Aste honetan, denboraldian zehar bere babesle berrietako bat izango dena aurkeztu du Athleticek: BET365. Erabakiak sare sozialak piztu ditu, eta asko izan dira beraien haserrea adierazi dutenak. «Zer axola du! Beste enpresa babesle bat gehiago. Akaso besteak hobeak al dira?», pentsatuko zuten batzuek, eta gainontzeko enpresek (Petronor, Kutxabank, San Miguel...) zaleen artean mespretxu sentimendua eragin dezaketen arren, kasu honek esanahi berezia du.
Apustu etxeak gero eta espazio gehiago hartzen ari dira euren gain, horietariko asko gazte girokoak (langile auzo eta aisialdiguneetan, batez ere), eta, orain, Euskal Herriko talde handien publizitatea. Batzuek euren elastikoetan daramate (Alaves, Gipuzkoa Basket, Baskonia), eta beste batzuek, klubarekin loturiko iragarkietan. Argi dago babes akordio berri horiekin dagoeneko ikusle eta zaleen artean irismen handia duten kirol apustuak normalizatu nahi dituztela. Hasieran, zerbait kaltegarria edo kezkagarria direnek bestelako izaera hartzen dute errealitate soziala aztertzean.
Datu ekonomikoak behatuz gero (@Hugo_saez-en hari ederraren baimenarekin), hiru urtean apustu etxeak 2014an irabazten zutenaren bikoitza irabaztera igaro dira (256 milioitik 566 milioira). Fenomeno hori bera online apustuetako jokalarien artean ere gertatu da. Datu horietatik guztietatik kirol apustuak merkatuaren %97 dira, sekulako kopurua.
Alor sozialean, Bilbo bezalako hiriguneetan ez ezik, gero eta herri gehiagotan ere kirol zein bestelako apustuetarako lokalak ikaragarri ugaritu dira. Azpimarratzekoa da horietako asko langile auzoetan ireki izana, zeinetan auzokideen aurrezki apurren kontura diru iturri azkar eta merkea bihurtu diren. Soldata barregarriek eta prezio gero eta handiagoek dirua apustu bidez lortzera bultzatzen dituzte langileak. Azkenean, diru galera ekartzen dien praktika da. Hau da, sistemak gero eta langile klase prekarioagoa sortu eta horri geratzen zaion urria apustuen bidez kentzen dio.
Eta zergatik hori guztia? Erantzuna aski erraza da. Kapitalak diru azkarra eta erraza ematen dion merkatu berria aurkitu du. Bai, erraza, zeren gehienek apustuen bidez dirua irabazten dutela esaten duten lagunak (normalean, gizonezkoak) ditugun arren, apustuetan, Las Vegasen bezala, etxeak irabazten du beti.
Seguruenik, askok institutuan ikasi modura, B. F. Skinner psikologo estatubatuarrak frogatu zuen animaliak gai garela ordainsari partzial eta aldakor baten truke ekintzak konstanteki errepikatzeko. Hots, pertsonak gai gara apustuetan behin eta berriz dirua galtzeko ordainsari txiki aldakor horien truk. Efektu horri gehitu beharko genizkioke azken urtean sekulako gorakada izan duten ludopatia kasuak, eta apustuekiko lotura are basatiagoa bihurtu. Negozio bikaina oso.
Aurreko guztia ikusita, eta luzatzeko aukera ere egonda, erabat ulerkorra da zaleen zati handi batek haserrea erakutsi izana «gure talde» gisa ezagutzen ditugun horietan horrelako babesleak egotearen aurrean. Ulerkorra, onartezina delako adikzio, ludopatia eta soldata miserableen bitartez lortu ezindako diru beharrez langileak lapurtzen dituzten enpresak ikusgarri egotea animatzen ditugun taldeen zelaietan zein kamisetetan, baztertua izan beharko lukeena normalizatzeraino. Espero dezagun Athletic eta gainontzeko klubek toki horietatik lotsagarri diren horiek kendu behar izatea.
Apustu etxeak gure taldeetatik kanpora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu