Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), LGBTIok egon bagaude eta LGTBIfobiaren kontra ari gara eskubide osoz, besteak beste, gurea unibertsitate publikoa eta laikoa delako. Ez dugu arrosa kolorearekin ezertxo ere garbitu nahi, kontrakoa, kolektiboko lagunen ongizatea bermatu nahi dugu eta horretarako lana, ikusgarritasuna eta gure hezkuntza-erakundearen laguntza behar beharrezkoak ditugu. 90eko hamarkadan, Iruñetik Euskal Herriko Unibertsitatera ikastera etorri nintzen. Orduan, oso zaila zen marika edo bollorik gure korridoreetan ikustea; trans lagunak, ezinezkoa. Gogoan dut luma erakusten zuen izpiritu libre eta indartsuren batek bere burua azaltzen zuela. Ezin ditut ahaztu, ordea, orduan entzuten ziren zurrumurru LGTBIfoboak; oraindik orain, sumatzen direnak aurreiritzietan, mesfidantzetan eta errespetu faltetan. Halere, gaur egun, sexu-genero sistemaren disidente gehiago plazan gaudela argi dago. Erakundeari dagokio aniztasun-adierazpen hau, beste batzuekin batera, babestea; izan ere, gu guztion osasuna eta eskubideak jokoan baitaude. Kontua da EHU ikasleek, irakasleek eta Teknikariek eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek (AZP) osatzen dugula, modu batean hala bestean. Pentsa, errektorea, dekanoak eta gisa honetako karguetan dauden lagunak irakasleak dira.
Egia da lan-giro hierarkiko-zisheterosexual-patriarkal-hegemoniko itogarriak ez duela aukera handirik ematen queer bizipenentzat, baina zalantzarik ez dut, LGTBI adierazpena eta erresistentzia EHU bera sortu zenetik gure artean izan dugula. Esate baterako, 2014an, ikasle talde batek EHUko LGTB Liga sortu zuen, gerora Ozen LGTB deitu zutena. Nik dakidala, tamalez, orain ez dute talderik unibertsitatean. Dena dela, EHUko LGTB Ligak eskatuta, 2018an Berdintasun zuzendaritzak komun mistoen ekimena aurrera eraman zuen. Urte berean, gure fakultatean, Bitartez ikerketa taldearen eskutik, I. LGTB+ eta Komunikazio Jardunaldia: mugimenduaren izana eta oraina Euskadin egin zen. Gasteizko campusean, Empar Pineda batzordeko bi kidek Arte eta Queer kulturaren jardunaldiak zazpi urtez antolatu dituzte. Horren haritik, duela bost bat urte, Berdintasun zuzendaritzak hiru campusetako irakasle eta AZPren eskaeren enbidoa onartu eta batzorde batean bildu gintuen. Ordutik, Empar Pineda batzordea osatzen dugun lau lagunok, EHUko Berdintasun zuzendaritzako bi teknikari eta zuzendariarekin batera, ondoren aipatuko ditudan egitasmotan lanean aritu gara:
Aniztasun sexuala ikastaroa kudeatzen dugu. Duela bost urte martxan jarri zenetik, 500 lagunek baino gehiagok parte hartu dute. Sei moduluz osatuta dago eta Miquel Missék, soziologo eta material didaktiko honen koordinatzaileak, sarreran azaltzen duen moduan «sexu eta genero aniztasunaren inguruko eztabaidara lehenbizikoz hurbiltzen direnentzat dago idatzita». Modulutan, Alba Pons Rabasa, R. Lucas Platero Méndez, Noemí Parra Abaúnza eta Gerard Coll Planas identitateari, LGTBI politikei, LGTBI haurtzaroari eta intersekzionalitateari buruz aritzen dira. Ikastaroa online eskaintzen zaie ikasle, irakasle zein AZP langileei. Empar Pineda batzordeko kideok ikastaroa kudeatu eta lanak zuzentzen ditugu. Aurten, lehendabiziko aldiz, Grupo 9 Universidades-aren (G9 Espainiako Estatuko bederatzi unibertsitate publikoz osatutako taldea da, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta EHU barnean egonik) formakuntza planetan ere ikastaroa eskaini da eta estatu guztiko ikasleek parte hartu dute.
Empar Pineda sariak LGTBI ikuspegia gradu eta master amaierako lanetan hartzen dutenen arteko lehiaketa da. Ikasleek oso lan interesgarri eta berriak egiten dituzte eta ederra izanen litzateke argitaratuak ikustea.
UniDibertsitatea film laburren lehiaketari duela lau urte hasiera eman genion. Kasu honetan, EHUko ikasleek LGTBI edukia sortzeko eta ikusgarritasuna bultzatzeko eragingarria da.
Unidibertsitate Egunean sariak banatzen dira, film laburrak ikusi eta ikuskizunak ere proposatzen dizkigu Berdintasun zuzendaritzak. Aurten, Irantzu Varela izan dugu, euskaraz, bakarrizketa zoragarri batekin eta, joan den urtean, Ainhoa Juaniz clown nafarrak alaitu eta astindu gintuen.
Donostiako campusetik, Julen Zabala liburuzain nekaezina (Empar Pineda batzordeko kidea hura ere), besteak beste, estatuan antolatu diren kongresu ezberdinetara joan da EHUtik LGTBI eskubideak babesteko burutzen ari garen lana azaltzeko.
Berdintasun Zuzendaritzak Trans protokoloa martxan jarri zuen 2021ean. Honek bidea ematen du pertsona transek eta ez-bitarrek EHUn eginen dituzten izapideetan izena aldatzeko eta klasetan haien izenez deituak izateko. Berdintasun zuzendaritzan ere hasiak dira eraso LGTBIfobikoen salaketak jasotzen eta hauei irtenbidea ematen saiatzen.
Gure eskola eta ikerketez gain egiten dugun lana da hau eta ez dugu etsiko.