Dirudienez, hondamendi handi bat izan da PSOEren klaudikazioaren ondoriozko desblokeo politikoaren albistea, eta ez abentura bat, sistemaren aldeztaileek itxaroten zuten moduan. «Espainiak gobernu bat behar du»; kontsigna horrek mobilizatu zuen azken konponbidea. «Ezin dugu deitu beste hauteskunde batera, hirugarrengoz», nabarmendu zuten behin eta berriz. Premiazkoa da. Ikuspegi osoz jokatu behar da, eta abar.
Horregatik onartu zuten azkenean Rajoyren gobernua, «ezinbesteko gaitz» gisa, eta «halakorik merezi ez bazuen ere». Ez dira zorion agurtzat hartzeko hitzak. Premia bertute bihurtu, eta zapo sistemikoak irentsi beharra zegoen. Gobernua bera ere ados dago, oposizioaren ahuleziaren onuradun nagusia izaki; aitzakiarik ezin jarri, beraz. Ciudadanosekin egindako itunak, berriz, bete gabe uzteko baino ez ditu akorduan Rajoyk. Apenas hartu duen lanik ezer aldatzeko, dozena erdi pertsona izan ezik, aurrekoetatik ia bereizi ezin direnak. Jarraitutasunaz, ordenaz eta aurrerabideaz arduratuko da gobernu hori, gutxiengoan eta prestigiorik batere gabe, bere alderdiaren ustelkeriagatik eta alderdikide batzuk gainsoldatak kobratzeaz akusatuak izateagatik ere jazarria. Aita Uburen erreinaldia dirudi, ia-ia; sistema dinamitatzeko sortua.
Gobernu horri leialki eustearren eta egonkortasuna, ordena eta gobernantza zaintzearren —hala dio,behintzat-, PSOEk bere buruaz beste egin du; oraingoz, oposizio gisa, eta aurrerago —ikusiko dugu—, alderdi gisa. Oposizioan, garrantzirik gabekoa izango da, gobernuaren bahitu gisa funtzionatzen baitu, hura mehatxuka baitabil Gorteak desegingo dituela eta —haiek makurtu ezean— hauteskunde aurreratuetara deituko duela. Sozialistek eragotzi nahi zituzten hauteskunde horietara, hirugarrengoz; haien txorimaloaren aurrean eman zuten, bada, esku kolpea alderdi barruan.
«Koalizio handia» zilegi izan ez denez —PPk eskatzen zuen bezala—, PSOEren abstentzioari esker, gobernabiderako itun moduko bat sinatu dute, eta hark berekin dakar gobernabidea bera. PSOEk hitzeman du oposizioan gogor arituko dela ekonomia eta gizarte arloan —nahiz eta galdua duen aurreko legeria oldarkorra indargabetzeko itxaropena—, eta, katalanen auziari dagokionez, fronte nazional bat eratuko duela PPrekin eta Ciudadanosekin. Baina hori ere ez da izango funtzionala sistemarentzat, indar handia baitute hauteskunde aurreratuek, eta enpresariek ere ohartaraztera bidaliak dituzte beren mezulariak, alegia, gobernuak ezin baldin badu gobernatu—bere onurarako, jakina— hauteskunde aurreratuetara deitu beharko dela. Gobernuak eta enpresariek gauza bera esan ohi dute, eta elkar indartzen dira. Horregatik da sinesgarria PPren mehatxua, zeina ez baita PSOErentzat bakarrik, baizik eta baita Ganberako gainerako alderdientzat ere—hauteskunde itxaropen erregularrekoak izaki—.
Sistemaren desblokeoak berekin ekarri du eskuineko gobernu bat, gutxiengoan dagoena, autoritarioa, neofrankista, gaitasun historia izugarriak ageri dituzten ministroak dituena; gobernu bat, tematuta dagoena ordena publikoko auzi eta errepresio politika gisa eta inolako negoziazio eta elkarrizketarik gabe tratatzen Estatuari larrikien erasaten dion arazoa: katalanen prozesu independentista. Gobernua izan ezik, edonor jabetzen da errepresioak ez duela konponduko arazoa, larriagotu baizik.
ETAren indarkeriari aurre egiten ahalegindu zenean, oso bestelakoa zen egoera; hain zuzen ere, indarkeriak zilegitasuna kentzen ziolako aldeztu nahi zuen kausari, eta, ordea, legezkotu egiten errepresioa eta elkarrizketa ororen ukoa. Ordu hartan ziotenez, behin armak isildutakoan zilegi izango zen edozertaz hitz egitea. Promesa hura gezurrezkoa zela erakusten du, hala ere, Estatuak katalanen prozesu independentistari dagokionez izan duen jarrerak. Indar nazionalista espainolek —funtsean, PPk, PSOEk eta Ciudadanosek— erabat uko egiten diote Katalunia nazio bat izan dadin aintzat hartzeari, eta, beraz, ezin onartuzko asmo horretan oinarrituriko ezer negoziatzeari. Edozein erreforma edo berrikuspen proposamen, proiektu; ezertxo ere ez. Sistema ez da gai erasaten dion disfuntzionaltasun horren autodiagnosi bat egiteko. Ez du ulertu ere egiten. Uste du independentista banaka batzuk kartzelatuta errotik erauziko duela independente izateko nahia, eta ez da jabetzen bere burua suntsi dezakeela.
Kontuan izanik irekia, transbertsala, baketsua eta demokratikoa dela independentista katalanen eskabidea, eta auziaren inguruko erreferendum bat eskatzen dutela masiboki, ez du inolako zilegitasunik errepresio politika batek. Denik eta legezkoena izanda ere. Zilegitasunak joera du herri baten aldera egiteko, baldin eta bere eskubidea baliatzeko nahia modu masiboan eta baketsuan eskatzen badu, haren erabat antzekoak diren beste herrialde batzuek ere —Eskozia eta Quebec— baliatu duten moduan.
Pedro Sanchezek PSOEren idazkari nagusi izateko oinarritzat harturiko noranzkoa izan daiteke, beharbada, nazionalismo espainola nazionalismo katalanarekiko jarrera aldatzen hasia den zantzu. Baina zantzu oso txikia. Emantzat jorik ere Sanchezek argi formulatuko duela bere programa, ez dago argi bere alderdia konbentzituko duenik bide horretatik jotzera; eta, uste izatekoa denez, abertzaletasun espainolak horretarako beste edozein hautagai baliatuz gero, harekin lehiatu beharko du.
( Erredakzioan itzulia )
Antisistema den sistema
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu