Andereñoen oihua

2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Andereñoak gara, frankismo garaian Elbira Zipitriaren pedagogia ezagutzeko aukera izan eta, klandestinitatean, Ikastolak ireki genituenetakoak. Elbirak indarrean zegoen eskola frankista ereduaren aurrean sortu zuen eskola iraultzaile haren aspektu asko geure egin genituen.

Hasiera eta geroagoko jarraipen hartan aritu ginenok arriskuak arrisku, pozez egin genuen tokatu zitzaigun lana, ez zegoen aukerarik, aurrera egin behar zen. Gaur, gure herriak bizi duen egoera itxaropentsu honetan, Elbirak Euskal Herriari, euskal kulturari eta aberriarekiko maitasunari ematen zion tokia eta trataera berretsi nahi ditugu. Uste dugu garaia dela pausoak emateko.

Gerra zibilaren ondorioz, gizartea bananduta, irabazi eta galdu zutenen artean. Handik urte batzuetara ETA sortu zen. Haren ekintzek eta prozesu berak taldearen aldeko eta aurkako jarrerak piztu zituen euskaldunon artean, elkarbizitza zailtzeraino.

ETAk egiten zituen ekintzen ondorioz, jendea sufritzen hasi zen. Gobernua, berriz, ETAren aitzakiaz, jada nahiko gogorrak ziren legeak gogortuz joan zen. Eta ez legeak gogortu bakarrik,beste zenbait ekintza ilun, susmopeko atxiloketa andana, eta torturak erabili ere bai, ia gaurdaino.

Sufrimendu hori desagertu eta egoera justiziaz konpontzeko, bi erakundeek aurrerapausoak eman behar dituzte. Azken urte honetan, ETAk ez du ekintzarik egin, eta gizartearen zati bat, behintzat, hori benetakoa delaikusten ari da; beste aldean daudenek, ordea, oraindik sufritzen jarraitzen dute: epaiketa egin gabe urtetan kartzelan edukitzen dituzte, gero horietako asko kargurik gabe kalera aterako badira ere. Beste batzuk, nahiz eta zigorra beteta izan, ez dituzte askatzen. Atxilotu askori torturapean egindako adierazpenetan oinarritutako epaiketa egin eta adierazpen horiei zegokien zigorra ematen zaie.

Gaixotasun larriak dituztenen eta urrutiratzea pairatzen dutenen sufrimendua ere areagotu egiten da. Hala, gaurko legediari eta bere interpretazioari ezin diogu justizia deitu.

Euskal Herrian bizi garenok,errespetuan oinarriturik, geroa elkarrekin eraikitzen hastea aldarrikatzen dugu. Gizartea elkartasunez osatuz, ditugun arazo sozial eta ekonomikoak ere, errazago gaindituko ditugu. Gizarte normalizatueta orekatuagoan bizi nahi dugu.

Elkartasuna adierazi nahi diegu presoen senideei, ziega barruan horien zain daudenei, torturaren beldur beraien herritik ihes egindakoei, gatazka hau dela medio senitartekoren bat galdu dutenei, gatazkaren ondorioz ahazten zailak diren zauriak jasan dituztenei eta mehatxupean bizi izan diren eta direnei.

Gure herriaren aurrerabidea geldi ezinekoa da. Giza Eskubideekin bat eginez,herri hau justiziaz aurrera bidean joan dadin nahiko genuke.

Hauek sinatu dute testu hau: Kontxita Beitia, Mari Karmen Oiarbide, Nekane Auzmendi eta Arantza Allur, aspaldiko andereño batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.