Ankerkeriazko 24 egun

Iñaki Barrutia Arregi, Xabier Onaindia Ribera
2017ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Izarrek bizi izan duen egoerari buruz ari gara, Sara Majarenas preso politikoaren alabak. Izarrek espetxe erakundeen eta instantzia judizialen birbiktimizazioa pairatu du 24 egunez, zeintzuk erakutsi duten espetxeetako hormak bezain buru hotz eta deshumanizatuak dauzkatela. Bere aitaren genero indarkeriazko eraso ankerrak alaba instrumentalizatzea izan du xede, amari min emateko. Erasotzaileak badaki alabari min eginda amari min egiten diola. Genero indarkerian errepikatzen den konstante bat da; Osakidetzako kontsultetan izan dugun esperientziak hala erakutsi digu. Genero indarkerian, emazteak gizonarengatik banatzea erabakitzen duen unea izan ohi da unerik kritikoena eta eraso hilgarri bat jasan daitekeena. Orduan erabakitzen du gizonak emazteari heriotzaraino eraso egitea.

Izarrek, bere aitaren erasoaren ondoren, gurasoek jatorrizko testuinguru batean eskaintzen duten babes eta segurtasun sentimenduaren galera bizi du. Babes eta segurtasun sentimendu hori berriz eraiki dezake batez ere Sararekin, bere amarekin, bere gertutasunagatik eta berotasunagatik. Izarrek bere amonaren gertutasuna izan badu ere, eta elkartasunezko sare sozialen beroa jaso arren, bere ama faltan botatzen zuen, jaio zenetik berarekin egon baitzen, instituzionalizazio egoeran izan arren. Jakin badakigu Izarrek jasan duen egoera traumatikoaren ondoren, izan dezakeen laguntza psikologikorik onena bere amaren gertutasuna eta babesa dela. Horrek lagun diezaioke jasandakoa barneratzen. Itxaropen osoa dugu hala izango dela.

Hau ama preso politiko baten aurkako ekintza krudela izan da, zigorraren hiru laurdenak beteta dituena eta kalean egon beharko lukeena espetxeetako arauak segituz gero. Espetxealdia luzatzea pertsonek erabakitzen dute, legezko instantziak aurkariaren zigor legearen mende daude eta espetxe erakundeak mendekuaren irizpideak segitzen dituzte, ez gizarteratzearenak. Auzitegi Nazionaleko Castro epailearen autoak otsailaren 5ean baimendu zuen ama 24 orduz alabarekin egotea, baina auto horri ez ikusiarena egin zioten Picassent espetxeko zuzendaritzan, eta ez zuten indarrean jarri hiru egun pasatu arte. Luzapena zigor gehitua da.

Halaber, begi bistan geratu da isiltasuna, ez bada pasibotasuna Eusko Jaurlaritzako zenbait instantzien aldetik (Emakunde...), pertsona guztien eskubide guztiak babesteko konpromisoa beharko bailukete. Haurtzaroa landu dugun profesionalak garen heinean, badakigu zein babes falta izaten duten amek eta haurrek genero indarkeriaz ari garenean. Kasu askotan, gizonaren tratu txarrei gehitu behar zaie erakundeen tratu txarra, indarkeria jasan duen amak edo haurrak ez direlako ulertuak eta profesionalek enpatia falta daukatelako: horri gehitu behar zaio zenbait kasutan komunitatearen inplikazio falta edo burokraziaren ezina prozesu hauetan. Kasu hauetan ere erakundeen partetik tratu txarra ematen dela esan dezakegu, legeak betetzea baino ez denean eskatzen pertsonek erabakiak luzatzen dituztenean, lege horiek demokrazia aurreko egoera batera bideratzen direlako.

Azkenean, Izar eta Sara elkarrekin daude. Sare sozialen babesa izan dute, eta pertsonen elkartasuna. Laster kalean paseatzen ikustea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.