Errazena izan zitekeena egin zait zailena, hainbeste arlo jorratutako pertsona baten bizitzari izenburua jartzea. Nola definitu hitz bakar batean Antxon Bandres Zaragüeta (Tolosa, 1948-2011), hain jarduera polifazetikoa, halako izaera poliedrikoa eta jakinduria polibalentea izan zuen gizona?Antxon, oso gertukoa izateaz gain, oso maitatua eta errespetatua ere bazen. Duela ia 50 urte ezagutu nuen, Tolosan, ni 14 urteko mutikoa nintzela eta bera 24 urteko gaztea. Denok izaten ditugu erreferenteak, zerbaitetan ispilu den jendea: ordurako Antxonek Biologia ikasketak bukatuak zituen eta Medikuntzakoak amaitzear zegoen. Buru azkarrekoa, berezko oroimen handia izateak hainbeste ekimen eta proiektu martxan jartzeko lagundu zion noski.
Tolosako Alpino Uzturre elkartean bi aldiz izan zen lehendakaria, eta beste bi aldiz Euskal Mendi Federazioko lehendakaria, 1976tik 1980ra eta 2000tik 2004ra. Mendian eta eskiatzen ibiltzeaz gain, ardurak hartzen ere bazekien, arazoei uko egin ordez aurre egiten bazekielako. Mendi medikuntzan aitzindari eta eragile, nazioarteko kongresuak antolatzen parte zuzena zuenez, argitalpen askotan irakurri litezke bere artikuluak.
2000. urtearen aurretik garbi ikusi zituen mendizaletasunak zekartzan aldaketak, Europatik zetozen korronte berriak: Eski Alpinismo probak, eskalada txapelketak eta mendiko lasterketak. Gaur egun Euskal Herrian antolatzen diren mundu mailako karrera batzuek asko zor diote Antxoni.
Etxe ondoan hasita, Uzturre, Hernio eta Aralar, pixkanaka Pirinioak eta Alpeak... Mendizaletasun horrek gero eta urrutiago bidaiatzera eraman zuen: Laponiara, Hindu Kushera eta Himalaiara, Kenyara eta Andeetara...
Bizi zen Urkizuko etxetik aurrez aurre ikusten da Txindoki; Bista Eder du etxeak izena. Han gertu dauden bideak garbitzen makina bat ordu pasatakoa zen, horretantxe zebilen, iturri ondoko sasiak garbitzen, erorketa txar bat izanda hil zenean. Beti etortzen zait gogora askotan entzun nion esaldia: «Mendian eta bizitzan ez datoz bat zailtasuna eta arriskua».
Tolosan, pasioa jartzen zion egiten zuenari, hainbat taldetan parte hartzen zuen: Berdinbidea, Andia kultur elkartea, Kasino elkartea, Alur Txiki Urkizu auzoko elkartea... Egunero Asuncion klinikan mediku, urtean behin inauterietan parrandazale, eta tarteka alde zaharrean txikitero. Pertsona gutxi izango dira hain profil ezberdineko jendearekin hain harreman estua izandakoak. Bai, ezberdinen arteko elkarbizitzan zubi lanak egiten ondo moldatzen zen Antxon. Gai serioak umorez hartzeko eta umore tonuan egia borobilak esateko izaera positiboa zeukan. Tren lokomotora baten antzekoa zen, indarra zeukan, jendea liatzeko erraztasuna berezkoa zuen, bestei laguntzeko borondatea betikoa... Horrelako jendeari zor diogu garena, nire kasuan behintzat Antxoni esker naiz naizenaren zati handi bat. Nerabe garaian, etxean liburu, musika, mapa eta bestelako kultur aukerarik ez zegoenean, bere etxeko giltzak utzi izanak ireki zizkidan mundura begira itxita neuzkan ate asko, eta leihotik jakin-minez begiratzen ere erakutsi zidan. Nola ikasiko genuen, bestela, Gregoriano musika zer zen, San Martin Harrian Hiru Behien Zerga nolakoa zen, Pastorala non egiten zen, Kolibortzioa edatekoa zela, tundra eta taiga bereizten edo izozketa eta hipotermia ez zirela gauza bera...
Aranzadi zientzia elkartea zen beste konpromiso gune bat, denbora eskerga eskaini zion; zuzendaritzako aholkulari izateaz gain, azken urteetan indusketetan eta gorpuak desobiratzen lan ugari egin zuen.
Bere erradiologo formakuntzari lotuta ikerketa proiektu askotan parte hartzera iritsi zen, baina biologo eta naturazalea ere bazenez berari otu zitzaion Tolosan galduta zeuden Mikologia jardunaldiak berpiztea, zendu aurreko udazkenean izan zen hori.
Tolosaldean 60 urteren bueltan dabilen askok gogoratuko du Antxon Eskolapioetan Matematika irakasle eta beranduxeago Ikastolan Biologiako maisu. Ekuazio eta formula artean ez zen faltako mendiari buruzko aipamenik, eta natur zientziak irakastean esperimentu eta xelebrekeriarik. Hari entzun genizkion lehen aldiz egun guztion ahotan dauden ingurugiro, energia berriztagarri eta antzeko kontzeptuak... orain dela ia mende erdi.
Bi liburu baditu idatziak: bere osaba-aitonaren biografia. El sportman Antxon Bandres Azkue, 1924an jaiotako Euskal Federazioaren sortzaileetako bat; eta Pilar Acedo, Josef Lehenaren maitalea, Tolosaldeko Historia Bilduman argitaratua.
Zientzia artikulu askotan hartu zuen parte, izan hemengo nahiz kanpoko argitalpenetan. Hasieran eskuz, gero idazmakinan, geroago ordenagailuan garbi papereratzen/pantailaratzen zuen buruan hain argi zeukana, halere atzamar haiek mimoz hartzen zituzten gaixoen erradiografiak, kontu handiz gerran hildakoen burezurrak, indarrez aitzur eta pala kirtenak, pazientziaz mekanika piezak, ziurtasunez pioleta, konbentzimendu handiz bolantea... eta esku horiexek pulamentuz luzatzen zuten bostekoa.
Politika munduan izan zuen presentzia. 1979-1983 bitarteko urte gogorretan Euskadiko Ezkerrako zinegotzi izan zen, eta hogei urte geroago, EAJren zerrendetan, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide ere izan zen.
Eguberriak gainean ditugunez ezin aipatu gabe utzi bere jaioterrian Olentzero gorpuzten zuela.
Izan liteke 63 urteko bizitza batean gauza gehiago? Kartografia batek zenbat informazio eskaini dezake?
Antxon Bandres Zaragüeta, bizitza baten kartografia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu