Araba, diskurtso grisetatik jarduera berdeetara

Kike Fernandez de Pinedo - EH Bilduren Arabako bozeramailea
2021eko ekainaren 15a
10:44
Entzun

Duela ia 11 urte, eta aurkako jarrera soziala ikusirik, Eusko Legebiltzarrak erabaki zuen moratoria egitea onartutako egitasmo eolikoei zegokienez. Garai bertsuan, Arabako Batzar Nagusietan Mugarri Plana onartu zen aho batez, alegia, herrialdean energia berriztagarrien garapenerako bide-orri gisa. Plan horren helburua  zen 2020. urterako Araban kontsumitutako energiaren herena berriztagarria izatea, hau da,  berrikuntza teknologikoek lagunduta, geotermia, biomasa, energia hidroelektrikoa, fotovoltaikoa eta eolikoa sustatzea. Azken bi hauetarako, mendi eta gune babestuetan salbuespen eremuak zehazteaz gain, gune antropizatuak eta hiri-eremuak lehenesten ziren eta egungo parke eolikoak berrindartzea zen asmoa, hau guztia minieolikoak garatuz eta haize gutxiagoko baina errentagarriak diren kokalekuak aztertuz.
Zoritxarrez, ez da horretatik ia ezer egin. Egia da PPren eguzki-zerga deitutakoa galga handia izan zela, baina ez dago aitzakiarik: gehiago egin zitekeen eta gehiago egin behar zen. Ez da borondaterik egon, eta, gainera, Jaurlaritzak eta aldundiak, beste herrialde batzuek deskarbonizazio prozesua bizkortzen zuten bitartean, kontrakoa egin dute: fracking teknikaren aldeko apustua egiten jarraitu, esaterako.
Orain, berdez margotutako diskurtsoa lagun, berriztagarrien defendatzaile nagusi gisa aurkeztu dute euren burua. Ongi etorri, Ramiro Gonzalez jauna, paradoxikoa bada ere. Harrigarria da klima aldaketaren kontrako borroka eta energia trantsizioa presazkoak direla onartzea eta, aldi berean, inolako justifikaziorik gabe, beste zortzi hilabetez atzeratzea Mugarri Plana ordezkatuko duen Araba Klima 2050. Ez zaigu kasualitatea iruditzen modus operandi hau: edozein plangintza atzeratzen da, bitartean atzeko atetik parke eoliko eta fotovoltaiko handien ezarpena errazteko.
Ezin dugula itxaron esaten digute. Ados, hasieratik hori esan dugun lehenetarikoak izan gara. Baina, ez al da logikoagoa lehendabizi eremu antropizatuetan inpaktu txikiagoa duten proiektuei ekitea eta, aldi berean, etxebizitza, eraikin, industria, industrialde edo nekazaritza-ustiategietan energia komunitateak ahalik eta gehien bultzatzea?
Berriztagarrien plan sektorial berriaren behin betiko onarpenak luze jo dezake… Eta bitartean atzerabiderik gabeko politika zaharkitu eta ezagunaren menpe jarraituko al dugu kokapenak zehazterakoan? Parkeak non kokatu daitezkeen eta non ez argitzen duen plangintzarik gabe egon gaitezke? Hau ez da kasualitatea, zeren-eta honela energia arloko multinazionalek ekonomikoki errentagarrienak diren kokalekuak aukeratuko baitituzte, ingurumenean zein herritarrengan duten eragina kontuan hartu gabe eta bestelako aukerak aztertu gabe.
Araban, gaur egun, Aixeindar enpresak (Iberdrola %60 eta Energiaren Euskal Erakundea %40) bost parke handi ditu aurreikusita: 200 metroko altuera duten errotak, 25 metroko diametroa duten oinarriak eta tamaina handiko pistak. Jakingo duzuen moduan, horietako batzuk Natura 2000 eremu babestuetan kokatu nahi dituzte, hala nola Arkamo eta Iturrieta mendietan. Ez gara soilik inpaktu bisualaz ari: eragin ekologikoa nabarmena da. Ekosistemetan eta hegazti-faunan duten eragina atzeraezina da, eta ez da bateragarria Kontserbazio Bereziko Eremutzat jotzearekin. Hori diote Aldundiko ingurumen-teknikariek landutako txostenek. Haratago doaz: "Neurri zuzentzaile eta babesleek ezin dute afekzioa saihestu, ezta modu esanguratsuan minimizatu ere". Argi eta garbi. Nola liteke Foru Gobernuak kosta ala kosta aurrera jarraitzea, bere teknikariek diotena alde batera utziz?
Duela gutxi, Arabako diputatu nagusiak gogorarazi zuen 2030erako Klima Aldaketaren Legearen helburua energiaren %42 modu berriztagarrian ekoiztea zela, eta horretarako bi aukera zeudela: hau bete edo uko egin. Pozten gaitu Foru Gobernuak, berandu bada ere, gai hau serio hartzeak. Baina tranpa egiten du iradokitzen duenean bide eta eredu bakarra  dela Araba inguratzen duten proiektu handien uholdea onartzea. Okerrago ezin da egin; azpiegitura horiek hartu beharko lituzketen herri gehienek (bederatzi udalek eta berrogei kontzejuk, gainera 22.751 aurkako alegazio ere jaso dira Araba osoan) gaitzetsi egin dituzte proiektuok. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Zergatik EAJ eta PSE saiatzen dira behin eta berriz Mugarri Planaren inguruan lortutako adostasun hori apurtzen eta energia berriztagarriak garatzeko adostutako edozein plangintza atzeratzen? Ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortu eta modurik errazenean egitea irizpide bakartzat jotzea onartezina da. Bestalde, ez da kasualitatea Araba aukeratu izana, mendez mende bertako herriek modu iraunkorrean kudeatutako mendi eta lur publikoak direla-eta. Badirudi hemen errazagoa eta merkeagoa dela. Mendi babestuak edo balio handiko paisaiak eta nekazaritza-lurrak izatea ez zaie axola. Hau da berriztagarrien alde egitea, garapen kaotiko eta harrapari bat babestea? Gure ustez biodibertsitatearekiko, lurraldearekiko eta bertan bizi direnekiko errespetuan oinarritzen den eredua da bidea. Hau da erronka. 
Aurrekoa argitzen duen adibide batekin bukatuko dut. Egunotan ezagutu dugu hainbat enpresek Far West estiloan parke fotovoltaiko handiak diseinatu dituztela Arabarako. Besteak beste, Arratzua udalerrian, Ibex35eko Solaria enpresak, 200 hektarea (250 futbol zelai) hartu nahi ditu. Denak nekazaritza lur emankorrak eta gehienak publikoak, kontzejuenak. Durana herrian geratzen diren azken hiru nekazariak lur gabe utziko lituzkete. Hori guztia presaka, erabateko ilunkeriarekin eta landa-ingurunean bizi diren herritarrenganako presio onartezinekin eta errespetu falta itzelarekin. Ez al da askoz logikoagoa dagoeneko antropizatutako espazioak edo balio agronomiko txikia duten lurzoruak bilatzea, lur emankorrenak eta paisaia-balio handikoak erabili beharrean? Azken batean, deskarbonizazioa eta ahalik eta inpaktu txikienarekin  berriztagarriak garatzeko erronka atzeraezinari hel diezaiogun, sen onarekin eta hizki larriz idatzitako politika erabiliz. Garaiz gabiltza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.