Apaizen alde ilun eta argiak

2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Zumaiako apaiz batek emakume baten kontra egindako sexu-eraso bati buruzko albiste bat publikatu zuen joan den 2023ko urtarrilaren 20an BERRIAk. Antzeko beste albiste bat, Elgoibarko beste apaiz bat zen horretan protagonista, agertu zen 2022ko abenduan. Gai triste, minbera eta sakona, elizaren eta apaizen sexu-abusuena, lantzen da bi albisteetan eta, BERRIAk apaizen eta elizaren alde ilunak behin eta berriro nabarmentzen dituela iritzita, gaiari buruzko nire ikuspegia eskaini nahi dut, arestian esan dudanez oso gai mingarria eta, aldi berean, sakona baita, eta gai horietan ezin baikara inolaz ere erredukzionismoan erori. Horrela jokatzen badugu, Euskal Herriko apaizek egindako sexu-erasoak, guztiz arbuiatu eta gaitzetsi behar ditugunak, erlijioaren, apaizen eta elizaren dimentsio bakarra direla pentsatzera iritsiko gara, eta hori da, zoritxarrez, gaia behar bezala ez ezagutzeagatik Euskal Herriko sektore batek, gazte batzuek bereziki, pentsatzen duena. Oso jarrera itxia da hori eta, horregatik, hausnarketa egin nahi dut, gaia haren dimentsio guztietan aztertzeko lagungarri izango delakoan.

Dudarik gabe, azken urte hauetan hedabideetan asko zabaldu diren pederastiari eta elizgizonen sexu-abusuei buruzko albisteak erabat kezkatzeko modukoak dira. Esan beharrik ere ez dago nik neuk, guztiek bezala, portaera zikin horiek guztiz gaitzesten ditudala; apaiz horiek, errudunak direla frogatzen bada, auzitegi zibil batek epaitu behar ditu eta dagokien zigorra ezarri behar die. Gehiago esango dut: ez dit balio Elizak zuzenbide kanonikoaren arabera jokatzeak apaiz horien portaera aztertzeko eta zigortzeko orduan. Zuzenbide kanonikoa Elizaren tresna da eta ez naiz horretan sartuko. Gizarte zibilak baditu bere bitartekoak delituak epaitzeko, eta elizgizonek ere, gizarte zibileko kide diren aldetik, men egin behar diote guztiok dugun justiziari, ez baita erlijioaren araberako bereizketarik egiten gaur egun pertsonak epaitzeko orduan. Argi adierazi dut, beraz, nire jarrera.

Arestian esandakoa argi geratu ondoren, gaiari buruzko hausnarketa sakonago bat egin nahi dut, kontu hauetan askotan erredukzionismo eta sinplekeria handietan erortzen baikara eta horrela oso irudi distortsionatua baitugu elizari, apaizei eta, agian, erlijioari buruz. Jarrera hori intelektualki oso pobrea iruditzen zait eta bereziki larria da Euskal Herrian eta euskal apaizen kasuan, mundu horretan oso jarrera desberdinak ezagutu baititugu gure herrian, gaur egun oso gutxi aipatzen direnak. Euskal Herriaren aldeko borrokan sartuta egon den edozeinek du hainbat eta hainbat euskal apaizek diktadura frankistaren gau beltzean Euskal Herriaren aldeko borrokari eman zioten laguntzaren eta arnasaren berri.

Adibide asko eman ditzaket, eta edade batetik aurrerako euskaldunok asko dakigu gai horri buruz. Batzuk bakarrik aipatzeagatik, frankismoaren garaiko 1975eko azken salbuespen-egoera izugarri horretan euskal apaiz eta elizgizon asko atxilotuak eta torturatuak izan ziren; Tasio Erkizia denok dugu gogoan, pairatutako tortura ikaragarrien ondorioz heriotzaren atarian utzi zutena; inon ere hitz egiterik ez zegoenean askatasunaren aldeko aldarri kementsua egin zuten apaiz askok pulpitutik; Zamorako espetxean egon ziren apaizak, Burgoseko Epaiketan epaituak eta zigortuak izan zirenak, borrokalariei aterpe eman eta ihes egiten lagundu zietenak, ikastolen sorreranparte hartu zutenak...

Adibideak biderka litezke, baina esan nahi nuena aditzera emateko nahiko direla uste dut, hots, Elizaren eta euskal apaizen alde argia da hau, betiere gai honetaz hitz egitean kontuan hartu behar duguna eta askotan, ezjakintasunarengatik edo fede txarrarengatik, egiten ez dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.