere elizekin, bere kulturarekin, bere hizkuntzarekin, bere historiarekin, bere ohiturekin...
Horrela, Saint Emilion-eko komunari aintzatespena ematen zaio eskualdearen mahastizaintzako historiari egiten dion ekarpenagatik, baina ez zaio ematen aintzatespenik Bordele Deitura osoari, eta ez da eztabaidatzen ardo hori Haut Medoc edo Pomerol bat baino hobea edo okerragoa den. Eta txikia izateagatiko lehentasun horren azalpena da Unesco geografia-ingurune paregabe batean kultura berezi bat duten guneen bila dabilela: ez die ematen saria Azoreetako mahasti guztiei, baizik Pico irlakoei bakarrik; eta ez die ematen saria Suitzan terrazatan dauden mahasti guztiei, baizik Lavaux eskualdeko erdiguneari bakarrik.
Eta paisaia hitzari elkartu zaionkultura izen horretan dago sari hori edo etorkizunean antolatuko diren antzeko beste batzuk irabazteko Arabako Errioxak dituen aukera handien gakoa; izan ere, eskualde txiki horrek zerbait baldin badauka, kultura dauka: kultura bat, mahastiari lotua eta, jakina, mahastizainek egina. Zalantzazkoagoak diren garai ilunetara ez jotzeko, Arabako Errioxako mahastizaintzaren historia dokumentatuaren hasiera X. mendearen hasieran kokatzen dugu, ordukoak baitira lehen mahastien frogak; garai hartan, Nafarroako Sonsierra zuen izena eskualdeak, eta Iruñeko errege-erreginek mairuei irabazi zieten Ebroko ibarraren eremu hori. Hamaika mendetako historia eta kultura mahastizaintzan! Nork ematen du gehiago?
Lehenik eta behin, historiaurreko trikuharriak erakutsiko dizkiegu, gure Aita Barandiaranek ongi deskribatu zuen jatorrizko artzain-kultura baten adierazgarri. Ondoren, Guardiako, Navaridaseko... kastro zeltak erakutsiko dizkiegu. Kastro horietan, hainbat arkeologok —besteak beste, Armando Llanosek— atsedenik gabe egin dute lana azken berrogei urteetan, eta agerian utzi digute mahastiaren aurretik zerealen kultura bat egon zela, Gasteiz eta Guardiako museo bikainetan erakusten den hori. Tartean nahi diren urratsak egin eta gero, Buradongo kastroaren hondarrak eta eskualdeko lehen ermita kristaua erakuts diezazkiekegu, eta, jarraitutasuna ebatzi gabe, Goi Erdi Aroko lehen birpopulatzaileek zizelkatu zituzten Bastidako, San Vicenteko... nekropoli eta haitzetako dolareetara joan gaitezke handik, eta garai hartako biztanleen hizkuntzaren froga diren euskal toponimoez hitz egin diezaiekegu. Horren ostean, Guardiako, Labrazako... gazteluak erakuts diezazkiekegu, eta Nafarroako errege-erreginek Gaztelako erresuma defendatzeko Ebroren beste aldean eraikitako hormak. Eta mahastizain gerlariez hitz egin diezaiekegu: esku batean aitzurra eta bestean ezpata, Nafarroa defendatuz mahasti gehiago eta gehiago landatzen zituztenez. Likido baliotsu-baliotsu horretaz hitz egin diezaiekegu. Gaztelako erregearen baimen berezi batekin, Sonsierratik Gasteizera eramaten zen urtero mando-ilara amaiezin baten gainean. Garraio horrekin, ardoaren ibilbide bat eratu zen, eta mendilerroaren iparraldeko isurialdean arabar herri asko sortzeko bide eman zuen horrek. Eta gomendagarria izango litzateke haiekin Toloño gainera edo Toro mendatera edo lehoi lokartuaren gainera igotzea, Arabako Errioxako ardoak eskualde biak nola aberastu zituen ikus dezaten; edo are hobea Lagran, Urizaharra, Bernedo edo Antoñanara eramatea, bertakoek azal diezaieten Arabako Errioxako ardoak nola eta zergatik egituratu zuen Araba eta aberastu Gasteiz. Ondoren, ezinbestekoa da teknikari horiekin Arabako Errioxako herrietan zehar ibiltzea —Eltziegon, Villabuenan, Lantziegon...—, herri guztietan eta bakoitzean bertako eliza monumentalak, jauregiak, etxetzar armarridunak... ikusteko: XVI. mendetik XVIII. mendera bitartean mahastiarekin aitzurkadaz aitzurkada lortutako handitasun hori guztia. Traska, traska, traska! Dena da mahastizaintzako kultura, dena da kultura-paisaia: txabolatxo bakoitza, koba bakoitza, kalezulo bakoitza, herrixka bakoitza... baita kalitatearen eta ospearen adierazgarri diren XXI. mendean eraikitako upeltegi modernoak ere.
Berriki tokiko politikari batek esan zuen bezala, hautagaitza hau aurrera atera dadin lehiatzea eta munduak foroetan Arabako Errioxaren gainbalioak aintzatetsi ditzan lehiatzea ez da beste sari baten alde lana egitea; gure mahastizainen etorkizuna hobetzeko lana egitea da, eta «herria egitea» da.
Arabako mahastia, euskal ondare
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu