Apirilak 14, errepublika eguna

2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Igaro berria da eta horrela dago izendatua baina izen hori ez da zehatza. Egun hori espainiar errepublikarena da. Bere ikurrari la tricolor deitzen diote. Baina zer da eta zer ordezkatzen du ikur horrek? Hasteko esango dut ez dudala inor mindu nahi idatzi honetako adierazpenekin baina bai nahasmenak argitu.

Jende askok eman zuen bere bizia aberriaren alde —baita zeharka «errepublikaren» alde ere— eta gero diktadura frankista izango zenaren aurka borroka eginaz. Baina gerra karlistetan bezala, gurea ez zen gerra batean parte hartu genuen. Gerra batean parte hartzen denean, irabaztea beti izaten da garaipena, eta galtzea, porrota. Gure kasuan, bai gerra karlistetan eta baita espainiar gerra zibilean ere, ez zegoen horrelako aukerarik: galdu ala irabazi, bi emaitzak ziren txarrak guretzat: Espainiaren menpe jarraitzea.

Duela hiru urte Asier Ezpeletak BERRIAn idatzi zuen Gora errepublika (espainola?) artikuluan esaten zuen: «Espainiako Gerra Zibila Errepublikaren aldekoek irabazi izan balute, pozik jarriko genuke Espainiako bandera (la tricolor) gure udaletxe eta bazter guztietan?».

Askatasuna lortuko al genuen ba, gerra errepublika espainiarrak irabazi izan balu? Zein egoeran geunden espainiar errepublikaren garaian? Zapalduak; euskal gobernua eta estatua orduan lortu izan bagenuen, errepublikanoek emandako autonomi estatutu baten bidez bai baina, batez ere, gerra egoerari esker izan zen. Hala ere, autonomi estatutu hura, gerrak horretara behartu zituelako eman ziguten. Gure inplikazioa nahi zuen frankismoaren aldeko iparraldeko tropak Madrilera hurbiltzea oztopatzeko.Aurreko urteetan ukatu egiten zuten autonomia hori ematea.

Beraz, Francoren aurreko errepublikan ere menderatua zegoen gure herria, baita frankismoan ere. Eta trantsizioa deitu izan duten bigarren frankismoan ere ez daukagu askatasunik, ez dago demokraziarik.

Franco desagertzen zenerako espainiar errepublikanoek zituzten asmoak agerian uzten dute beraien espainiartasuna: Espainiaren batasun zatiezinaren izenean, Euskal Gobernua desegin behar zela zioten, eta hala egin zuten. Horrela, Espainiar prozesu konstituziogile baten ondoren aitortuko omen zizkiguten Espainiako «erkidego naturalen nortasunak». Baina beti Espainiako estatuaren menpe.

Frantziako errepublikak ere, iraultzaren ondoren sekulako sarraskiak egin zituen gure herriarekin; zapalduak eta menderatuak jarraitzen dugu hor ere.

Zer espero behar dugu, hortaz, espainiar zein frantziar errepubliketatik?

Espainia eta Frantzia, agintzen duenak agintzen duela, estatu inperialistak dira; gure herria menderatua eta zatitua daukate. Aspaldi inbaditu gintuzten eta gaur inbadituak jarraitzen dugu.

Jokoan dagoena arazo nazionala denean, espainiar zein frantziar eskuinak eta ezkerrak beti izan dute erabateko adostasuna: gure herria desagerrarazteko adostasuna.

Euskal Herriaren memoria historikoari ematen dioguna baina garrantzi handiagoa eman beharko genioke. Izan ere, «memoria galtzen duen herri batek, egindako akatsak behin eta berriz errepikatzen ditu»; «memoria galtzen duen herri batek etorkizuna galtzen du, eraikitzea, egian oinarriturik soilik egin daitekeelako».

Utz diezaiegun espainiar errepublikazaleei la tricolor ikurrarekin euren eguna han ospatu dezaten, eta ez gurean. Ikur horrek, Espainiako gaurko bandera ofizialak bezala, gure herriaren desagerpena besterik ez du helburu. Ez dezagun ahaztu: «España Una Grande y Libre» frankismoaren esaldia da, baina beste hauek: «Ni ez naiz inoiz ez espainolista ezta patrioteroa izan. Baina halako aurrean sumindu egiten naiz. Jende horiek Espainia deskuartizatzer badoaz, nahiago dut Franco. «Ez dago nazio bat besterik... Espainia! Ez dut ametittko zatikatze batera eramango gaituen kanpaina nazionalistarik eta halakorik onartu aurretik, Francori emango nioke bidea». Azaña eta Negrin espainiar errepublikarrek esandakoak dira.

Euskal abertzaleak garenok ez dugu zer ospatu espainiar errepublikaren egunean. Gaur, progresismoaren eta ezkertiar aurpegia errepublikak darama, baina guretzat, espainiar errepublikak Espainiaren izaera du eta espainiar monarkia bezain zapaltzailea da. Guk dugunarazoa ez da ez frankismoa, ez monarkia, ezta errepublika ere. Arazoa Espainia bera da, bere izaera nazio-zapaltzailea.

Apirilaren 14a Espainiako errepublikaren eguna da. Bi kolore dituen Espainiako bandera ofiziala eta la tricolor deituriko ikur hori, biak dira espainolak. Batzuentzat, España, una, grande y libre; beste batzuentzat, berriz, España, una, grande y republicana.

Orain Podemos alderdia azaldu zaigu. Baina memoria ez galtzeak gauza bat argi erakutsi behar digu: gure askatasuna ez dugu lortuko Espainiaren laguntzarekin. Eurentzat, guztientzat, ez gara Espainiaren zati bat baizik. Ezin dute onartu gu beste herri bat, beste nazio bat, beste estatu bat garenik.

Askatasuna eta herri izaera bera ukatzen zaizkion herri batek oso zaila du indarrez kendu zioten independentzia berreskuratzea. Baina ez diezaiegula gure itsukeria oparitu besterik gabe. Gure buruak libre pentsatzen eta arrazoitzen jarraitu behar du: Independentzia Espainia eta Frantziaren aurka lortuko dugu, edo ez dugu lortuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.