Apirilaren 18an... Gora Gasteiz! Arrazakeriari stop!

Ane Zelaia, Erlantz Anda eta Zuriñe Martin Alonso
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Kolorez jantzi nahi ditugu kaleak, doinuz eta zaporez bete gure aldarrikapen nagusiak. Hilabeteak daramatzagu egun hau mimoz prestatzen, guztion artean eraiki duguna eta guztion artean garena kaleratzeko saiakeran. Finean, apirilaren 18ko helburua horixe baita, aldarrikatzen dugun hiri eredua praktikan jartzea. Aniztasunean bizi eta aniztasuna bizi nahi dugu Gasteizen; horretaz gozatu eta balio gisa aldarrikatuko dugu arazo bihurtu nahi dutenen aurrean.

Gora Gasteiz-ek hilabete hauetan guztietan bi eremu nagusi landu ditu: eskubide sozialen defentsa eta aniztasunaren aldarria balio gisa. Eta ekimen honek edozein testuingurutan izateko arrazoia badu ere, zoritxarrez gure hirian beharrizanak bultzatu gaitu izatera.

Hainbat eragile eta norbanako batu gara mahai buelta berean, hilabete hauetan gure hirian emandako egoera tamalgarrien aurrean. Alkatearen adierazpen arrazistak, Arabako biltzar nagusien erabiltzea kanpaina xenofoboak martxan jartzeko, guztion eskubide sozialak murrizteko helburua duten egitasmoak, bizilagun magrebtarren kontrako kanpaina mediatikoa... Horrek guztiak eragin zuzena izan du gasteiztarren arteko elkarbizitzan eta batez ere jatorri magrebtarreko bizilagunen egunerokoan. Horiek horrela, jipoiak, jarrera islamofoboak, irain arrazistak edota Afro elkartearen kontrako mehatxuak aurreko guztiaren ondorio zuzena direla deritzogu.

Ez da lehenengo aldia: beste hauteskunde kanpaina batzuetan ere erabili izan dira gutxi batzuen estigmatizazioa edota eztabaida faltsuen sorrera bestelako arazoak estaltzeko, eta aurtengoa bereziki bortitza izan dela uste dugu. Horregatik, nahikoa dela esateko batu gara, arduragabekeria honek ondorio larriak izango dituela ohartarazteko eta gailendu den diskurtso arriskutsu horri aurre egiteko.

Nola egin? Hasiera batetik argi izan dugu pedagogia eta irudimena oinarri izango zituen kanpaina baten beharra geneukala, gure hiriaren irudi positiboa indartzea beharrezkoa izango zela eta batez ere ilusioz egindako kanpaina baten beharra geneukala. Beraz, aurkeztu nahi diguten hiri zuri-beltzaren aurrean KOLORE izateko erabakia hartu genuen. Horiek izan dira gure ekinbidearen osagai nagusiak, eta, dudarik gabe, koloreak hiri guztian zehar barreiatzeaz gain, bestelako hiri eredu baten aldeko ilusioa kutsatuz joan da.

Inauteriak, hitzaldiak, bertso saioa, mendi eta bizikleta martxak, argazki eta literatura lehiaketak, arrazakeriaren kontrako artistada koloretsua, jatorri desberdinetako emakumeen topaketa... Gozatu eta hausnartzeko hamaika aukera eskaini nahi izan ditugu hilabete hauetan guztietan, eta, noski, ezinezkoa zitekeen parte hartu duten pertsona guztiengatik ez balitz. Eskuz esku ibili zareten guztiei, aupa zuek!

Desberdinen arteko lan esparru aberatsak sortu ditugu, gure bide desberdinetatik ikasiz eta kontraesanak gaindituz, erritmoak batuz. Onartzen dugu askotan lan zaila izan dela, baina esperientzia aberasgarria izan da dudarik gabe. Horrela herri mugimenduko kidea elkarte magrebtarreko partaidearekin elkarlanean ibili da, gazte zirikatzailea gobernuz kanpoko erakundeko langilearekin, eta antolatu gabeko auzokidea arrazakeriaren kontrako plataformako kidearekin. Eta lan eredu hori, bere dohain eta gabezia guztiekin, batzuk besteengandik ikasteko balio izateaz gain, guztiz eraginkorra izan da Gasteizko sektore askotara GoraGasteiz-en mezua hedatzeko. Ikastetxeetatik lantegietara, tabernetatik, instituzioetara... Dagoeneko Gasteiz osoa koloreztatu dugu denon artean inolako bazterketarik onartzen ez duen hiria aldarrikatzeko.

Azken zertzelada geratzen zaigu orain, azken hitza. Eta horretarako berebizikoa izango da koloreen adierazpen bateratua, gasteiztar guztiak kalera ateratzea. Apirilaren 18an osatuko dugun margolanera gonbidatu nahi zaitugu; zure azken ukitua ezinbestekoa zaigu. Guztion artean harrotasunez betetzen gaituen hiri hori zein den erakutsiko dugu, guztiontzako eskubideak defendatzen dituen Gasteiz, elkarlanean eta elkartasunez aritzeko gaitasuna duena, alaia eta koloretsua. Lekukoa emanda dago, orain guztion eskuetan gelditzen da aniztasunean egunero bizitzea eta disfrutatzea!

Aniztasunaren alde, eskubide sozialen defentsan… Gora Gasteiz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.