Aurreko mendeko 60ko hamarkadan; alegia, ni gazte koxkorra nintzenean, N-1 delako Espainiako errepiderik nagusiena Donostia erdiko San Martin kaletik pasatzen zen, Irun eta Paris aldera. Kamioi, autobus, kotxe eta bizikletak biribilketan zihoazen eta ez zegoen beste munduko eragozpenik, denak kabitzen baitziren.
Azken 60 urteetan ibilgailuen hazkundea hiperbolikoa izan da. Donostian bakarrik, 2021ean 107.243 kotxe eta 26.396 moto zeuden zentsatuak. Cortazarrek diseinatu zuen delako Donostiako ensantxeak ez du balio aspalditxotik hainbeste kotxerentzat: ezinezkoa da bi litro ur litro bateko botilan sartzea.
Problema hau begi bistakoa denez, Donostiako Udalak Hiri-Mugikortasun Jasangarriko Plana (HMJP 2024-2029) izeneko 561 orriko txostena plazaratu du. Bestetik, 2021eko maiatzaren 20ko Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Espainiako legeak Isuri Gutxiko Eremua (IGE) derrigorrez ezartzea dakar. IGE delakoa aurtengo abenduan ezartzea espero du Donostiako Udalak.
Erdian Bizi elkarteak hainbat proposamen egin ditu Donostiako Isuri Gutxiko Eremuari buruz, betiere Hiri-Mugikortasun Jasangarriko Plana (HMJP 2024-2029) aintzat hartuz. Ekarpen horien artean bi hauek azpimarratu nahi ditut: Donostiako erdiguneko aparkalekuak eraldatzea, egoiliarrek, merkatariek eta inguruan lan egiten dutenek erabil ditzaten eta hiri inguruko gune egokietan disuasio-aparkalekuak egitea.
Gogoratu behar da hiriaren erdialdean, Isuri Gutxiko Eremuan alegia, lurpeko sei aparkaleku daudela eta horietan 2.705 errotazio plaza eskaintzen direla. Isuri Gutxiko Eremuaren proiektuaren txosteneko 1.taulan ikus daitekeenez, aparkaleku horiek urtean 1.793.452 kotxe-mugimendu sortzen dituzte. Eta kopuru hori izugarria ez balitz bezala, udalak San Bartolomeko muinoaren azpian errotazioko 200 plaza izango lituzkeen aparkalekua egin nahi du inongo justifikazio sozialik ez duen merkataritza-gune berri baten onurarako. Kalkuluen arabera, horrek 150.000 kotxe-mugimendu gehiago sortuko lituzke.
Guztiz esanguratsua da HMJP 2024-2029 Hiri-Mugikortasun Jasangarriko Planaren atal espezifiko bat agertzea, 3.7 Trafikoa arintzea Easo kalean izenekoa, eta bertan San Bartolomeko aparkalekuaren aipamenik ez egitea. Begi bistakoa da aparkaleku horrek goitik behera aldatuko duela trafikoa kale horretan, eta harritzekoa da txostenean detaile txiki hori kontuan ez hartzea.
Donostiako Udaleko teknikariek badakite, jakin ere, San Bartolomeko aparkalekuak ibilgailuen mugikortasuna Erdialdean oraindik gehiago zailduko lukeela eta, zer esanik ez, kutsadura areagotu. Baina teknikariak ez dira udalean agintzen dutenak.
Erdian Bizi elkartearen ustez, Donostia hiri osasuntsuagoa izan dadin derrigorrezkoa da ibilgailu partikularren murrizketa arrazionala. Kanpotik datozen kotxeen nolabaiteko inbasioari aurre egiteko, ezinbestekoa da doako disuasio-aparkalekuak eraikitzea, hiriko puntu neuralgikoekin debaldeko ibilgailuen bidez konektatuta.
Donostiako agintariek erakutsi dute beraien itxurazko sentsibilitatea honi buruz. Aurreko Hiri-Mugikortasun Jasangarriko Planak, alegia 2008-2024 epeari zegokionak, aparkatzeko disuasio-sistema bat proposatzen zuen Martutenen, Loiolako Erriberan, Itzan eta Marrutxipin eta trenbide-sareko geltokiekin lotutako beste zenbait aparkaleku. Non gelditu ziren asmo horiek?
Gaur egungo HMJP 2024-2029 delako txostenak irtenbideak planteatzen ditu, hala nola Igara, Miramon, Ospitaleak eta Zuatzu, gaur egun langileentzat direnak, eta Illunbeko aparkalekua, Ficoba Topoarekin lotura duena, Aritzeta hiriarekin lotzeko garraio publikoa beharko lukeena, Loiola GI 20 eta Martutene GI 40 azpiko terrenoetan.
Baina, txostenaren aurrekontuan ez dira disuasioko aparkalekuak aintzakotzat hartzen; izan ere, hurrengo bosturtekorako Mugikortasun Jasangarriko Planari (PMUS 2024-2029) esleitutako aurrekontu osotik (93 milioi euro) disuasio-aparkalekuei 100.000 euro besterik ez baitzaie esleitzen, zehazki, «kudeaketa- eta informazio-sistema abian jartzeko». Ez dirudi presarik dagoenik eta oraingoz paperean idatzitakoa besterik ez dago. Donostiar xumeek Xabier Leteren Gizon arruntaren koplekin gelditu beharko dugu: «Aurrean papera ta atzian papera, periodikua leitzen ilustratzen gera».
Erdian Bizi elkarteak Donostiako Udalari zera eskatzen dio: ausardia aparkalekuen kontzesioa dutenekin esertzeko eta aparkalekuak negozio borobil hutsa izateari uzteko, egoiliarrek, merkatariek eta inguruan lan egiten dutenek erabil ditzaten; erabakigarritasuna disuasioko aparkalekuen gaiari behingoz aurre egiteko, eta adorea San Bartolome muinoan merkataritza-gune antisoziala eta errotazioko aparkaleku bat egin beharrean, kalekumeok disfrutatuko dugun parke sostengagarri bat egiteko.