Anoetara, ofizialtasunaren alde

2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Datorren larunbatean, euskal futbolariok, futbozaleok eta oro har euskal herritarrok zita garrantzitsu bat dugu Anoetan, emakumeen euskal selekzioaren futbol partida jokatuko delako lehen aldiz.

Hau ere historikoa izango da, lehen aldia izateak ematen dion esanahiagatik, izango dira gehiago, guztion artean euskal selekzioen ofizialtasuna lortu arte.

Ospakizun eguna izaki, eta, beraz, alaitasun eta festarako abagunea izanik, ezin ahantzi ordea oraindik ere gure helburutik urrun gaudela.

Gaur-gaurkoz, euskal selekzioek badute halako agerpenak egiteko beharra, eszenifikatu beharra, baina selekzioaren alde egindako lana loratuko da. Bide horretan indarrak biltzea, gogoa kutsatzea, enpatia gehitzea ezinbestekoa dugu.

Zoritxarrez, ez goaz urrunago oraindik, baina ez dugu ahazten nora goazen, gure nortasuna defendatzera, oinarrizko eskubidea denari tinko eustera, azken finean herri gisa nazioarteko agertokian lehiatzera. Euskal Herria nazioa da.

Baina estatu espainiarrak eta frantziarrak ez dizkigute gure oinarrizko eskubideak onartzen, besteak beste, nazioarteko kirol lehieketetan selekzio propioarekin ordezkatua izateko eskubidea, Nazio mailako Kirol Federazioak osatzeko eskubidea ezta gure hizkuntzan kirolean aritzeko eskubidea. Baina, era berean,Euskadiko Futbol Federazioak eta baita instituzioek apenas pausorik eman duten ofizialtasunaren alde. Euskal Herriak eta euskal herritarrek ofizialtasuna aldarrikatzen dute eta, beraz, ildo horretan lan egitea dagokio, helburu berarekin lanean ari direnekin elkarlanean.

Bidea ez da erraza izango, kontrako indarrek ere gogor eusten diotelako ukazioari, baina aldaketa haizea dabil euskal herrian, eta Euskal Herria biltzen ari den indar horri ezingo diote ezezkorik esan. Erresistentzia horiei gero eta denbora gutxiago geratzen zaie, eta men egin beharko dute. Egungo testuinguruan dauden aukerak aprobetxatzeko abagunean jarri gaitu, beldurrik gabe ofizialtasunaren eremuan ere aurrerapausoak emateko.

Euskal selekzioaren aldeko bidea urra dezagun elkarrekin, futbolariok, futbolzaleok eta euskal herritarrok batera ametsa helburu bihur dezagun. Euskal herritarrek lan eta esfortzu gehiago exijitzen eta eskatzen digute ofizialtasuna lortzeko. Eskatzen eta exijitzen diguten horri erantzun behar diogu, baina horrek konpromisoa eta lana eskatzen du. Derrigorrezkoa da, beraz, konpromisoak hartzea eta urratsak egitea euskaldun gisa ordezkatuko gaituzten selekzioen alde.

Gaur dugun hitzorduari heldu eta herri gisa gure nahia eta borondatea erakutsi behar dugu eta ozen aldarrikatu euskal selekzioaren alde gaudela eta gure hizkuntza euskararen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.