Angularen isilpeko arrantza Orian izenburupeko iritzi artikulua argitaratu dute berriki Naturkoneko kideek egunkari honetan, BERRIAk angularen arrantzaz egindako erreportaje baten harira. Inorekin tirabira publiko batean sartzeko inolako asmorik ez dudala argitu nahi dut ezer baino lehen, guztiz errespetagarria baiteritzot erakunde publikoon jarduna kritikatzeari. Edonola ere, nire esanak eta Usurbilgo udal-gobernuak gai honekiko duen posizioa desitxuratu direla uste dut, gure nahia eta helburua ez baita, inondik inora, isilpeko arrantzaleen jarduna normalizatzea, ezta lizentzia berri gehiago banatzea ere. Gutun honen bidez hainbat azalpen eman nahi ditut, puntuz puntu aletuko ditudanak. Hain zuzen, eduki hauek guztiak izan genituen hizpide Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Departamentuko arduradunekin iragan asteazkenean izandako bileran. Iritzi, informazio eta ikuspuntuen trukaketa beti da aberasgarria, eta naturaren kontserbazioaren alde lanean ari diren elkarteekin ere gustura bilduko nintzateke, honetaz edo besteaz hitz egiteko. Nire bulegoko ateak denentzat daude irekita.
Hariari helduko diot:
· Bat: Angularen arrantza arautzea Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta udalok ez dugu inolako eskumenik, gure lur eremuan egiten den jarduera bat izan arren. Naturkonek dioen bezala, eta bileran Eusko Jaurlaritzak berretsi zigun bezala, aingira arriskuan dagoen espezie bat da, eta ikerlariek angula/aingiraren arrantza ia zerora mugatzeko eskatzen dute. Europatik ez ei dago debekurik. Nik argi dut, horrenbestez, azterketa zientifikoak aintzat hartu behar direla edozein kudeaketa erabakitzerako orduan, eta Jaurlaritzak adierazi beharko du indarrean dauden araudi eta kudeaketa-ereduek espeziearen leheneratzean laguntzen duten edo ez. Ezezkoa bada, berari dagokio bestelako neurri batzuk hartzea, debekua edota urte batzuetarako kanpaina ixtea, esate baterako. Beraz, ez dut dudarik ezer baino lehen espeziea babestu behar dela, eta, ezinbestez, angularen arrantza zientzialarien gomendioetara mugatu behar dela. Eta tradizioak ezin duela ekarri bioaniztasunaren galera.
·Bi: Halaber, arrantzaz ari garenean, uste dut bereizi behar direla txalupaz egiten den arrantza eta lehorretik egiten dena. Gurean, bigarrenak du tradizioa. Batak zein besteak galera horri egiten dioten kaltea ezin dira maila berean jarri, eta, beraz, modu ezberdinetan kudeatu behar dira.
·Hiru: Angula/aingira leheneratzeko neurriak ez dira arrantza arautzera soilik mugatu behar: plan integrala behar dugula uste dugu, eta halaxe transmititu genion bileran Eusko Jaurlaritzari. Arrantza kontuan hartzeaz gainera, Oria ibaiari begirako plan osoa behar dugu, besteak beste, honako gai hauei erreparatuko diena: Oria ibaiko habitaten leheneratzea (Angilaren gestio-planean jasota dago neurri hau); ibaiertzeko basoak leheneratzea, hezeguneak leheneratzea, uholde arriskuaren arazoari aurre egitea eta saneamendua. Oraindik ere, Aginagako ur zikinak kudeatu gabe isurtzen dira Oria ibaira; hots, Aginagako saneamendua egiteke dago, eta osorik gauzatuko den ez dago garbi. Laster hasiko ditu Añarbek lehen faseko lanak, Txokoalde aldekoak, baina Añarberekin egin genuen azken bileran ez zigun inolako ziurtasunik eman Aginagako obrak osoki burutuko zituztenik. Beraz, hor badago beste arazo handi bat, eta ez dezagun ahaztu Oria ibaia, Aginagaraino, Europako Natura 2000 sarearen barruan dagoela, eta, beraz, babestutako gune bat dela. Akaso, ez ote du espeziaren leheneratzean eragiten saneamendua ondo ez egiteak? Usurbilgo Udalean oso argi daukagu: kalte egiten duela ezin eztabaidatuzkoa da.
·Lau: Jaurlaritzak angularen arrantza lizentzia bidez arautzen du, eta, hain zuzen, horixe da eskatu duguna: lizentziak banatzeko modua aldatzeko eta bidezko sistema bat ezartzeko. Eskaera honekin ez gara ari eskatzen ez legez kanpoko arrantza normalizatzerik ez eta lizentzia gehiago banatzerik. Lizentziak eskuratzeko aukera 2008an eman zen, eta orduz geroztik ez da berritu. Beraz, dioguna da lizentziak eskuratzeko aukera denek izan beharko luketela, kopurua igo gabe. Zozketa bidez? Ez dagokit niri hori zehaztea. Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen gaiari heltzeko, eta aurtengo kanpainaren balorazioa egin ostean, berriz biltzekotan geratu ginen.
·Bost: Lizentziak banatzeko modua aldatzeak legez kanpoko arrantza amaiaraziko ote duen ez dakit. Segur aski, ez. Horregatik, horrela aritzen direnei ere deia egin nahi diet furtibismoa bertan behera uzteko. Ez naiz ni izango praktika hori sustatuko duena. Praktika horrek eragiten dituen arriskuak kezkatzen naute: gaua, errio aldamenean, tentsioa, poliziaren presentzia... Duela ez urte asko gure herrian herrikide bat zendu zen anguletan ari zela. Gerta daitezkeen ezbeharrek kezkatzen naute.
·Sei: Zuek bezala, nik ere angularen legez kanpoko, isilpeko salmenta salatu nahi dut. Horretan kontrolak areagotzeko eskatu genion Jaurlaritzari.
·Zazpi: Zazpi hilabete daramatzat alkatetzan eta, gai askotan bezalaxe, honetan ere ikasten ari naiz. Ikuspuntu ezberdinen berri izatea beti da aberasgarria, irizp ide eta jarrera propioa izateko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuet zuen ikuspegia helaraztegatik. Nik mahaiaren bueltan elkarlanean aritzeko eragozpenik ez dut. Noski, angularik gabe!
Angularen arrantza dela eta, gure azalpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu