EHU-ko doktoregaia

Anbizioa eskailera hierarkiko bat da?

Ane Izagirre Arratibel
2025eko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zein momentutan hasi gara sinesten aspirazioa eta anbizioa lanpostuaren goranzko eskala batean eta diru sarreretan neurtzen direla? Lehengoan izandako eztabaida batengatik, gaia darabilkit buruan. Hausnarketarako gogoa eta kezka piztu zidan neurri berean. Eztabaidaren abiapuntua agian ezaguna zaizun baieztapena izan zen: «Funtzionarioek ez dute anbiziorik, ezta aspiraziorik ere; segurtasuna (ekonomikoa eta egonkortasuna) bilatzen dute. Nik, berriz, erronka berriak, lanpostu berriak eta etengabeko hobekuntza ditut helburu». Egia da, bai, ondoren atzera egin zuen eta esaldia gaizki «formulatu» zuela esan zuen; ez iritzia aldatu zuela, ordea. Laburpena: aspirazio profesionala izatea igoera ekonomikoa eta lanpostu altuagoak nahi izatean datza.

Jarraian mahaigaineratu zuen galdera honakoa izan zen: «Zergatik nahi izaten du ba jendeak funtzionarioa izan, segurtasunagatik ez bada?» (sorpresa, hemen ere segurtasuna erdigunean). Galdera horretan eta lehenengo baieztapenean langile publikoekiko dagoen estigmaz gain, nire kezka eta zalantza beste bat da: ez al dago egun funtzionario izateko beste arrazoirik? Ez naiz ni izango egonkortasuna gaur egungo testuinguruan gutxietsiko duena, baina beste arrazoi batzuk ere badirela pentsatu nahi dut. Izan ere, nola iritsi gara gure lanaren helburua eta funtzioa soilik indibiduala dela pentsatzera? Eta nola iritsi gara banako gisa «gora» heltzean zentratuak egotera, eta gizarteari eskaini nahi eta ahal diogunari, gure lanpostuak gizartean duen eraginari, edota lan egiten dugun egiturak gizartean duen lekuari muzin egitera? Badakit faktore garrantzitsu bat egungo lan merkatuan topatzen dugun prekaritatea eta ziurgabetasuna direla, baina horiek kudeatzeko bide ezberdinak daude, eta horien artean indibidualtasuna da gailentzen ari dena.

Anbizio eta aspirazio kontzeptuetara itzulita, ingurukoek nola ulertzen zituzten ikusteak harritu ninduen. Elkarrizketan zehar kontzeptu hauei erantsitako ezaugarriak honakoak ziren: inkonformista izatea, «arriskatzeko» beldurrik ez izatea, auto-hobekuntza etengabea mantentzea eta prozesua makaltzen duena aldatzea (enplegua edo ohiturak, esaterako), prozesuaz gozatzea (helmuga zehatzik duen hobekuntzaren ibilbide amaigabean), lanpostuz igo nahi izatea, auto-eragilea izatea… Nire buruan, bitartean: «Lanpostuz igotzeko asmorik ez duen pertsona batek ezin al du anbizio edo aspiraziorik izan?». Galdera pentsatu orduko unibertsitateko graduondoko bateko 50-60 urteren bueltan dabiltzan nire ikaskideez oroitu nintzen.

Atzetik, beste batek: «Urteak prestatzen ematen dituzten mediku, erizain, epaile, ikerlari… langile publikoak denak, ez al dute anbiziorik?». Kontuz, jaso zuen erantzuna gogorra da: «Hori bokazioa da». «Ala, izorrai», pentsatu nuen nire artean. Ez hori bakarrik, eztabaida osoan ez ziren aipatu ere egin adin txikiko zein nagusiko pertsonen zaintzan lan egiten duten langileak, igeltseroak, lorezainak, garbitzaileak, nekazariak… Lan horiek ez dirudite lehiakorrak, eskalagarriak, auto-hobekuntzarako giltzarriak, eta azken batean, aspirazionalak.

Galdera egin zuena irakaslea da, eta bere anbizioa ikasle guztiek aprobatzea zela esan zuen. Nire ikastaro bera egiten ari diren gizarte langileen motibazioa «praktika profesionala hobetzea» da, «herritarrei arreta hobea eskaintzea». Anbizioa ez da zertan eskala ekonomiko eta hierarkiko batean neurtu. Nire kideak ere, inkonformistak, arriskatzen dutenak (hausnarketak norberaren errebisioa ere ekartzen duen heinean), prozesuaz gozatzen dutenak eta auto-eragileak dira; enpresa pribatuetan lanpostuz igo edo auto-hobekuntza bultzatzeko lanez aldatzea erabakitzen duena bezainbeste (edo gehiago).

Ez hori bakarrik, eztabaida hau guztia erdiko klaseko pertsona zurien artekoa izan zen, merkatu pribatuan lan egiten duten gizonek bideratua, bereziki. Garrantzitsua da honetaz jabetzea bakoitzaren anbizio eta aspirazioen abiapuntua zein den jakiteko. Izan ere, lan anbizioaz ari garela aintzat hartuz, azken galdera bat sortu zait: Nola neur liteke bizirauteko hil ala biziko bidaia bat egin, maite dituenak utzi, oztopo fisiko, administratibo, kultural eta sozialak jarriko dizkion herrialde berri batera etorri, eta lan egitea helburu duen pertsona baten aspirazioa?

Mahaikideek esango dute agian ez nuela ondo ulertu esan nahi zutena, «guztia erlatibizatu» nuela. Nik, ordea, defendatzen jarraituko dut anbizioa eta aspirazioa ez direla zertan igoeran eta eskalatzean oinarritu, ez eta helburu indibidualetan ere. Ikuspegi hau ikuspegi neoliberala da, uste baino gertuago dago eta barneratua daukagu. Horretaz konturatu nintzen lehengoan izandako eztabaida horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.