Angela Davisek Euskal Herrian utzi zizkigun erronkak

2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Jada atzean utzi dugun Durangoko Azokan GITE-IPESek (Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea) bere Kartzela kalera. Emakumeak eta Kartzela liburua aurkeztu zuen. Horretan, pasa den otsailaren 5ean Bidebarrietan egin ziren ponentziak ikus ditzakegu. Hartan, Angela Davis zuzenean entzun ahal izan genuen. Ekitaldian, kartzelatzearen inguruko gaiak ikuspuntu kritiko batekin begiratzeko, horrelako gaietan generoaren perspektiba sartzeko eta eztabaidaren erdian emakumeen kartzeletako egoerak jartzeko gonbita zabaldu zen.

Angela Davisek Euskal Herria bisitatu izana gertakari historiko bat izan dela nirekin bat egongo zaretela uste dut. Nik neuk parte hartu nuen bertan hizlari gisa, Leire Martinezekin, Rafa Sainz de Rozasekin eta Cesar Manzanosekin batera. GITE-IPESek hizlari gisa gonbidatu ninduenean, bata eta txapinekin nengoen etxean lasai-lasai, neguko arratsalde ilun eta hotz bat baitzen. Hasiera batean ez zirudien lehenago egin ez dudan ezer eskatzen zebilenik, Angela Davisen izena elkarrizketara heldu zen arte, hura bertan izango omen zen entzuten, ileak ere zutitu zitzaizkidan. Niretzat hortxe amaitu zen elkarrizketa, Iratxek hizketan jarraitzen bazuen ere, harriduraren harriduraz ezin nion entzun. «Angela Davis Euskal Herrira datorrela eta nik parte hartzea nahi duzula?» Esan gabe doa baietz esan niola. «Eta beharrezko bada, oraintxe bertan korrika aterako naiz etxetik bata eta txapinetan». Zorionez, ez zen horrelakorik behar izan.

Davisek esateko zuena entzutea benetan aberasgarria izan zen eta ez bere mezuaren edukiagatik bakarrik, nork eta nondik esaten zuen ere ezin genezake ahantzi. Hirurogeita hamabi urteko emakume nagusi baina osasuntsu bat ikusteko aukera izan genuen, bizipozez beterik. Horretan, beganismoak eta yogak zer ikusirik badutela esango nuke ezbairik gabe. Orain queer teorien sustraietatik aztertzen diren kartzelatzeen gaietatik oso gertu dagoen emakume akademiko heldu eta aktibista bat ikusi genuen. Eztabaidetan eta gazteekin ideia berriak partekatzen eroso zebilela ikusten zitzaion, horrelako bat arras gustura ikusiko nuke gure unibertsitatean.

Bere bisita historikoa izan zen. Hainbat arrazoi daude hori esateko, baina bat azpimarratu nahiko nuke. Kartzeletako abolizionismoaren eta gizarteko zenbait ardatzekiko (genero, arraza, klase…) loturaren inguruko eztabaida egiteko gonbita zabaldu zigun. Horrek mugimendu sozialak, hausnarketak eta gure artean zeuden zenbait lan azalarazteko aukera eman du. Bide horretatik jarraituta, geure burua aberasteko zenbait galdera dauzkagu mahai gainean; esate baterako, gaur egun kartzelen existentzia hutsak zentzurik baduen edo ez, gure herrialderako zein gatazka irtenbiderako zein eredu nahi dugun eta abar. Baina, Davisen hausnarketak gure gizartea aztertzeko geureganatuko baditugu, zer ote dago egiteko marjinaturiko sektore kriminalizatuetan? Nola gauzatzen da arrazakeria? (horretan, ijitoek gure artean zein leku duten eta kanpotarrekiko tratamenduaz hitz egin beharko genuke), edo zein mezu gabiltza ematen baztertutakoen masa izatera pasa diren talde sozialei, emakumezko presoei esate baterako?

Horrelakoak izan ziren nire ponentziaren hizpide, liburuxkaren zati dira, hain zuzen ere. Zehazkiago hitz eginda, emakumeen kartzeletako egoeraz ari bagara, bi ezaugarri nagusitan laburbilduko nuke, kartzelako hardwer-a eta sofwer-a deskribatzen dituztenak, nolabait esatearren.

Hardwer-ak emakumeak dauden lekuak dira, mistoak deitzen dituzten baina benetan gizonezkoenak diren kartzelen barruan dauden leku txiki batzuk dira. Ez da kasualitatea gizonezkoen espazioari «orokorra (jenerala)» deitzea, aupa kartzelako esapide andozentristei eta beren jarrera patriarkalei! Kartzeletako espazioen banaketa geografikoari ere hardwer esaten diot, horietan emakumeek normalean sakabanaketa jasaten dute. Emakumeei eskaintzen zaizkien jarduerak gutxiago izateari ere hitz bera esleitzen diot; tailerrak, formakuntzako kurtsoak eta abar. Baita liburutegirako, gimnasiorako... sarreraaurkitzen dituzten zailtasunek ere.

Sofwer-a, berriz, emakumeen tratamenduak duen enfokea litzateke, sexista dudarik gabe, zuzentasunera zuzenduta, emakume on bat izatera heztera kanon patriarkalaren arabera. Hori argi ikusten da gaur egun eskaintzen zaizkien jardueretan (ile apainketa, josketa...) eta jasotzen ez dituzten jardueretan; hala nola lan merkaturako prestakuntza formazioak edo kirol jarduerak. Kartzela ezaugarri maskulinoak eta femeninoak muturreraino eramaten dituen leku bat da.

Emakumeek jasan behar izaten duten sexismoaren isla diren elementuak asko dira eta gaur egongo gizartearen errealitate patriarkala modu gordinean erakusten dute. Generoaren ardatz horrek klase sozialarekin, arrazarekin, orientazio sexualarekin... eskutik lotuta doa. Ez da halabeharraren nahia presoen gehiengoa ijitoez eta kanpotarrez osatuta egotea.

Horregatik, emakumeen egoera aztertzeari oso interesgarria deritzot, egungo sistema patriarkalaren inguruan emakumeen lekua aztertzeko. Kartzela gizartean nor garen eta nora goazen erantzuteko metaforatzat hartu eta, Angela Davisek iradokitzen duen bezala, berdintasunezko gizarte demokratiko batean kartzelek lekua duten edo ez aztertu. Pozik nago gai hau berrartzen ari dela ikustean. Pasa den astean, hain zuzen ere, GITE-IPES-ek kartzelaren jatorriak eta arrazoiak aztertuko zituen Bilboko La Bolsa eraikinean, isolamenduaren gainean arreta berezia jartzearekin batera. Eta, zorionez, deialdi gehiago izango dugu hilabete hauetan zehar. Beraz, adi eta jarrai diezaiogun eztabaidari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.