Eskola garaian, boladan jarri ziren aukeratu zure abentura saileko liburuak. Lan horiek narrazioaren norabidea erabakitzeko aukera ematen omen zuten hiperfikziozko liburuak ziren. Baina, paradoxikoa dirudien arren, aukera askearen eredutzat jartzen zizkiguten liburu haiek murriztaileak ziren oso; aukera askatasunaren izenean, bi hautabide, soilik, zeudela irentsarazten baitziguten. Idazleak ezarritako a) eta b) aukeretara murrizten zen mundu binario horren ordaina, imajinazioaren domestikazioa zen.
Elkar eragiten duten, eta gurean bat egiten duten, bi krisiren erdian gaude; neoliberalismoarena bata eta Espainiako Estatuarena bestea. Koronabirusak lagundu egin du lehenagotik zetorren neoliberalismoaren krisia biluzten. Agerian jarri du gure abenturaren aukera bakarrak ez direla neoliberalismoak eskaintzen zizkigun pribatizazioa (a) eta baliabideen neurrigabeko ustiaketa (b). Jende askoren begietara, publiko/komunaren derrigortasunaeta ikuspegi ekologikoa indartzea ebidentzia berriak bilakatu dira. Horregatik, krisia, ekonomiarena bainoago, mundu ikuskera neoliberalarena da. Ez dago aberastasuna sortzeko gaitasuna krisian, aberastasun hori sortzeko eta banatzeko modua da krisian dagoena.
Bestetik, sektore publikoaren garrantziaz eta laissez faire liberalari mugak jarri beharraz jabetzearekin bat, krisian omen zegoen estatuaren ideiaren garrantzia indartu egin da. Indartze horrek, baina, paradoxikoa dirudien arren, Espainiako Estatua ahuldu egiten du. Zergatik? Subkontziente kolektiboak uste duelako Espainia ez dela eskubideak eta sektore publiko/komun indartsua bermatzeko kapaz. Hori guztia berria da. Aprobetxatzen asmatuz gero, ekaitz perfektu baten aurrean izan gaitezke. Askapenerako aspaldiko baldintzarik onenen aurrean gaude, beraz.
Hala ere, azken hamarkadetako baldintza onenei inoizko erantzunik kontserbatzaileena ematen ari zaio independentismoa. Koronabirusaren aitzakiarekin, areagotu egin du lehenagotik ere bazerabilzkien eta diskurtso berria egituratzeko darabiltzan segurtasuna, egonkortasunaeta kontsentsua kontzeptu gakoak. Horrek guztiak badu bere azalpena, eta arraroa badirudi ere, antropologiarekin du zerikusia.
Ideologia eta helburu politiko guztiek, esplizituki batzuetan eta inplizituki gehienetan, antropologia bat aurresuposatzen dute. Hau da, ideologia eta helburu politiko konkretu bat justifikatzen duen pertsonon balizko izaera bat azpimarratzen dute. XX. mendeko iraultzetan, adibidez, pertsonek, berez, askatasunerako joera zutela aurresuposatzen zen. Neoliberalismoak, berriz, indarrean dagoen sistema ekonomiko eta politikoa mantentzea helburu duenez, pertsonok, berez, egonkortasun eta segurtasun zaleak garela esango digu. Ikuspegi antropologikoa, beraz, arma politiko oso indartsua da, balizko berezkotasunetan oinarritzen baita ondorio politikoak ateratzeko.
Jendeak, berez, segurtasuna eta egonkortasuna nahi dituela irentsita, hau da, antropologia neoliberala onartuta, momentuko erakundeen egonkortasuna ipar, estatuari egonkortasuna emateak indartu egiten gaituela ondorioztatzera iritsi gara. Eta konfrontazioak ziurgabetasuna sortzen duenez, ahuldu egiten gaituela. Beste askoren artean, Madrileko parlamentuan, alarma egoeraren luzapena dela eta, EH Bilduk esandakoak adierazi nahi dudanaren adibide garbia dira. Trifatxitoa lehenik, eta koronabirusa gero, aitzakia bilakatu dira inoiz baino ahulago dagoen Espainiaren proiektuari, L'estaca abestiak dionaren kontrako norabidean, egonkortasuna eman behar diogula ondorioztatzeko. Hauteskundeetan zertxobait igo nahi izatearen kostua helburu askatzaileen folklorizazioa ari da izaten. Arduratsuak izan behar dugu horrekin.
Antropologia neoliberala antropofagia da funtsean; indarrean dauden pertsonen arteko esplotazio mota guztiak iraunaraztea ahalbidetzen baitu. Horregatik, funtsezkoa da helburu askatzaileentzat egokia den antropologia aukeratu eta erabiltzea.Datorkigun prekarizazioaren aurrean, borroka egitea tokatuko zaigu eta armagabeturik geundeke antropologia neoliberalarekin jarraituz gero. Logika elektoral huts batetik eta demokrazia liberalaren markotik, erabatean, pentsatuz, gureganatu genuen antropologia horrek normalkeria berrirako ez digu balioko.
Etorkizunak prekarizazioa dakarkigu. Prekarizazioa burujabetza lapurreta da. Gure burujabetzaren monopolioa dutela uste dutenek egiten diguten lapurreta. Horri aurre egiteko, bukatu egin behar dira burujabetza aldarrikatzera soilik mugatzen diren estrategiak.
Aldarrikatzearekin batera, burujabetza(k) egikaritzera pasatu beharko gara. Legala izan edo ez. Aldebakartasuna da hori eta ezkonezina da antropologia neoliberalarekin. Bide horretatik, sakoneko aldaketa posible egingo duen artefaktua bihurtu beharko du independentismoak. Hor du bere aukera; ez indarrean dagoen markoaren kudeaketa hobe baterako erreminta hutsa bilakatzean.
Arestian aipatu dut neoliberalismoaren eta estatu espainiarraren krisiak bat egiten dutela. Horregatik, gurean, neoliberalismoaren krisitik onik ateratzeko baldintza Euskal Errepublika da. Ebidentzia hori lotsarik gabe eta argi planteatzeko garaia dela uste dut. Neoliberalismoak, eta bere sukurtsala den Espainiako Estatuak, gure abentura kolektiboa txarra edo okerragoarenartean aukeratzera mugatu nahi gaituzten arren, guk, imajinazio politikoa eta ekintza erabiliz, aukerak sortzeko gaitasuna lukeen markoa eskaini behar dugu. Dena da posible euskal errepublikan.
Antropologiaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu