Mayumana, Israelen apartheidaren aurpegi atsegina, itzuli da. Apirilaren 8an eta 9an Mayumana talde israeldarrak jo eta dantzatu du Navarra Arenan. Ez da gure hirira etortzen den lehendabiziko aldia, eta, beste behin, antzerki, dantza eta perkusio konpania multikultural gisa agertu da. Eztabaidaezina da Mayumanaren irudi atseginak nazioarteko legedia urratzen ari den herrialde batekin eta arrazismo- eta diskriminazio-politikak egiten dituen estatu batekin duen lotura. Mayumana, Israelgo gobernuen politikek erabili duten irudi txarra normalizatzeko edo leuntzeko saiakera hori, bereizi ezina da.
Zer dago benetan talde honen atzean? Lehenik eta behin, haien egoitza antzoki bihurtutako Jaffa hiriko biltoki bat da. 1948an, 70.000 arabiarren gehiengoak izututa ihes egin behar izanzuen Irguneko sionistak aurreratzen zihoazen heinean; izan ere, etxez etxe basakeria osoz garbiketa etnikoa egiten zuten.
Taldeak sekula ez du indarkeria horren aipurik egin, ez eta Israelgo gobernuek gauzatu dituzten ekintza kriminalen inguruan ere. «Ez da haren egitekoa», esan daiteke. Egia da, baina alde batean ere ez da gelditu, izan ere ekintza ugari egin ditu sionismoa berresteko eta politika horiei inplizituki laguntzeko. Hala, 2011ko ekainean, Israelgo lehen zentral fotovoltaikoaren inaugurazioan parte hartu zuen Kibbutz Keturan (oso deigarria da bideoa, non dantzarietako batek harrotasunez erakusten duen David Ben-Gurionen argazki bat, 1948ko garbiketa etnikoa egin zuen Israelgo armadaren buru zena). Edo iaz AEBek Jerusalem Israelgo hiriburutzat hartu zutela ospatzeko egin zuen emanaldia taldeak.
Zehazki, Jerusalemgo alde zaharrean (Palestinako hiriburua) hainbat emanaldi eta ekitaldi sinboliko egin ditu, hiriari eman nahi zaion izaera judua berresteko, eta Jerusalemgo Argiaren Jaialdian ere agertu da. Konpainiako kide batzuek aktiboki parte hartu dute Israelen ezaugarri den giza eskubideen urraketa eta palestinarrenganako indarkeria prozesu horretan.
Mayumana Nafarroako hiriburura etorri den honetan, BDZ Boikot, Desinbersio eta Zigorrak taldeko kideak bertara hurbildu ginen, haren izaera sionista salatzera, eta ordurako foruzainek Navarra Arena inguratua zuten. Sarrera bakoitzaren aurrean furgoiak kokatu zituzten eta soinean fusilak zeramatzaten. Foruzain batek azaldu zigunez, poliziaren presentziak batetik pandemiari eta bestetik terrorismoaren aurkako alerta-mailan laugarren graduari erantzuten zion.
Baina, beste behin ere, segurtasuna eta prebentzioa aitzakiatzat hartuz, jazarpen poliziala inposatu zuten. Izan ere, BDZko kideek Palestina askatu! Israeli boikot! pankarta zabaltzerakoan hasi ziren identifikazioak, eta sarreratik aldendua zegoen txoko batera mugitzera behartu gintuzten. Hori gutxi ez, eta, palestinar herriarekiko elkartasunezko pegatinak banatzerakoan, banatzen zituztenak identifikatzeaz gain, pegatinak hartu zituzten ikusleak ere identifikatu zituzten, denon harridurarako. Gainera, pegatinekin sartzeko debekua jakinarazi zuten.
BDZren estrategia, beste behin, indarkeriarik gabeko ekintzak aurrera eramatean oinarritu da. Informatzea eta salatzea helburutzat zuen ekintzaren aurrean, polizia modu oldarkor eta desproportzionatuan hurbildu zen kideak identifikatzera.
Mayumanak apolitiko eta kulturarteko izaera duen talde gisa aurkezten du bere burua, baina, beste artista batzuek bezala, konplizitate osoz jokatzen du Israelgo Estatuaren politika genozidaren aurrean, eta, hori gutxi izango balitz, Nafarroako Gobernuak diru publikoa bideratu du taldearen legitimitatea bermatu duen operatibo polizialera.
Horregatik, Euskal Herriko BDZtik Mayumanari eta Israelgo gainerako kultura-produktuei boikota egitea eskatzen dugu berriro, erregimen hau ezkutatzea normalizatzen laguntzen baitute.
Herrien boikotak bakarrik amaitu zuen Hegoafrikako apartheida. Eta, gobernariek Israelgo krimenekin duten konplizitatea zein den ikusirik, beren produktu ekonomikoari, kulturari, ikasketei eta kirolei boikota egitea besterik ez zaigu gelditzen, Israelgo apartheida eta bere kolonizazioa bukatzeko.
Apartheidaren aurpegi atsegina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu