Medikua

Antropolis gurean

2024ko ekainaren 19a
05:00
Entzun

Beti uste izan dut Euskal Herria Sardes bezalakoa zela, Ziro Handiaren neurrikoa, zeinak bazekien, ondo jakin ere, herri edo komunitate baten ohiturak eta burujabetasun grina gakoak direla bere autoestimua sustatzeko, eta nahikoa zela horiek zentzuz erabiltzea herri horren azpiratzea eta bere gogoaren asebetetzea bateragarri egiteko. Zapalduak bat. Eta izan bada Sardes, neurri handi batean, munduko satrapien artean puntakoena.

Baina euskararen (euskaldunen) aurkako oldarraldia ikusirik, ez dakit nik ba Antropolisen antza gehiago ez ote daukan gure herriak. Antropolisen, gurean bezala, elite bat omen dago. Euskaldunek osatzen dute eta, euskararen aitzakiaz baliatuz, administrazioaren lanpostu eta kargu gehienak okupatzen dituzte, gehiengo naturala, erdaldun zintzoak alegia, baztertuz. Adituek diotenez, biztanleen %85ek ezin dute administrazio publikoan lanpostu bat eskuratu, hizkuntza-eskakizunen ondorioz. Esan nahi baita, euskararen inposizioagatik: eskatu nahi duzun beste, baina ez duzu lana eskuratuko euskalduntzen ez bazara. 

Are gehiago, nola juduek Antropolisen legez, hala egiten dute euskaldunek Euskal Herrian: irakaskuntza ere euren neurrira mugatu, haur hezkuntzatik unibertsitateraino, jende zintzoari sarbidea ukatuz. Sioneko jakintsuen sarea beldurgarria omen da: Eusko Ikaskuntza, ArantzazuLab, EHU, Olaso Dorrea, Sabino Arana Fundazioa... elite politikoaren habia eta harrobi bilakatu dira. Eurek kontrolatzen dute gure etorkizuna; amaraun ilun horretan hartzen dira herriari dagozkion eta ukatzen zaizkion erabakiak.

Onartu behar da Antropolisen egoera askoz txarragoa zela. Biztanle guztien %1 baino ez ziren juduak eta, halere, eskaini zen udaltzain lanpostu bakarra judu batek eskuratu zuen. Teorian, bai konstituzioak bai legediak herritarren arteko berdintasuna eta ekitatea babesten zuten; errealitatean, ordea, ez zegoen inolako berdintasunik. Gutxiengo bat izan arren, juduek administrazio publikoko lanpostu guztiak eskuratzen zituzten gehiengo ariarra diskriminatuz. 

Atera kontuak: zenbakiak aztertuz, juduek ariarrek baino ehun aldiz eskubide gehiago zeuzkaten. Are gehiago: ariarrek lanpostu batetik bat ere ez zuten lortu, zero. Bat zati zero infinitu denez, gutxiengoaren eskubideak ariarrenak baino infinitu aldiz gehiago ziren! Antropolis altxatu zen.

Gurean ez da horrenbesterako, baina bada kezkatzeko modukoa. Ehuneko hamabostak lanpostuen ehuneko ehuna lortzen du, itzalean ehundutako sareak inposaturiko eskakizun baztertzaileen bitartez. Dena den, ondorioa berdina izango da: etorriko da eguna noiz euskaldunen eskubidea erdaldunena baino infinitu handiagoa izango den, administrazio publikoan lanpostu bat eskuratzeko. Oharkabean, euren amaraunean harrapatuta bizi gara. 

Halaxe da bai, Euskal Herriak Antropolisen itxura dauka, gero eta gehiago gainera. Izan ere, antropolisdarrak bezala altxatu baitira eta, berdintasunaren izenean, batezbesteko zientzia zehatzaren bermeaz, eta gutxi balitz bezala legearen babesaz, euskara baztertzailea dela frogatu dute. 

Hemendik aurrera erdaldun hutsek eskubide osoa izango dute errauts elitearen hizkuntza ez ikasteko eta ez erabiltzeko. Hitz egiteko eta ez entzuteko gaitasuna izango dute, ekarpenak egiteko baina ez jasotzeko ahalmena, euren gustukoa ez dena ez ikasteko eta hauskorra ezabatzeko boterea. Antropolis gurean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.