Antsietate kolektiboa: 'eko-antsietatea'

2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Antsietate kolektiboa da pertsona-taldeek sentitzen dutena estres egoera batean. Pertsona-talde horrek antzerako emozio, pentsamendu eta sentimenduak partekatzen ditu. Psikologiaren esparruan, sindrome berri horri buruz ikertzen eta eztabaidatzen ari da. Sindrome hau landa eta hiriko eremuetan agertzen da, ekonomikoki esparru aberats edo pobreetan. Antsietate kolektiboa edo ingurumen-antsietatea sortzen da susmo tinko eta sakona izaten denean gure ingurune naturala, soziala eta ekonomikoa hondatzen ari dela azkar, eta ezin ekidin. Belaunaldi gazteenak, 15 eta 30 urte artekoak dira eragin handiena jasaten dutenak, baina jendartearen segmentu guztiek jasaten dute antsietate kolektiboaren eragina.

Antsietate kolektiboan lau dira kezkabide elementuak: aldaketa klimatikoa, migrazioak, arrakala ekonomikoa eta balio demokratikoen depreziazioa. Denok kezkatzen gaitu klima aldaketak. Geroz eta gehiago dira eskala handiko basoko sute kontrol gabeak, uholde hondatzaileak gertatzen ari dira maiz eta leku berrietan, non atmosferako fenomeno suntsitzaileak ez ziren ezagutzen. Migrazioen kezka areagotzen ari da: migrazio fluxuek, duintasunez biziraun nahi dutenek talka egiten dute harresi hotzekin eta mutilatzeko diren burdin hesiekin. Bizitzaren beste aspektu bat, komunitatearen antsietatea handitzen duena, aberatsen eta pobreen arteko arrakala da. Kezkarako laugarren elementua da herrialde batzuen norabide politikoa totalitarismoaren aldekoa dela eta balio demokratikoak depreziatzen ari direla.

Klima aldaketaren perspektibak ingurumen-antsietatea sortzen du, baina ez du lortzen iritzi publikoan eragin handirik; beldur kolektiboaren forma hartu beharrean, kezka xinplean gelditzen da eta adierazten da eko-antsietate forman. Klima aldaketari buruz pentsa eta ahaztu egiten da, ezpada zalantzan jartzen. Hedabideek nabarmenduko balute suntsiketa klimatikoa garrantzitsu bezain larria dela, fluktuatzaile den eko-antsietatea beldur kolektibo bilakatuko litzateke. Beldur kolektibo hori, kontzientea, arrazionala eta partekatua izanda, mobilizatzaile eta eraldatzailea izango litzateke. Horrek beste mota bateko perspektiba emango lioke klima aldaketari.

Eko-antsietatea antsietate kolektiboa da, nahiz eta sintoma desberdinekin azaleratu, pertsonen araberakoa da, ez da gaixotasun mentala, ezta patologia bat ere. Zenbait jendek bizi duen ezinegonaren, kezkaren eta larritasunaren sentimendua da. Adituek ohartarazten dute krisi klimatikoari emandako erantzun psikologiko eta emozionala ez dela patologiatzat kontzeptualizatu behar. Funtsean larritasun existentziala da, gazteek ezin dituztelako proiektatu beraien bizitzak etorkizunean.

Askotarikoa izan daiteke eko-antsietate partekatu horren erantzuna, baina orokorrean, bi motatako erantzun psikologikoak eman ditzakegu: bata indibiduala, bestea kolektiboa. Lehena da norberaren sintomak modu egokian kudeatzen ikasteko psikologo edo psikiatra batengana joatea. Bigarrena da norberaren sintomez haratago joatea, modu komunitarioan aurre eginda egoerari; bizipenak taldean partekatzen zentratua, eta gain dimentsionatu gabe beldurraz jabetu. Beldurra sentsazio bat da, eta agertzen da egoera erreal bat arriskutsua hautematen dugunean, eta sentsazio hori izatea logiko eta normala da. Beldurra izan daiteke arrazionala eta irrazionala: irrazionalak paralizatu egiten gaitu, arrazionalak erne jartzen gaitu eta babesa ematen digu. Beraz, beldur arrazionala bada eta kontziente denean partekatuz gero, mobilizatzaile eta eraldatzaile bilakatzen da, eta horrek uxatu egiten ditu antsietatearen sintomak. Emozioei buruz ari gara, eta zaindu behar ditugu gure bizitzako agintea hartu ez dezaten.

Azkenean, eko-antsietateari aurre egiteko erantzun eraginkorrena da psikologia komunitarioan oinarritzea. Horretarako beharrezkoa da norberaren beldurrak eta bizipenak taldean partekatzea, eraldatzaileak diren antolakuntzetan parte hartu etaestrategiak planifikatzea eraldaketa erradikalak lortu ahal izateko; hau da, sistema ekonomiko sozializatzailea eraiki, ekoizteko modu iraunkorra bultzatu, kontsumitzeko irizpideak aldatu, ondasunen pilatze eta banatzeko forma komunitarioak asmatu, hierarkiak desegin eta baita elkarbizitzeko modu berriak sortzen saiatu ere. Horretarako, erdiko klasea garen autopertzepzioa gainditu egin beharko dugu; kontzeptu hori kapitalismoaren ispilatzea da gure klase kontzientzia desegiteko. Beraz, ez ahaztu gehienok langile klasea garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.