Apirileko euria

2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Edozein mozkorraldik du bere ostea, askok dioten legez. Martxoko udaberri antzeko giroarekin kaleaz gozatzeko aukera izan bagenuen ere, apirileko egun hotz, euritsu eta zakarretan etxe-egunak ugariagoak izan dira, egun batean bai eta bestean ere bai, eguzkia ageri izan den tarte bakanetan eguzki izpien gozotasuna inondik ere igarri ez dugula.

Udaberri berba darabilgu negu deritzon sasoi gordinaren osteko sasoi gozoagoa izendatzeko, baina aurten apirilean izan dugun giro eskasa ikusita, badirudi negu gorriak ez duela erretiroa hartu gura. Ingurura begiratuta, neguaren gordinkeria latzenarekin jarduten dute boterean ditugun aleek, guztion segurtasuna aitzakia kaleetan jende xumea jipoituz, kartzeletan euskal presoei inoizko salbuespen neurri gogorrenak aplikatuz, gazteei eta adingabekoei atxiloketa masiboak eginez... oro har, udaberriaren gozoa ezagutu gura lukeen herria negu gorriko giro latzenean kateatu guran, haize eta zaparrada erauntsi gogorrak pairatu beharrez, txakurren haginkada latzak balirabezala.

Urtaroek, eta zer esanik ez udaberriak, gorabehera asko izaten dituzte; batean inoizko egun epelenaren atseginean ibil gaitezke, baina bestean gozotasun puntu bat izan behar genukeen sasoian neguko giro gordinetan gordinena pairatu behar izaten dugu. Gure inguruotan egun gordinen segida luze begitantzen zaigu, eguzkia eta epeltasuna inon direnik ahaztu egiten dugu, eta itxaropenaren argi izpien indarra moteldu egiten da. Hala gertatzen zaio inoiz jendeari, herri txiki eta zahar honek udaberririk inoiz ez lukeela izango sinesteraino, giroa inork kontrolatzen ez dituen goiko menderatzaile horiek euren zerbitzura erabil dezaketela sinesteraino, hain da latza eta hotza eragiten diguten mina.

Alabaina, ez dezagun ahantz udaberria udaberri denetik onerako joera hartzen duela derrigor, eta naturak markaturik duen bidea manipulatzea erabat gaitza dela. Horren arabera, egun latzen atzetik egun gozoen geroa dugu zain, eta era berean gure agintarien eta euren txakurren egunek iraungitze-data dute. Kale arteko giroan euren jokabide beltzak izua zabaldu eta kale bustietan jende xumea jipoitu eta akabatu arren, euskal herritarrok hemen diraugu, askatasun-eguzkiaren epela maitatzen, etorkizun ditugun egun horien bakea zabaltzen. Eguzki horren indarrak indar faltsu horiek zabaltzen dituzten zaparrada, haize, trumoi eta justuriak aldenduko ahal ditu, egunetik egunera gero eta ostarte handiagoak zabalduz, gero eta egun epelagoez gozatu ahal izanez. Eta seguru egon aro euritsuari aro loretsu eta argitsua jarraituko zaiola, aro bat non kale hotzen izua eragiten duten txakur harrapari horiek baztertuz mespretxuaren miseriara kondenatuak izango direnak. Izan ere, laster datorkeen aro horretan kaleak epelak izango dira, eta goikoen indarkeriaren hotza zaku ustel batean lotuko da, betiko galtzeko.

Gaur herri xume hau maiatzak lekarkeen esperantzaz zamaturik bizi da, jende langile eta xumearen amets gozo, menderatzaile eta zakur harraparien amets gaizto. Oraindik egun hotz eta umelak etorriko dira, baina aurrera joan ahala hobetzeko joeran halabeharrez. Hala bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.